Amañako Jantaedan-ek irabazi du gilda lehiaketa
Euskeraz primeran! kanpainaren barruan …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako I. Gilda-lehiaketak badu irabazlerik. Epaimahaiak emandako saria Amañako Jantaedan-entzat izan da. Bertako gildaren “itxura, originaltasuna eta zaporearen arteko oreka” azpimarratu dute epaimahaikideek, eta baita erabakia hartzea ez dela erreza izan ere, “maila altua egon da lehiaketan”. Demaseko lana izan dute Ruben Etxaniz, Mireia Alonso, Josu Gimenez eta Josu Mugerza epaileek, bi egunetan 27 gilda dastatu behar izan dituzte-eta.
Herritarrek ere euren botoa emateko aukera izan dute lehiaketan. Horretarako bozketa-kutxak eta orriak banatu ditugu tabernetan, eta herritarrek ere oso ondo erantzun dute: 2.000 boto inguru jaso ditugu, eta horiek zenbatu eta gero, herritarrei gehien gustatu zaien gilda Koskor tabernakoa izan da.
Horrez gainera, botoa eman duten herritarren artean Eibar-Sevilla partidurako bi sarrera zozketatu ditugu eta irabazlea, Caserio tabernan bozkatu zuen Manolo Cid izan da.
Lehen Gilda-lehiaketak erantzun ona izan du Eibarko tabernarien artean, guztira 27 tabernek eman dute izena. …eta kitto! Euskara Elkartearen izenean, irabazleak zoriontzeaz gainera, eskerrak eman nahi dizkiegu lehiaketan parte hartu duten tabernei, bozkatzen jardun duten herritarrei eta epaimahai-lanetan jardun duten lau adituei.