San Andres Bertso Paper lehiaketako irabazleak aukeratu dituzte
…eta kitto! Euskara Elkarteko bertso-taldeko epaimahaiak aukeratu ditu aurtengo San Andres Bertso Paper lehiaketako irabazleak. 16 urtetik beherakoen mailan, irabazlea Nile Arrizabalaga Arakistain izan da eta bigarrena, berriz, Helene Egiguren Kortazar. Helduen mailan Euskal Herri osoko dozena bat lan iritsi dira …eta kitto!-ra. Irabazlea Oñatin bizi den Urko Egaña azpeitiarra izan da eta bigarren postua Iñigo Legorburu hernaniarrak bereganatu du.
Irabazleek datorren barixakuan, azaroak 27, Coliseo antzokian egingo den San Andres Bertso Jaialdian jasoko dituzte sariak. Aurtengo saioan boskote bikainak jardungo du: Aner Peritz, Andoni Egaña, Irune Basagoiti, Xabat Illarregi eta Aitor Etxebarriazarragak Jon Mikel Mujiaren aginduetara jardungo dute 20:00etatik aurrera. Sarrerak egunean bertan jarriko dira salgai Coliseoko leihatilan.

