Amat Vallmajor: “Argi nuen filmatzen nuen lehen pelikulak Eibarko osaben inguruko zerbait kontatu behar zuela”
Txomin eta Gerardo ‘Gene’ del Pozo anaiakdira pelikularen protagonistak (Amaten osabak). Txomin arkeologoa da eta Generen osasun egoera ez da batere ona. Orduan, Txominek Marten azterlan bat egiteko enkargua jasotzen du eta bidaia hasten dute biek. Bidean Mila arrebarekin egiten dute bat (Amaten ama) eta familiako kexu zaharrak azaleratzen dira, Generen egora okertzen den bitartean. Dena dela, misioarekin jarraitzea erabakitzen dute eta mamu batzuen eta Jesukristo beraren laguntza jasoko dute Martera heltzeko.
Nolatan hasten da Eibartik Martera doan misio bat?
Ama Eibarren jaio zen eta Txomin osaba Eibarren bizi da oraindik. Beraz, protagonistak eurak direnez, misioa Eibartik hasi behar zen nahita nahiez. Hain zuzen ere, Iparragirre kalean hasten da, Txomin bertan bizi delako. Pelikulak Txomin eta Genek Martera egiten duten bidaia kontatzen du, eurek eta nik neuk Euskal Herria eta Katalunia artean autoan egindako bidaietan oinarrituta. Asko gustatzen zitzaidan eurek kontatutako istorioak entzutea eta hortik etorri zitzaidan inspirazioa.
Txikitatik izan duzu filmean erakusten duzun irudimena?
Pixka bat bai. Agian nik ez hainbeste, baina osabek beti izan dute imajinazio handia, eta euren istorioak entzuten ibili naizenez, beti liluratu nau euren alboan egoteak. Berba asko egin eta asko hausnartzen duen familiatik datoz. Horregatik, argi nuen filmatzen nuen lehen pelikulak Eibarko osaben inguruko zerbait kontatu behar zuela.
Pelikula Euskal Herri post-apokaliptikoan kokatzen da. Zentzu horretan, Eibarrek aukera onak eman dizkizu hori guztia irudikatzeko?
Zalantza barik! Txontan grabatu genuen hango fabriken eta autopistaren zubiaren artean, Iparragirren osabaren etxean... Toki post-apokaliptikoa dela sinetsi dezakezu (barreak).
Osabak eta ama dira pelikulako aktoreak. Zergatik eurak eta ez, adibidez, aktore profesionalak?
Eurak hor egonda, zergatik euren papera egingo duten aktoreak hartu? Izan ere, inork ezingo luke lana eurek bezain ondo egin. Zoragarria izan da eurekin lan egitea, asko maite ditudalako eta elkar oso ondo konpontzen garelako. Niretzat lehen aldia izan da pelikula bat zuzentzen eta eurentzat ere lehen aldia izan da antzezten. Beraz, guztion artean egindako aurkikuntza izan da.
Nola sortu zen pelikula egiteko aukera?
Elias Querejeta Zine Eskolan Sorkuntza Masterra egiten ari nintzen eta bertan hasi zen proiektua garatzen. Sarritan joaten nintzen Txomin ikustera eta lehen probak egiten hasi nintzen, irudiak hartzen, eta Eibarko tailer hutsak, fatxadak eta osabak ezagutzen dituen mila toki filmatzen.
Pelikula zeluloidean eta zuri-beltzean grabatu duzu. Zergatik?
Zine Eskolan zeluloidean eta zuri-beltzean grabatu ahal izateko materiala nuenez, aprobetxatu nahi izan nuen, pelikula honentzat formatu egokiena zela iruditzen zitzaidalako. Izan ere, egokia da bertan ordezkatuta azaltzen den belaunaldiarentzat, bilatzen nuen estetikarentzat (post-apokaliptikoa, grisa eta dekadentea), eta abar. Zuri-beltzak eta zeluloideak hori guztia nabarmentzen duen testura ematen dio pelikulari.
Musikari dagokionez, Hertzainak taldearen argitaratu gabeko abestiak erabili dituzu. Nola lortu dituzu?
Gene Hertzainak taldearen fundatzaileetako bat da. Musikari bezala inoiz ez zuen taldearekin jo, baina bandaren fundatzaile ideologikoetako bat izan zen eta lehen albumeko zenbait abestiren letrak idatzi zituen; besteak beste, ‘Ezer ez da berdin’ eta ‘Si Vis Pacem Parabellum’. Taldekideak autoan entseguetara eramaten zituen, soinu-teknikari lanak egiten zituen... Baina taldea profesionalizatu zenean taldetik kanpo egin zuen bidea.
Kartelak duen punk estetika pelikulan islatzen da?
Pelikulak pertsonaiek ematen dioten punk espiritua dauka. Eurek duten eta hainbeste gustatzen zaidan espiritu hori berreskuratu nahi nuen. Belaunaldi kontua da eta gaur egun galtzen ari da pentsatzeko eta ekiteko modu hori. Pena ematen dit, baina ulertzen dut historiako momentu bakoitzak bere berezitasunak dituela eta sasoi bakoitzean jendeak modu batean ekiten eta erantzuten duela. Orduan, osabek asko eragin didatenez, eurek lagatako arrastoa irudikatu nahi nuen.
Nolako misioa da gaur egun pelikula bat sortzea?
Zaila. Berez okina naiz, hori da nire lanbidea. Pelikulak poztasun asko ekartzen dizkit eta asko gustatzen zait pelikula alde batetik bestera mugitzea. Xixonen aurkeztu genuen, Pontevedran egon ginen ondoren, orain Berlinetik etorri berri gara, Bartzelonara goaz datorren hilabetean... Pelikula ondo mugitzen ari da eta zoriontsu egiten nau horrek, baina ez naiz horretan profesionalki aritzen. Agian etorkizunean pelikulak egiten jardungo dut, ia horrela den, baina momentuz okindegiko lanarekin uztartu behar dut. Horregatik, zaila da, gauza bietan ibili behar naizelako, baina pozik nago.
Lehen pelikula izanda, gainera, oso harrera ona jaso du.
Bai, eta horregatik diot pelikulak poztasun asko ekarri dizkidala, baina argitu beharra dago hau ez dela nire ogibidea.
Jaialdietan ibili zarete, baina, bestela, pelikula non ikusi ahal izango dugu?
Nahi baduzue, esteka bidaliko dizuet Internet bitartez ikusi ahal izateko. Bestetik, udan zinemetan ikusteko aukera egongo da, baina oraindik ez dakigu zehazki zein aretotan egongo den ikusgai. Galizian saria irabazi genuen, badakit ziur bost zinematan egongo dela (Galiziako bitan, Madrilgo baten, Mallorcako batean ere eta Bartzelonako beste baten). Horrez gain, beste zinemaren batean emateko ahaleginak egiten ari gara; adibidez, Gironan (bertakoa naizelako) edo Euskal Herrian (pelikularen gaiak bat egiten duelako lurraldearekin). Donostian bizi naiz, eta ea Tabakaleran jartzea lortzen dugun edo, zergatik ez, Eibarren. Ba al dago zinema-aretorik Eibarren?
Astebururo pelikulak ematen dituzte Coliseo antzokian.
Bikain! Orduan, presio egiten saiatuko gara pelikula bertan emateko (barreak).