Amesti tabernak irabazi du pintxo lehiaketa
Arrate Kultur Elkarteak antolatutako XI. Pintxo Lehiaketako epaimahaiak, eguazten eta eguen arratsaldez taberna batetik bestera pintxoak probatzen ibili eta gero, gaur arratsaldean eman dituzte ezagutzera aurtengo irabazleak: Pintxo Onenari Saria Amesti tabernako "Apirilak bost" izenekoak irabazi du; bertako produktuekin egindako pintxo onenari saria, berriz, Trinketeko "Sorpresa" izan da; horrez gain, Josu Gimenez, Ruben Erro eta Unai Magunazelaia epaimahaikideek aipamen berezia egin diote Hirurok tabernako "Luna de parmesano" pintxoari, "zaporeen konbinazioarengatik" eta horrek jaso du, hain zuzen, bezeroen botoek erabakitzen duten Publikoaren Saria. Aurten 33 tabernak eman dute izena lehiaketan parte hartzeko eta antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten guztiei, "pintxoak prestatzeko zein aurkezteko orduan erakutsitako ilusio eta lan izugarriarengatik" eta aurkeztutako pintxo guztien kalitatea azpimarratu dute. Horrekin batera, Eibar Merkataritza Gune Irekiari eta udalari lehiaketa antolatzeko orduan emandako laguntza eskertu nahi dute. Sariak San Andres egunean banatuko dituzte.