Amesti tabernak irabazi du tabernarien arteko pintxo lehiaketa

Amesti tabernak irabazi du tabernarien arteko pintxo lehiaketa
2012/11/27 00:00
eta kitto!

Pintxo Onenari Saria Amesti tabernaren Aixola pintxoak eskuratu du aurreko astean jokatutako IX. Eibarko Pintxo Lehiaketa San Andres Sarian, epai-mahaikoen berbetan "merkatuarekin bat egiten duen pintxoa izateaz gain, freskotasuna, soiltasuna eta prezio egokitua duen pintxoa" izateagatik. Bertako produktuekin egindako pintxo onenari saria eman barik lagatzea erabaki dute eta aipamen berezia jaso dute, bestalde, Txoko tabernaren Zapore fusioa (zapore konbinazioarengatik) eta Paulaner tabernaren Paulaner (egoste punto egokiarengatik eta gazi eta gozoaren arteko konbinazioarengatik). Publikoaren saria, berriz, Cepa tabernaren On egin! pintxoarentzat izan da.
Lehiaketa antolatu duen Arrate Kultur Elkarteak eta eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten tabernariei "pintxoak prestatzeko orduan eta aurkezpenean beraien ilusio eta lan izugarriarengatik" eta epai-mahaiko kideak izan diren Vicente Belda, Ruben Erro eta Unai Magunazelaiak pintxoen kalitatea eta aukeraketa egiteko izandako zailtasunak azpimarratu dituzte. Irabazleei sariak San Andres egunean, azokako eta San Andres kartel lehiaketako irabazleekin batera emango dizkiete.