Amillategi eta Gil Gipuzkoako 2. Mailako Eskuz Binakako txapeldun

Klub Deportiboko kadeteek joan den domekan Oiartzunen jokatutako finala irabazi zuten
Amillategi eta Gil Gipuzkoako 2. Mailako Eskuz Binakako txapeldun
2025/11/12 10:19
Ekhi Belar

Liher Gil eta Aratz Amillategi kadeteek Gipuzkoako 2. Mailako Eskuz Binakako txapela jantzi dute. Eibarko Klub Deportiboko pilotariek domekan, azaroaren 9an, jokatu zuten finala, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan, Hernaniko bikotearen kontra, eta ez zuten aukera alferrik galdu, txapelketa ikusgarriari ginga jarriz.

Karteldegia

Aste honetako karteldegiari dagokionez, barixakuan, azaroaren 14an, Euskuz Banakako Gipuzkoako Txapelketaren ligaxkako lehen paseko partiduak jokatuko dira Astelena frontoian. 18:30ean, Azpilikueta jubenilak Oiartzungo Alvarezen aurka jokatuko du, Segurolak Villabonako Cestauren kontra, Gil kadeteak (atsedenik gabe) Estenseoro izango du arerio eta Urkiaga jubenilak Beasaingo Sanchez.

Zapatu arratsaldean senior mailako federatuen txanda izango da. Horrela, Gisasola Oiartzungo Lasaren aurka arituko da, Amuategik Tolosako Castro izango du aurrean eta Ibarrak Tolosako Iraeta.

Etxetik kanpo, senior mailan, Condek Zumarragan jokatuko du Vianaren aurka, Amillategik (atsedenik gabe honek ere) Villabonan Iparragirreren kontra eta Del Rey jubenilak Errenterian Bouasakari egingo dio aurre.

Errendimenduko gazteek ere etxetik kanpo jokatuko dute barixakuan, Gipuzkoako Txapelketako lehen faseko azken jardunaldian: Segurolak Zarauzko Aritzbatalden jokatuko du Orioko Ospele klubeko Rezabalen aurka; Arriolak Garitanoren aurka jokatuko du Bergaran; eta Atxak Azpeitiko Frontoi Txikian jokatuko du Goenagaren aurka.

Datorren astetik aurrera, Deporreko errendimenduko infantilek Gipuzkoako Txapelketaren bigarren faseari ekingo diote, Mendebaldeko fasean, Deba arroko kluben artean.