Ana Alberdi Zubia, Emakundeko idazkari nagusia: "Genero indarkeria ezberdintasunaren ondorio zuzen-zuzena da"
- Nolako animoarekin heldu diozu karguari?
Animo guztiarekin, nola ez! Aurretik ere badaramatzat 18-20 urte honetan beharrean, lana nolakoa den badakit, lankideak ezagutzen ditut eta, alde horretatik, badakit lantaldea egin beharrekoak aurrera ateratzeko gauza badela, sasoia edozertarako egokiena izan barik ere.
- Hasiera hasieratik murriztutako aurrekontuarekin ekin beharko diozue beharrari. Murrizketek zertan eragingo dute?
Toki guztietan gertatu den moduan, gurean ere murrizketak egin behar izan dira. Hala ere, gure asmoa orain arteko ekintza guztiei eustea da, nahiz eta hori posible izateko beste formula berri batzuk bilatzea beharrezkoa izango den. Aurten Martxoaren 8aren ingurukoen zabalkundean, adibidez, teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak baliatu ditugu eta papera bakarrik beharrezkotzat jo ditugunetan erabili dugu. Horrela gastuak merketzea lortu dugu. Ezin izango da gauza bera egin kasu guztietan, argitalpen batzuk oraindik ere paperean ateratzea garrantzitsua dela uste dugulako, baina beste batzuetan teknologiak eta bestelako baliabideek gastuak murrizteko aukera emango digute.
- Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritza desagertu arren, ez omen da atzerapausorik emango biktimen arretari dagokionez. Zein asmo duzue hori lortu ahal izateko?
Genero indarkeria, zalantza barik, oso arazo larria da, kaleratzen diren arazoen artean larriena. Bestalde, guk oso argi daukagu genero indarkeria ezberdintasunaren ondorio zuzen-zuzena dela. Edozein modutan ere, orain arte eskaintzen jardun dugun zerbitzu eta errekurtso guztiak eskaintzen jarraitzen dugu, kargua desagertu arren: 24 ordutan biktimei arreta emateko telefonoa, diru-laguntzak eta beste guztiak orain arteko moduan, berdin ematen jarraitzen dugu, horretan ez da murrizketarik izan. Bestalde, indarkeriari aurre egiteko garatutakoak egokiak diren ala ez aztertzeko, zertan hobetu behar dugun pentsatzeko eta beste kontu batzuk lantzeko hainbat bilera egiten dihardugu eta koordinazio-lana indartzeko asmoa ere badugu. Horiekin guztiekin batera, genero indarkeriari lotuta agertzen doazen gai eta arazo berriei (emakumeen-trata…) erantzun ahal izateko prestatzen dihardugu.
- Berdintasun Plana ere lantzen diharduzue. Nondik nora joango da, zeintzuk izango dira ildo nagusiak?
Legealdi berriari ekiten zaion guztietan plan berria egiten da edo, behintzat, aurretik zegoena begiratu eta gaurkotu. Plana lantzeko orduan parte-hartzerik zabalena izaten ahalegintzen gara, besteak beste plana EAEko erakunde ezberdinetarako gida modukoa izango delako. Konsultatzeko tartea zabaltzen da, hasieran arduradun politikoekin eta, behin hori amaituta, irailean kontsulta publikorako gertu egotea espero dugu.
- Emakundek 25 urte bete ditu eta zu bertan izan zara beharrean ia urte guzti horietan. Esku artean dauzkazuen guztiekin Emakunde beharrezkoa dela begibistakoa da, baina horrelakoen preminan izango ez garen egunen bat ailegatuko da inoiz?
Horrelako egoera ailegatzeak oso luze joko du, besteak beste gizarte batean balioak ez direlako egun batetik bestera aldatzen. Gizartea edozelakoa dela ere, bertako balioak aldatzeko denbora asko pasatu behar da derrigorrez. Egia da, hala ere, hainbat arlotan aurrerapauso izugarriak eman direla, baina balioei lotutako kontuetan aldaketa askoz ere astiroago ematen da. Denbora luzeari, gainera, hezkuntza eta beste guztien inplikazioa gehitu behar dizkiogu inoiz benetan berdintasuna lortuko badugu.