JULEN AXPE: “Furgonetan bizi nintzenean, bizitza osoa zen show-a, baita antzokitik kanpo ere”
Alex O’Dogherty umoregileak maiatzean bakarrizketa saioa eskaini ondoren, aste hauetan etorriko da Komedia Fest jaialdiaren mamia. Julen Axpe bizkaitarrak ‘Camino al Existo’ ikuskizuna eskainiko du hilaren 13an, 20:30ean, Hezkuntza Esparruan, eta ondoren etorriko dira Jon Plazaola, Agustin Jimenez, Sara Escudero, Gorka Aguinagalde eta Carolina Noriega.
Futbolzale amorratua, Julen Axpek furgonetan hara eta hona ibiltzen hasi zuen bere bidea umoregintzan. Baina ez toki batetik bestera ibiltzeko bakarrik, furgonetan bertan eskaintzen baitzituen (eta ditu oraindik) saioak. Handik eszenatokietara egin zuen jauzi eta, bere pasioari jarraituz, DAZN katean Athletic Club-en eta Osasunaren partiduetako euskarazko esataria da, neurketak kontatzeko estilo originalarekin.
- Komedia Fest jaialdiaren sarreretan deskontua edukitzeko KF25ETAKITTO kodea sartu.
- Eta Julen Axperen saiorako bi sarrera bikoitzen zozketan parte hartu nahi baduzu, sakatu hemen.
‘Camino al Existo’ da zure saioaren izenburua. Nola hasi zenuen bidea umorearen munduan?
Apur bat kasualitatez. Arraroa da txikitan esatea bakarrizketaria edo umoregilea izan nahi duzula. Nik futbolaria izan nahi nuen, baina ez zitzaidan ondo irten, urrun geratu zen nahi hori. Hori bai, futbolak eraman ninduen Bartzelonara, 3. mailan jokatzera joan nintzelako, eta han Arte Eszenikoak ikasteko aprobetxatu nuen. Gero, gidoigintza ikastaro baten bitartez umorearen munduan sartu nintzen eta hor bide bat ikusi nuen, gustatzen zitzaidalako, baina ez nuen pentsatzen hori egitetik biziko nintzela!
Beti eduki duzu barrea eragiteko trebezia?
Mugitua izan naiz eta katxondeoan ibiltzea gustatu izan zait, baina gauza bat da hori eta beste bat profesionalki barrea eragitea. Espektatibarik ez dagoenean errazagoa da barrea eragitea, baina baten bat zu ikustera joan bada barre bila, teknika eta esperientzia behar da hori eragiteko.
Beraz, ezinbestekoa da lanketa egitea?
Bai, eta lotsa kentzea ere entrenatu egiten da. Ni neu ez naiz pertsona berdina gaur egun edo orain dela sei urte. Sasoi hartan gaur egun egiten ditudan gauzak ikusiko banitu, harritu egingo nintzateke. Orain lotsa hori galdu dut, eta maite nautenek lotsa sentitzen badute, lasai egoteko esaten diet, pozik bainago.
‘Furgonologo’ bezala hasi zenuen ibilbide umoristikoa. Nola sortu zitzaizun ideia hori?
Bakarrizketaria izan nahi nuen eta Bartzelonan furgoneta batean bizi nintzen. Etxeen alokairuak altuak dira eta arteari eskaini nahi nion bizitza, beraz, sorkuntzarako, ideiak pizteko, bizirik sentitzeko eta abar ideia ona zela pentsatu nuen. Furgonetan asko bidaiatzea gustatzen zaidanez, pentsatu nuen ondo egongo zela furgoneta antzoki bihurtzea eta herriz herri joatea. Profesioa nire bizitzarekin lotu nahi nuen. Furgoneta eta monologo hitzen batura da ‘Furgonologo’.
Urte asko ibili zara furgonetan. Mila pasarte bizitzeko aukera emango zizun, ezta?
Bai! Bartzelonan bizi nintzenean bideoak egiten nituen, sketch-ak… Bizitzako kontuak kontatzen nituen bertan. Bakarrizketak eskaintzeko momentuak izaten ziren nire bizitzako une normalenak, hortik kanpo furgonetan bizi nintzelako, kirola egiten nuelako dutxatu ahal izateko, edozein modutan moldatzen nintzelako arropak garbitzeko… Gauza horiek egiteko moduak bilatu behar nituen. Bizitza osoa zen show-a, baita antzokitik kanpo ere.
Furgonetako bizitza horretan gertatzen zitzaizkigun gauzak bakarrizketan gehitzen zenituen?
Bizitzako istorio horiek sketch-etan lantzen joan nintzen. Hori zen nire terapia. Emozio bat enkistatuta ez geratzeko, gidoia idazten nuen eta gero umoretik landu eta atera. Bakarrizketetan, pasarteak baino, ordura arteko ibilbidea nolakoa izan zen aipatzen nuen.
Aita izan berri zara. Furgoneta aparkatuta laga duzu?
Kustodia kenduko didate (barreak). Saioei dagokienez, udan edukitzen dut mugimendu gehien eta herriz herri ibili naiz furgonetan. Orain, negua datorrela, aretoen sasoia hasiko dut. Eibarren ezingo dut furgoneta eszenatokian sartu, beraz, akabo furgonetaren sasoia.
Futbolari moduan ez zenuen bidea egin ahal izan, baina bai partiduen narratzaile bezala. Nola iritsi zitzaizun hori egiteko aukera?
Hori ere kasualitatez! Toki batetik edo bestetik nire izena iritsi zitzaien DAZN-ekoei. “Hori ez dakit egiten”, pentsatu nuen eskaini zidatenean, baina bakarrizketari bezala ari nintzen, komunikatzailea nintzen moduren batean, eta nire modura egingo nuela pentsatu nuen. Umoretik komunikatzen dut eta futbola ere ikuspuntu horretatik kontatu nahi nuen. Ez naute bota, beraz, nire tontokeriak ondo hartzen dituztela dirudi (barreak). Hiru denboraldi daramatzat dagoeneko. Ea Eibar Lehen Mailan ikusteko aukera dudan! Bere partiduak kontatzea gustatuko litzaidake.
Zure narrazioek zeresana eman dute originaltasunarengatik, ezberdinak direlako.
Bai. Esan bezala, ez nator ohiko narratzaileen mundutik. Ez dakit narratzaile izateko zein bide egin behar den, kazetaria izan edo ez dakit, baina ni antzoki batean bakarrik hitz egitetik nator. Umore kutsua ematea eta bat-batekotasuna gustatzen zaizkit, beti positibismoz. Badakit jendeak futbola nola ikusten duen, baina nire ikusteko modutik saiatzen naiz partiduetan ikusten dudana igortzen.
Behintzat, neurketa gatzgabea bada, barreak ez dira falta.
Hori gustatzen zait, partiduei txispa ematea. Zorionez, Athletic-en momentu ona harrapatu dut eta Osasuna ere ondo dabil.
Futbola gustatzen zaizu eta komunikatzeko erraztasuna duzu, baina partiduak aurretik prestatu behar dituzu?
Zorionez, beti izan naiz oso futbolzalea, nahiko frikia, eta talde eta jokalari guztiak ezagutzea gustatu izan zait. Gaur egun ere asko jarraitzen dut futbolaren egunerokoa eta, nahi barik, partidura taldeak eta jokalariak ondo ezagututa heltzen naiz. Hortik aurrera, bi taldeen arteko aurreko lehiak nolakoak izan diren ikusten ditut, datu batzuk batu, abesti pare bat pentsatu eta aurrera.
Esan duzun bezala, sasoi ona da Athletic-zaleentzat, ezta?
Oso ona! Otxandiokoa izanik, Athletic-zaleak gara gehienok eta Athletic-en jokatzea zen nire txikitako ametsa. Gero, Realean probak egin nituen, Alavesen jokatu nuen… baina Athletic-zalea izan naiz beti. Zaletu moduan, asko gozatzen dut bere partiduak kontatzen, baina profesionala ere izan behar naiz eta Cadizen edo Oviedoren partidu bat euskaraz kontatu beharko banu, pasio berarekin kantatuko nituzke golak.
‘Camino al Existo’-k ere Athletic-ekin lotura estua du, baina ez gaur egungo sasoi arrakastatsuko istoriekin, ezta?
Ikuskizun hau Athletic-etik eta futboletik harago doa. Porrotarekin dugun elkarbizitza, porrotari buelta nola ematen diogun… Umorearen bitartez, kontu horiek eguneroko bizitzara eramaten saiatu naiz, irakaspenak jasoz. Denok galdu dugu zerbait bizitzan zehar, futbolean zein maila pertsonalean. Begira Eibarri azken urteotan gertatu zaiona, azken momentuan mailaz ezin igota, baina hortik ere zerbait ateratzen da. Gero, garaipenak datozenean, beste modu batean bizitzen direlako. Ez da gauza bera beti irabazten duen talde bat bazara.