JON ALONSO: “Go!azen telesailean parte hartzea oso aberasgarria izan da niretzat”

Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute ‘Go!azen 12’-ren lehen atala. Aktore berrien artean da Jon Alonso eibartarra: Roke izango da, Basakabiko ikasle berria. Laster izango da ikusgai ETBn edo Makusi plataforman. Esperientzia oso aberasgarria izan dela dio Alonsok.
JON ALONSO: “Go!azen telesailean parte hartzea oso aberasgarria izan da niretzat”
2025/09/05 10:51
eta kitto!

Artista gisa definitzen da Jon Alonso, 22 urteko eibartarra. Makina bat lan egin ditu azken urtean abeslari bezala: ETB-ko ‘Ztanda’ saioa, ‘ODE’ taldea, apirilean bakarka Coliseon egin zuen ikuskizuna… Orain bestelako disziplina batera egin du salto. ETB-ko ‘Go!azen’ telesailaren 12. denboraldian aktore gisa estreinatuko da. ‘Roke’ izango da, Basakabira doan ikasle berria. Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute denboraldi berria, irailaren 24an eta 26an.

Nola definitzen duzu zure burua?

Artista naiz. Ez diot inoiz nire buruari abeslari, dantzari edo antzezle deitu. “Artista” hitzak jasotzen ditu gustatzen zaizkidan eremu horiek, lehen hobby-ak zirenak eta denborarekin nahiko profesionalizatu ditudanak.

Lanean igaro duzu uda, ezta?

Orain dela lau bat hilabete casting prozesu batean sartu nintzen. ETBren ‘Ztanda’ programak erakusleiho potoloa eman zidan eta aldi berean hainbat proiektu ezagutzeko aukera izan nuen. Proiektu horien artean, ‘Go!azen 12’ telesailean aktore gisa parte hartzeko casting-erako izen-ematea zabaldu zen. Zalantzarik gabe, izena eman nuen. Hasieratik esan zidaten bazutela pertsonaia bat fisikoki nire itxurara egokitzen zena eta trama polita zuena. Gauzak horrela, castinga aurrera eraman eta maiatzaren bukaera eta ekaina hasiera artean barruan nengoela esan zidaten: Roke izango nintzen ‘Go!azen’ telesailaren 12. denboraldian.

Nola jaso zenuen berria? Sorpresa handia hartu zenuen?

Bai, kristona! Telefonoz deitu zidaten. Uste dut autoan nindoala berria eman zidatenean. Susto handia hartu nuen. Egia da casting prozesuan beldur hori banuela. Hau da, gogoa nuen sartu eta aktore gisa estreinatzeko. Ilusio handia egin zidan, nola ez. Baina modu berean banekien bertan sartzea ardura handia zela eta lan formal bat zela. Eibarren beti ibili gara koruan Elena Martinekin emanaldi edo ekitaldiak egiten, baina pantailarako salto profesional horrek edo zeozer “potoloa” hartzeak errespetua ematen zidan. 

Abeslari izatetik antzerkigintzara egin duzu salto. Zer dela eta?

Eibarko Koro Gaztean abesteaz gain, musikalak edo antzerkiak ere egin izan ditugu. ‘La Red Teatro’-ko kide diren Maite Lorenzo eta Juanma Canorekin batera, esaterako. Gainera, Eibarko Antzerki Laborategian ere ibili nintzen orain dela pare bat urte.

Antzerkigintza ofizio bilakatu nahiko zenuke?

Nire ametsa ez da soilik antzerkigintzatik bizitzea; nire ametsa artista esparruak jasotzen duen mundu guzti horretatik bizitzea izango litzateke. Beraz, etor daitekeenari irekita nago.

Zer izan da zuretzat antzerkigintzan murgiltzea?

Asko ikasi dut. Oso emankorra eta aberasgarria izan da. Behin barruan egonda, lehenengo gidoiak jasotzen hasi nintzen. Aurretik gidoi mota baten perspektiba nuen, antzerki edo musikal batena, alegia. Telesaileko gidoiak erabat ezberdinak dira. Kasu honetan gainera, ez da gidoi bakarra. Telesailak 12 atal dauzka eta atal bakoitzean gauza asko kontatzen dira. Barixakuro ordubeteko kapitulu bat emititzeko gauzak asko konprimitu behar dira. Orduan, hasieratik ikasketa-prozesu potolo bat izan dut. Hasieratik esaten nuen: “Zer dago nire esku? Zer dakit nik egiten gero lasaiago sentiaraziko didana?”. Argi nuen erantzuna: gidoiak ondo ikastea, pertsonaia ondo eraikitzea… Eta, nola ez, zuzendari eta lankideen laguntza handia izan dut horretarako.

Denboraldi berriaren inguruko aurrerapenik bai?

Gutxi kontatu dezaket. Aurrestreinaldia aste batzuk barru izango da Donostiako Zinemaldian, Belodromoan. Bi saio egingo ditugu, irailaren 24an eta 26an. Spoilerrik egin gabe azalduko dizuet. Nire pertsonaia 'Roke' deitzen den mutil gaztea da. Basakabiko udalekuko ikasle bilakatuko da bere lagun mina den 'Azpi'-rekin (Yan Pinto). Bien arteko harremana bitxia da. Lagun minak dira, baina bakoitzak oso izaera desberdina dauka. Roke lehenengo itxuran edo izaeran nahiko "fuertea" da eta beldurra sortu dezake ingurukoengan. Baina jendea ezagutzen duen heinean, bere bihotza biguntzen doa eta bere beldur denak uxatzen doaz. Oso trama pertsonal polita du. Gustatuko zaizuela uste dut.

Sorpresarik izango dugu?

Badago sorpresa bat: badago zerbait Roke horrelakoa izatea eragiten duena. Telesaila ikusi beharko duzue deskubritzeko. 

 

Telesailari esker, aktoreen agentzia batean sartu zara orain.

‘Go!azen’ izena duen telesaila da Euskal Herrian. ‘Ztanda’ eta ‘Go!azen’ erakusleiho bezala ikusten ditut. Proiektu batek beste bat ekartzen duela uste dut. Ezezaguna izatetik telebistara salto egitea erakusleiho handia da. Telebistan agertzen zarenean zuzendariek, gidoilariek… mundu honetan dabiltzanek ikusten zaituzte, eta, agian proiekturen baterako aukera modura ikusi zaitzakete. Beraz, aktore lana egitea tokatzen da: casting-ak egin, ezezkoak eta baiezkoak jaso… Normalean baiezkoak gutxi izaten dira. Baina bai, probak egin eta probak egin. Eta bereziki, aktore berria baldin bazara edo mundu hau gutxi ezagutzen baduzu, bidelagun den agente edo ordezkari baten laguntza izatea ezinbestestekoa da.

Azkenean, mundu honen alde onak eta txarrak ezagutzen laguntzen dizuete. Aurrera begira, zer duzu eskuartean?

Bere momentuan enpresagintza gradua ikasi nuen eta orain enpresa batean nago lanean. Momentu honetan enpresagintza eta artista munduak uztartzen ari naiz. Ez dakit zer etorriko den etorkizunean. Espero dut -kudeaketa on batekin, noski- nire bizitza nahiko erosoa izatea eta gauza gutxiri ezetz esateko aukera izatea. Hori bai, beldurra ematen dit gauzak ez disfrutatzera heltzeak edo nire ehuneko ehuna horretan guztian ez emateak. Gauzak ondo egitea gustatzen zait, eta bestela ez dira egiten. Denera iritsi eta ongi egiteko gai naizela uste dut, eta hori frogatu nahiko nuke.

Baduzu proiekturik bistan?

Ez, momentuz. ‘Go!azen’-en grabaketak amaitu ditugu, eta kontzertu-bira mahai gainean dago. Datorren guztiari irekita nago, beraz.