Ander Romarate: “Fisikoki eta mentalki gogorragoa da Jokoetara teknikari bezala joatea kirolari moduan baino”
2012ko Londreseko Paralinpiar Jokoetan kirolari bezala parte hartu ondoren, Parisen izan da aurten Ander Romarate. Igerilekuan pasa ditu egun gehienak eibartarrak, baina ez uretan, kanpoan baizik, Espainiako delegazioarekin teknikari lanetan. Pozik dago bizi izandako esperientziarekin eta lortutako emaitzekin, baina dagoeneko hasi da Los Angeleseko Paralinpiar Jokoetan pentsatzen.
Parisetik iritsi berri da Ander Romarate, baina bere jardunak ez du etenik. Azken bi urteotan egindako lanari jarraipena eman nahi dio eta Los Angelesen are emaitza hobeagoak lortu. Horrez gain, beste zenbait proiektu ditu esku artean Emen 4 Sports enpresarekin eta Eibar KE-rekin.
Zein izan da zure zeregina Paris 2024 Paralinpiar Jokoetan?
Bi urte daramatzat Espainiako Paralinpiar Batzordearekin lanean. Alde batetik, Emen 4 Sport enpresarekin batzordean dauden kirolari paralinpiko guztien errendimenduaz arduratzen gara. Eta bestetik, orain dela zenbait urtetatik batzordeko igeriketa sailaren arduraduna ere banaiz. Beraz, Emen 4 Sporten ordezkari eta igeriketa arloaren arduradun bezala joan naiz Parisera. Batez ere igeriketan ibili naiz buru-belarri eta igerileku barruan pasa ditut ordu gehienak.
Nolako esperientzia izan da? Nolako emaitzak lortu dituzue?
Gogorra izan da. Egia da Jokoen aurretik ere zenbait kontzentrazio eta entrenamendu saio izan genituela eta aste asko egin genituela etxetik kanpo, baina orain Parisen hiru aste pasa ditugu eta gogorra izan da, etengabeko errutina delako. Egunero ia momentu oro duzu zereginen bat. Justu-justu, jateko eta lo egiteko denbora edukitzen duzu. Beraz, gogorra da arlo fisikoan eta mentalean. Dena dela, Jokoak ondo joan dira eta egiten dudan balorazioa guztiz positiboa da. Kasu zehatz batzuetan emaitza hobeak izan zitezkeen, baina orokorrean emaitzak onak izan dira. Kirol paralinpikoan gero eta maila hobea erakusten ari gara, eta Espainiako delegazioak Tokio 2021 Paralinpiar Jokoetan baino domina gehiago lortu ditu. Igeriketan ere emaitza onak eduki ditugu eta balorazioa oso ona da. Oraindik ere lana dugu aurretik eta hobetzen ahaleginduko gara, baina pozik itzuli gara.
Zuretzat ez da lehen aldia izan Paralinpiar Jokoetan, Londres 2012 Jokoetan kirolari moduan lehiatu baitzinen. Orain teknikaria izan zarenez, ezberdin bizi izan dituzu?
Londreseko Joko Paralinpikoetan nahiko gazte aritu nintzen eta bertan bizitako esperientzia buruan izan dut. Parisekoa, ostera, beste modu batean bizi izan dut. Esperientzia guztiz ezberdina izan da. Beste eginkizun batekin joan naiz eta, Londreseko Jokoetatik 12 urte pasa direnez, esperientzia gehiagorekin egin diot aurre erronkari. Hori bai, kirolariei askotan esan diet fisikoki eta mentalki gogorragoa dela teknikari bezala joatea kirolari moduan baino. Azkenean, kirolariak bere entrenamenduak edo lehiaketak amaitzen dituenean atsedena hartzeko eta deskonektatzeko momentuak izaten dituzte, baina entrenatzaileek, fisioterapeutek eta medikuek ez, egun guztian egon behar direlako kirolarien esku. Horrela da egunero, eta egunak pilatzen doazen neurrian nekea nabaritzen da. Dena dela, asko ikasten da eta mundu hau gustatzen zaigunontzat horrelako toki batean egotea demasa da. Beste herrialde batzuek nola lan egiten duten ikusi ahal izan dugu, igerilekua ikusgarria da, baita beste instalazioak ere… Alde horretatik esperientzia oso ona izan da.
Kirolari dagokionez, aldaketa edo eboluzioa igarri duzu Londreseko Jokoekin alderatuz?
Kirol paralinpikoan gero eta profesionalizazio handiagoa dago. Londresen, adibidez, herrialde batzuk nahiko profesionalizatuta zeudela ikusten zen, Espainia kasu, baina beste batzuk ez. Dominak lortzeko behar diren markak nahiko antzekoak izaten jarraitzen dute, baina parte-hartzaileen batezbesteko maila baxuagoa zen lehen. Gaur egun, maila igo egin da eta finaletara sartzea askoz ere zailagoa da. Herrialde guztietan kirol paralinpikoa profesionalagoa delako, hobeto entrenatzen dutelako eta gehiago zaintzen direlako gertatzen da hori. Bestalde, Joko hauetan, historian lehen aldiz, kirolari olinpikoek eta paralinpikoek diru-sari berdinak jaso dituzte. Horrek asko bultzatzen du kirol paralinpikoa eta, ondorioz, kirolari paralinpikoen maila igotzea.
Kirolari batentzat zer da Joko Paralinpikoetan parte hartzea?
Goi-errendimenduan dabiltzan kirolarientzat bere ibilbideari ginga jartzea da, helburu handi bat lortzea. Gehienentzat Jokoetan parte hartzea bera helburu garrantzitsu bat lortzea da, baina ‘aukeratuek’ dominak lortzea dute helburu. Lau urte edo gehiagoren emaitza da. Lau urte asko dira kirolari baten bizitzan eta saria da horrelako lehiaketa batean aritzea.
Lau urte edo gehiagoko lanaren ondoren, egun gutxitan den-dena dago jokoan. Kirolariek nolako presioa edukitzen dute? Teknikariek nola laguntzen diezue?
Kirol bakoitzean modu ezberdinean erabakitzen da Jokoetarako sailkapena (batzuk gutxieneko marka behar dute, beste batzuk txapelketen bitartez sartzen dira…), orduan presioaren kontua ezberdin kudeatzen da. Igeriketaren kasuan gutxieneko marka behar izaten da eta urte osoa dago lortzeko. Orduan, marka urtearen hasieran lortuz gero, lasaiago kudeatu dezakezu presio hori; kostatzen bazaizu, ostera, presio aldetik okerrago pasa dezakezu. Jokoetan bertan, kirola oso profesionalizatuta dagoenez, presioan asko eragiten du. Izan ere, Parisen lortutako emaitzek hurrengo ‘ziklo olinpikoa’ baldintzatzen dute, Jokoetan lortutako postuarengatik sari bat edo beste jasotzen duzulako eta bekak ere bertako emaitzen arabera ematen direlako. Kirolari profesionala bazara, kirola da zure lana eta arlo ekonomikoak asko baldintzatzen zaitu. Ondorioz, kirolariak presio horrekin lehiatzen dira Jokoetan. Horrez aparte, Jokoetan kirolariak aparteko eszenatokietan lehiatzen dira eta hori kudeatzea ere zaila da. Adibidez, igerilariak 20.000 lagunen aurrean aritu dira eta ez daude horretara ohituta. Ez da erraza hori guztia kudeatzea, gazteentzat batez ere, eta ikusi dugu batzuen kasuan eragina izan duela.
Pariseko Jokoak pasata, Los Angelesekoetan pentsatzen hasi zara?
Ni behintzat hasi naiz. Lanean bi urte bakarrik eman ditudanez, gauza asko egin barik gelditu dira. Gauza horiek apuntatuta nituen eta dagoeneko hasi naiz bueltak ematen. Urritik aurrera poliki-poliki lanean hasiko gara. Kirolari batzuek atseden tarte luzeagoa hartuko dute, beste batzuek laburragoa, baina lanean hasiko gara lau urte azkar pasatzen direlako.
Paralinpiar Jokoetan teknikari izateaz gain, Emen 4 Sports enpresa duzu eta Eibar KE-n futbol egokituaz arduratzen zara. Nolako proiektuak dituzu esku artean?
Emen 4 Sports goi-errendimenduko kirolera bideratuta dago eta oso momentu garrantzitsua bizitzen ari gara, zentro berri bat zabaldu behar dugulako. Eibar KE-rekin, berriz, urtetik urtera indar gehiago hartzen ari den proiektua garatzen ari gara eta oso pozik nago. Joan den astean hasi ginen entrenamenduekin eta dinamika berdinari eutsiko diogu. Ea Genuine taldean gero eta kirolari gehiago edukitzen jarraitzen dugun; PC taldearekin berriz liga irabazten saiatuko gara.