Andirao: “Ez gara estralurtarrak, sasoi honetako bizilagunak gara”

Andirao: “Ez gara estralurtarrak, sasoi honetako bizilagunak gara”
2021/11/26 17:45
eta kitto!
Eibarko baserritarrek Andirao elkartea sortu zuten 2002an, euren berbek herrian oihartzuna izan dezaten eta ahaztuak izan ez daitezen. Etengabe aurrera egiten duen munduak bezala, baserri giroan ere gauzak aldatzen ari dira egunetik egunera, kezka berriak sortuz. Lourdes Urzuriaga eta Enrique Atxa Andiraoko presidenteak eta presidenteordeak, hurrenez hurren, elkartearen jardunaren berri eman digute.

 

Angel Gisasolak Andiraoko presidente kargua laga ondoren, zuek hartu duzue lekukoa. Nolako sasoia bizi du elkarteak?

Kargu aldaketak ez du aldaketa handirik ekarri. Eibarko bost bailarek (Kiñarra, Mandiola, Gorosta, Arrate eta Agiña) dute ordezkaritza Andiraon (bailara bakoitzeko kide bi) eta zuzendaritzan, gu biok egoteaz gain, idazkaria eta kontularia ditugu.

 

Non biltzen zarete?

Orain dela urte batzuk elkarte gastronomikoa jarri genuen martxan Arraten dugun egoitzan. Izan ere, baserritarrok gauza asko egin behar ditugu egunero eta ia ez dugu astirik izaten herrira jaisteko. Horregatik, egoitzan biltzen gara eta, hortik kanpo ere, oso ondo datorkigu gure artean harremana sustatzeko eta beste hainbat ekintza egiteko. Elkarte gastronomikoak bizipoza ematen dio Andiraori. Diru pixka bat sortzen du, baserrietan bizi diren gazte eta umeentzat toki ona da euren artean edo kaleko lagunekin elkartzeko, eta abar.

 

Nola jaio zen Andirao?

Baserritarra herritar ahaztua da. Domekatik domekara egin behar dugu lan, atseden barik. Baserri batean belaunaldi bat baino gehiago edo jende asko bizi bada, txandaka atseden hartu daiteke, baina baserriko lanak ez du etenik. Bestetik, baserrian nahiko ohikoa da bizimodu indibidualista izatea. Hau da, beste inorekin harremanik ez baduzu, zeure kontuetan sartzen zara, gero eta indibidualistagoa bihurtuz. Lehen, baserritar bakoitza bere aldetik joaten zen Udalera bere kexak edo eskaerak egitera, baina horrela zailagoa zen ezer lortzea. Beraz, onena elkartzea zela ikusi genuen, elkarrekin indar gehiago eduki dezakegulako eta Udalarekin hartu-emana errazagoa izan daitekeelako.

 

Zeintzuk izan dira baserritarren behar eta kezka handienak?

Baserrietan demaseko beharrak zeuden (eta daude, zentzu batean). Batetik, uraren kontua. Baserrietan ez dugu ur publikorik eta nahi ere ez (ezingo genukeelako ordaindu), eta geure kabuz moldatu behar izan gara ura lortzeko: errekatik bideratuta, sondeoa eginda… Horrekin eta Udalak Debemenen laguntzarekin jarritako gordailuekin uraren arazoa ia konpondu dugu. Bestetik, bideen arazoa dago. Kaletarrek agian ez dakite, baina baserrietako bideak ez ditu Udalak ebagi, geuk egin dugu lan hori. Mantenu lanak bai, eurek finantzatzen dituzte, baina aurrekontu txikiarekin. Horregatik, herriko alderdi politikoekin berbetan gabiltza, bide egokiak eraikitzeko behar dugun aurrekontua prestatzen. Bideak baserritarrek eginak dira, baserritarren lursailetan, eta bideak konpontzeko konpromisoa lortu nahi dugu alderdi politikoen partetik.

 

Nolako lana egin behar da bideetan?

1988an uholdeak egon ziren eta, bideak konpontzeko todounua (txintxorra) erabili zuten, baina gu arduratu behar izan ginen ia lan guztiaz. 20 kilometro inguru hormigoitu ziren. Salbazio modukoa izan zen, baina harrezkero bideak hondatzen joan dira eta beti eskaleak bezala ibili gara bideak konpontzeko diru eske, konponketak zatika eginez. Orain, bide guztiak konpontzeko behar den aurrekontua zehaztu dugu eta lanak 4-5 urtetan amaitzea da gure nahia. Bide egokiak edukitzea ezinbestekoa da baserritarrentzat. Norbaitek kalean lan egiten badu edo umeak eskolara joan behar badira, sarbide egokirik eduki ezean, hor konpon. Arazo horrekin amaitu nahi dugu lan sozialarekin hasteko.

 

Zein lan sozial?

Esan bezala, baserritarrok hala nola bizi izan gara, emakumezkoak batez ere. Gaur egun, baserriko emakume askok ez du pentsiorik kobratzen. Gizonezkoek bakarrik ematen zutelako alta laborari moduan, umeak eskolara bidaltzeko dirua behar zelako… Agian kaletarrentzat ez da erraza baserriko lana ulertzea, baina baserrian pinudi zati bat saldu behar da etxean teilatu berria jartzeko edo txahala saldu behar da negurako lastoa ekartzeko, adibidez. Jendea nahiko justu bizi izan da. Horrela, emakume askok, nahiz eta gizonezkoek bezain beste lan egin, lanean jarraitu behar dute jubilatzeko adinera heldu arren. Emakumeei informazio gehiago eman nahi diegu tailerren edo hitzaldien bitartez: zahartzen ikasteko tailerra egin da, zaharrak nola zaindu, testamentuari eta herentziari buruzkoa, ordenagailuak erabiltzeko… Laguntzea da gure asmoa eta Andiraoko kideen beharrei entzungo diegu euren beharrak asetzeko.

 

Ordenagailuekin eta teknologia berriekin ibiltzeko, baduzue Internet seinale egokia baserrietan?

Agiña bailaran ez dago telefono mugikorrentzako estaldurarik, baina beste auzoetan orokorrean bai. Zuntz optikoa sartzeko eskatu dugu, gaur egun ulergaitza delako estaldura gabeko etxebizitzak egotea. Kalean ez litzateke horrelakorik gertatuko. Ez gara estralurtarrak, sasoi honetako bizilagunak gara. Adibidez, pandemian zehar ume batzuek ezin izan zituzten eskolako lanak egin, seinalerik ez zutelako, eta kalera jaitsi behar izan ziren.

 

Azken aldian polemika sortu da eukalipto landaketen inguruan. Nola eragin dizue horrek?

Andirao, elkarte moduan, ez da sekula sartuko polemika horretan. Gero, kide bakoitzak norberaren izenean edozer gauza esan dezake. Elkartearen barruan iritzi ezberdinak daude, baina elkarteak ez du alde batera edo bestera joko. Defendatzen duguna da lur-jabe bakoitzak nahi duena egin dezakeela bere lurretan, legea errespetatzen duen bitartean.

 

Badago belaunaldi berrien erreleboa baserrietan?

Azken aldian hutsik zeuden baserri batzuk erosi dituzte gazteek. Kaletarrak dira eta txapela kentzeko moduko jarrera dute. Kalean egiten dute lan eta baserrian bizi dira. Asko gustatzen zaie baserriko bizimodua eta ez da batere erosoa beti gora eta behera ibiltzea. Hala ere, baserrietako erreleboa etxetik etortzen da gehien bat (seme-alabak, loibak…). Orokorrean, belaunaldi berriek beste modu batean bizi dute baserria. Alde onak ditu, baina dena ez da arrosa kolorekoa. Larrosak ederrak dira, baina arantzak ere badituzte.