ANDONI MAYO: “Txakurrak agintzen du hemen; berak ez badu nahi, erretiratu eta kitto”
Lasterketak ere oso zainduta egoten direla diote. Domekakoa albaitari-kontrolarekin hasiko da (08:00-09:30). Lasterketa-bilera egingo dute ondoren, jarraian lasterketei ekiteko: 09:45ean, bikejoring modalitatekoa eta 10:30ean Euskadiko Txakur Kros Ligakoa. Beste albaitari-kontrol bat izango da (11:30-11:45) azken lasterketa -herrikoia deitua- hasi aurretik. 12:00etan jokatuko da hori eta handik ordu erdira sariak banatuko dira.
Laugarren edizioa izango da domekakoa. Zenbat parte-hartzaile izango dira bertan? Nongoak? Proba txapelketa bateren barrukoa da: Euskadiko Liga edo horrelako zeozertarako puntuagarria?
70 parte-hartzaileren bueltan izango dira txakurkrosean lehiatzen, aurten beherakada nabarmena igarri dugu-eta. Aurreko edizioetan 100 parte-hartzaile ere izan ditugulako. Bizikleta gainean bost bat izango dira, gutxi gorabehera; lasterketa gogorra izaten da hori. Popularrean orain arte zazpik eman dute izena, baina jendea orokorrean azkeneko momentuan animatzen da. Eta bai, Euskadi mailako liga baten barruan gaude, Euskadiko Txakurkros Ligan (ETL): zazpi proba dira guztira, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan jokatzekoak eta, gutxienez, bostetan parte hartu behar duzu puntuatzeko.
Non hasiko da lasterketa, non amaitu? Nondik nora jardungo du? Zein toki izan daiteke aproposena lasterketak jarraitzeko?
Arraten hasi eta amaituko da. 08:00etatik izango gara bertan eta, albaitari kontrola egin ondoren, hasiko da bizikletako proba, ondoren antxintxiketakoarekin jarraitzeko. Kalamua inguruan lehiatuko dugu, bai bizikletan eta baita korrika ere. Herrikoia, bestalde, Olabeko kanpan izango da. Guztia ikusteko Arraten izatea gomendatuko nuke. Irteera eta helmuga ikusteko lekurik onena izango da, jakina; eta Kalamuako lautada ere ez da toki txarra izango, Usartzatik igota. Gainera, azken horretan guztiak sakabanatuta pasatuko dira; horrek politagoa egingo du ikuskizuna.
Eibarren eta inguruan zenbat diharduzue parte hartzen? Ingurua aproposa da entrenatzeko? Nola moldatzen zarete? Nahikoa laguntzarik baduzue?
Eibarren lau gaude une honetan txakurkroseko lasterketetan parte hartzen. Eibar inguruko mendiak aproposak dira, gehienbat txakurkroserako. Gauzatxo bat zehaztea gustatuko litzaidake: guk beti txakurrak aske direla entrenatzen dugu, bakarrik lasterketetan eta Amarok taldeko entrenamenduetan lotzen ditugu. Gero eta gutxiago gara kirol hau etxeko txakurrarekin egiten dugunok. Eta ez erosi txakur bat kirol honetarako! Laguntzari dagokionez, Udaletik jasotzen dogu: hasi lasterketan erabili behar dugun materialetik, hesiak, anbulantzia. Garaikurretan eta horrelako gauzetan ere laguntzen digu. Hortik aparte, lasterketa egunerako hainbat laguntzaile ditugu!
Bikejoring lasterketa, ETL lasterketa eta lasterketa herrikoia. Zeintzuk dira modalitate bakoitzeko ezaugarriak? Zelako distantzia izango du bakoitzak? Herrikoia hasiberrientzat izango da, edo probatzeko asmoa dutenentzat?
Bereizketa handiena bikejoring eta txakurkrosaren artean dago. Bikejoring mushing edo elurretako trineoko kiroletatik egokitutako modalitatea da, eta kasu honetan txakur batek bizikleta tiratzen du. Normalean ibilbide lauak eta errazak izaten dira; Eibarkoa, baina, ezin horrelakoa izan: 7 kilometro eta 300 metro positibo izango ditu! Eta txakurkrosa eta herrikoiaren artean dagoen alde handiena distantzian izango da. ETL probako txakurkrosak ia 9 kilometroko luzeera izango du, eta Kalamua gainera igoko da! Nahiko gogorra izanda ere, oso polita ere bada aldi berean. Herrikoia, bestalde, hasiberrientzat izango da bereziki, hasten diren kirolari zein txakurrendako. Azken hori 2 kilometrokoa izango da, Olabeko kanpan jokatzekoa. Norbaitek probatu nahi badu eta material egokirik ez badu, guk Amarok taldean badugu materiala lagatzeko. Domekan gerturatu eta beldurrik gabe galdetzea besterik ez du.
Zein txakur motak dira aproposenak modalitate bakoitzerako? Zenbat urterekin ematen dute errendimendu onena? Zer ezaugarri izan behar du horrelako txakur batek?
Edozein txakur arrazak balio du kirol honetarako. Badira txakur mota batzuk arnas arazoak izateko arriskua dutenak -adi boxer edo karlino motakoak, esaterako-; horiei agian ez nieke gomendatuko korrika egitea, beti txakurraren osasunaren aldetik ikusita. Bestela, edozein txakur da balekoa. Argi dago, gure kasuan bezala, batzuk gaitasun, abiadura eta iraupen gehiago izango dutela beste batzuen aldean. Adinaren inguruan, txapelketetan araututa dago 2 eta 10 urte bitartekoak izan behar direla. Herrikoian, bestalde, ez zaio adinari erreparatzen; hori bai, beti albaitari kontrola pasa eta gero. Egunean bertan izaten da kontrol hori, dortsala hartzerako orduan. Eta lasterketa guztietan, txakurra ondo dagoela eta txertoak badituela baieztatzeko. Nik Dexter-ekin jardungo dut bizikleta gainean, eta Zeusekin egingo dut antxintxiketan! Sonia Fernandezek Oreorekin egingo du korrika, Unai Fernandez eta Dunkan txakurrak osatuko dute bikotea korrika saioan, eta Nagore Angiozarrek Sulirekin hartuko du parte proba herrikoian.
Txakurrak sufritzen duela edo bere gustoz ez zuela korrika egingo diotenei, zer erantzungo zenieke? Zer du desiragarri edo gustoko kirol modalitate horrek, animaliarekiko harremana, naturgunean egitea... bestelakorik?
Probatzeko. Euskadiko Ligako azkeneko proban, Galdakaon, arazoa edo eztabaida izan genuen horrelako elkarte batekin. Zezenketarekin konparatu gintuzten! Esango nieke ikustera etortzeko eta ea zelako ondorioak ateratzen dituzten! Baina ezjakintasunetik erraza da berba egitea! Txakurrak ez badu korrika egin nahi, inoiz ez dugu behartuko. Nire kasuan, adibidez, Oreorekin askotan erretiratu naiz: ez badu gogorik, ez da ezer gertatzen. Araututa dagoen kirola da: bai tenperatura aldetik, baita ibilbidearen aldetik ere, oso kontrolatuta dago. Materialak txakurrari ez dio inolako oztoporik sortu behar korrika egiteko, gustura sentitu behar da. Eta kirol honek jabea eta txakurraren harteko harremana sendotzen du: txakurrarendako ehiza joko bat da. Gainera, beste txakurrekin sozializatzeko edo harremanak izateko laguntzen du. Jarrera-arazoak dituzten txakurrei ere ondo datorkie euren jabearekin korrika egitea, gero jarrera horiek bide onera eramateko!
Zeintzuk dira urte honetarako zure buruari jarri dizkiozun erronkak? Non parte hartzea amesten duzu?
Unaik, Nagorek, Soniak eta laurok lasterketetan parte hartu eta, mendian gozatzeaz aparte, gehienbat txakurrekin disfrutatzea beste helbururik ez dugu. Soniaren eta nire kasuan, bestalde, gure txakurrek 9 urte beteko dituzte aurten; beraz, azkeneko denboraldia izango dute txapelketetan parte hartzeko. Besteoi, animatzea besterik ez zaigu geratzen domekan Arratera igo eta egun zoragarria pasa dezazuen!