Badago alternatiba! Taupada atzerakoiari Euskal Herrian aurre egin. Izenburu hori du UEUk eta Iratzar fundazioak ostiralean egingo duten jardunaldiak. Alternatiba eraikitzeak, baina, eskatzen du diagnostiko bat egitea eta egoera iraultzeko estrategiak pentsatzea. «Ideien borroka nola egin» aztertu dute Iratzarreko Andoni Olariagak (Berriz, Bizkaia, 1984) eta Iker Eizagirrek (Eibar, Gipuzkoa, 1996).
«Taupada atzerakoiaz» ari zaretenean, zertaz ari zarete?
ANDONI OLARIAGA: Kontzeptu hori erabiltzen dugu fenomenoa ez delako bakarrik eskuin muturrean gertatzen; kontrara, eskuineranzko joera orokor bat da. Azken hamarkadetan, balio atzerakoiek, neoliberalek eta patriarkalek gora egin dute.
Taupada horren diagnostiko bat egin nahi duzue. Egungo testuinguru korapilatsuan, badaude kezkatzeko arrazoiak.
OLARIAGA: XXI. mendean krisi ekonomikoa, prekaritate arautua, klima krisia eta abar izan dira, eta gaur egungo jendarteak errazago irudikatzen du munduaren amaiera kapitalismoarena baino. Krisi garai betean, orain arte pribilegioduna izan den jendarteari eskubide batzuk galtzeko exijitzen diote ezkerrak, feminismoak eta ekologismoak planteatzen dituzten programek. Bitartean, ziurgabetasuna, segurtasun falta eta beldurra gailentzen dira. Eta hor sartzen da eskuin muturra.
Eta asmatzen ari da bere diskurtsoa gizarteratzean.
OLARIAGA: Diskurtso eta praktika batzuk bultzatzen ditu, eta krisiari aurre egiteko segurtasuna eman, baina beste batzuen kontura. Azken-aurrena azkenaren kontra jartzen du. Krisi bete-betean, jendartearentzat erosoagoa da; izan ere, sufritzen ari da, prekaritatean dago eta eskubideak galtzen ari da. Eskuin muturrak beldur, haserre eta espektatiben galera horiek hartzen ditu, eta taupada atzerakoiaren terminoetan artikulatzen ditu.
«Edozein kontzeptu, iruditeria edo sinbolo bilakatu daiteke posizio faxistetara joateko pasabide bat»
ANDONI OLARIAGA - Iratzar fundazioko kidea
Nola artikulatzen da hori?
IKER EIZAGIRRE: Steven Forti historialariak gerra arteko garaian Alemanian, Italian eta Espainian ezkerretik eskuinera egin zuten hiru figura aztertu zituen, ikusteko ea zer joera estetiko eta diskurtsibo gerta daitezkeen hori egiteko. Bada, zera hausnartu nahi dugu: zein izan daitezkeen elementuak Euskal Herrian ezkerra edo abertzaletasuna alde batera utzi eta eskuin muturrera pasatzeko.
Eta zein izan daitezke?
EIZAGIRRE: Lau identifikatu ditugu. Klase borrokatik klase esentzialismora; abertzaletasunetik abertzaletasun baztertzaile batera; naturaren aldeko borrokatik teoria konspiranoikoetara; eta feminismotik TERF mugimendura. Identifikatu nahi dugu lau ardatz horietan zer diskurtso egon daitezkeen pasabide horiek sortzeko.
OLARIAGA: Edozein kontzeptu, iruditeria edo sinbolo bilakatu daiteke posizio faxistetara joateko pasabide bat. Abertzalea izan zaitezke, eta askapen prozesu bat eta euskararen normalizazioa defendatu. Hortik, pixkanaka, euskara eta migrazioa elkarren kontra jarri, eta gero sinetsi migratzaileak «gure populazioa» ordezkatzen ari direla.
Abertzaletasunetik natibismorako bidea aipatuta, Aliantza Katalanarekin gertatu dena gertatzeko arriskua dago?
EIZAGIRRE: Arriskua hor dago. Jakin behar dugu aldaketa ez dela egun batetik bestera gertatzen. Tarteko pausoak daude, eta identifikatu egin behar dira. Hauteskunde emaitzak sintoma bat dira, baina hori baino zabalagoa da kontua. Badirudi hemen eskuin mutur organikoaren emaitzak apalak direlako ez dela ari barneratzen, baina ari da. Zirimiria bezala.
OLARIAGA: Eskuin muturraren bertsio modernoak balioetan eta mundu ikuskeran eragiten du. Badakite jendearen mentalitatea moldatu behar dutela. Ekosistema bat da, eta hauteskundeetatik harago begiratu behar da. Euskal Herrian ez dauka ezarpen handirik —Ipar Euskal Herrian gehiago—, baina balioei dagokionez, edonork ikusi dezake bere kuadrillan edo familian ideia horietako batzuk bidea egiten ari direla.
«Urteetan sozialdemokraziak gobernatu du Europako herrialde askotan, eta ez da errotiko aldaketarik gertatu. Horrek atxikimendu falta eragiten du»
IKER EIZAGIRRE - Iratzar fundazioko kidea
Ezkerrari egiten zaizkion kritiketako bat da ez dela gai horri aurre egiteko.
EIZAGIRRE: Bi kontu daude. Batetik, nola egin aurre, eta zer marko komunikatibo sortzen ditugun horretarako. Hori da jardunaldietan landu nahi duguna. Baina badago landu beharreko beste alor bat. Komunikazioa ez da gako bakarra. Mugimendu abertzaleak baditu praktika baliagarri batzuk eskuin muturrari aurre egiteko. Ez da formularik asmatu behar. Euskal Herrian lehendik dauden logikak indartu behar dira: asoziazionismoa eta praktika komunitarioak handitu, jai herrikoiak antolatu, auzolan proiektuak aurrera atera... Horrela egiten zaio aurre eskuin muturrari.
Baina zer ari da huts egiten erantzunak topatzean?
OLARIAGA: Eskuin muturrak asmatzen du testuinguru bakoitzera egokitzen, eta badaki gaur egun ideien borroka afektibitate terminoetan kokatzen dela. Garrantzitsuena ez da informazio zehatza izatea, horren inpaktua bilatzea baizik. Eta ezkerraren helburua modu arrazionalean erantzutea da.
Esaten denaren kontrara, datuak ez du kontakizuna hiltzen.
OLARIAGA: Ez du hiltzen. Ezkerrak ekosistema propio bat behar du, metafora propio batzuk behar ditu. Alternatiba propio bat. Plurala izango dena, baina bakarra. Eta kontuan izan jendeak afektu jakin batzuk dituela, eta hor asmatu behar dela.
EIZAGIRRE: Antipolitika indartu dela ere kontuan izan behar da. Urteetan sozialdemokraziak gobernatu du Europako herrialde askotan, eta ez da errotiko aldaketarik gertatu, ez da aberastasuna birbanatu. Horrek atxikimendu falta eragiten du, eta eskuin muturra indartu. Ezkerrak badu eginbehar bat gobernuetara iristean.
Eta nola uztartzen da hau guztia nazio auziarekin?
OLARIAGA: Bazen tesi bat; zera zioen: globalizazioak nazio estatuak gaindituko zituela; baina gezurtatu da. Egia da boterea eskala desberdinetan antolatuta dagoela, eta estatuak beste funtzio batzuk betetzen dituela, baina oraindik ere burujabetza da proiektu politikoak artikulatzen dituena. Eskuinetik, Make America Great Again (Egin Amerika handi berriro) edo brexit-a burujabetzaren iruditeria batean oinarritzen dira. Era berean, proiektu eraldatzaileak egiteko eta jendartea antolatzeko neurria ematen du lurraldeak, nazioak. Identitate kolektibo aurrerakoiak eta irekiak badaude, funtzionatzen dute indar kohesionatzaile gisa. Nazio auzia eskuin muturrari aurre egiteko tresna bat da.