Miren Amuriza: "Ahozkotik gertuko hizkera imitatu dut, baina atzean oso ariketa neurtua dago"

Miren Amuriza: "Ahozkotik gertuko hizkera imitatu dut, baina atzean oso ariketa neurtua dago"
2026/02/20 11:46
Maider Aranberri

Pleibak nobelarekin etorri da Eibarrera Miren Amuriza, Harixa Emoten irakurle-taldeak gonbidatuta. 2000ko hamarkadako bi neska neraberen adiskidetasunaren inguruko istorioa jasotzen du Amurizaren bigarren eleberriak, eta horretarako ahozkotasunetik hurbil dagoen testua sortu du, “hizkuntzarekin esperimentatzeko nahiak bultzatuta”.

Non du abiapuntua liburuak, nondik sortu zen Pleibak?

Liburuaren idazketa-prozesuaren abiapuntua hizkuntzarekin esperimentatzeko edo proba batzuk egiteko nuen nahia izan zen. Orain dela urte batzuk Andrea Abreuren Panza de Burro argitaratu zenean gutako askok egin genion galdera hori gure buruari, ia horrelako zeozer euskaraz idatz genezakeen. Pleibak-en nerabe batek hitz egiten du lehenengo pertsonan eta nahi izan dudana da alde batetik ahozko erregistrotik oso hurbil egotea eta, bestetik, gazte hizkeratik ere gertu. Hori bai, euskararen baldintzetara egokitu naiz eta nahiz eta Andreak egidako ariketak eta hemen dagoenak zerikusirik ez izan, beste zirrikitu batzuk topatzen ahalegindu naiz erregistro hori sortzeko.

Hain zuzen, ahots narratzaileak erabiltzen duen hizkuntza da liburuaren ezaugarri deigarrienetakoa, ahozkotik hain gertu. Zergatik heldu zenion horri eta nola definituko zenuke?

Erregistro hori sortzeko hasiera batean nahiko modu intuitiboan hasi nintzen idazten, baina gero irizpide bat zehaztu nuen. Ahozkotik gertuko hizkera imitatu nahi izan dut, naturaltasuna imitatu nahi izan dut, baina horren atzean oso ariketa neurtua eta konkretua dago. Nire irizpidea izan da lexikoaz, esate baterako, malguago jokatzea eta sintaxian eta esaldi egituretan zorrotzago jokatzea edo askoz ere zainduagoak izatea.

Erderakadek irakurlea uxatuko zuten beldur zinen. Gertatu da horrelakorik?

Erderetatik datozen berbak erabili izan ditudanean  kontuan izan dut ia ingelesezko edo frantsesezko aldaera berdintsua izango litzatekeen, eta kasu horietan bai, erabili dut erdera. Estetikaren aldetik edo, aipatzen diren hainbat marka, goxokienak esaterako (panbinbo, txetosak…), kasu horretan ere ulermena ez da oztopatzen eta efektu bat sortzen duzu euskarazko grafiara ekarrita. Hor ere naturaltasuna simulatu nahi izan dut eta horren atzean ere ariketa oso neurtu bat dago.

Nerabezaroa esperientzia unibertsala da eta denok bizi izan ditugu bi protagonisten antzeko gorabeherak

Eta nola hartu dute irakurleek liburua?

Oro har oso ondo esango neuke. Hizkuntzari dagokionez, gure adin bueltako jendeak, baina baita nagusiagoek eta gazteagoek ere, oso ondo jaso dute proposamen hau eta natural sartu zaie, beti ere kontuan izanik hau dela registro linguistiko literario bat, ez da elkarrizketa baten traskribapena. Hau simulazio bat da, eta uste dut gure garai bueltako jendeak ikusi duela hori eta egin duela bere. Irakurle helduagoen partetik kezka puntual bat ere ailegatu zait. Eta ulertzekoa ere bada, euskararen egoera da hain zaurgarria… Batzuetan ohikotik irteten bazara beldurrak sortzen dira ia noraino zabaldu ete daitekeen… Baina uste dut hori gehiago dela urduritasun orokor baten parte eta ez liburuari dagokiona. Eta gaiari dagokionez, oso bere egin dute adin guztietako irakurleek. Azken batean, nerabezaroa esperientzia unibertsala da, laguntasunarena ere bai, eta kontestua aldatu arren, denok bizi izan ditugu bi protagonisten antzeko gorabeherak eta orokorrean gehiengoek konektatu dute liburuarekin.

Lantzen jarraitu daitekeen biderik badago hor?

Hizkuntzaren lanketa oro har idazten dugun denok eta bertsotan gabiltzan denok etenbarik egiten dugun zeozer da, modu kontziente edo inkontzienteago batean. Ez dakit hurrengo lanetan ahozkotasunetik hain gertu ibiliko naizen ala ez. Egia da garrantzitsua dela liburu bakoitzean erregistro linguistiko bat sortzea ahalik eta gehien doituko zaiona istorio horri edo pertsonaje horri. Nik hemen erabili dudan kriterioa ez da kriterio orokor bat, irizpide konkretu bat da liburu konkretu bat dazteko, pertsonaia konkretu bati ahotsa emateko. Orduan, ez dakit hurrengo liburuak zertzuk izango diren baina ahaleginduko naizena da beste behin ere ahots horri ahalik eta gehien egokituko zaion hizkuntza mota bat sortzen, liburu horrentzako musika edo soinu banda egokia sortzen.

Basan, orain zazpi urte, zahartzaroari begira jarri zinen; orain, berriz, nerabezaroari begira. Zergatik fokua garai horretan?

Lengoaia literario bat sortzea neukan buruan. Gero behar nuena zen pertsonaia bat modu sinesgarrian ahots hori eramango zuena. Hortik ailegatu nintzen nerabezarora orokorrean eta konkretuki gure nerabezaroetara. Hor hasi nintzen apur bat bi pertsonaia nagusiak eraikitzen, eta era berean ahalik eta modu zehatzenean kontestualizatzen garai hura, alde batetik pertsonaiaren izakerari buruz ere asko esaten digulako horrek, eta, bestetik, garai horrek markatu zituelako nerabe haien izakerak eta bideak.

Zer ari zara irakurtzen? Gomendiorik?

Bi aipatuko nituzke, biak ere Daniele Sarriugarterenak. Batetik, Beste zerbait, liburu hibridoa da, eta, bestetik, Erraiak. Modu diferentean baina Erraiak-en ere badago lehenengo pertsona oso potente bat, indar handiko hizkuntza etorri bat. Bi liburu horiek garai diferenteetan eta geruza diferenteetatik baina zelabait dialogo batean daude Pleibak-ekin.