Andoni Vazquez: “Publikoan gorakada egon da, musikari gehiago ditugu eta askoz ere talde egonkorragoa dugu”
Eibarko Musika Bandak oso kontzertu berezia emango du gaur, 23:00etan, Untzagan. 'Eraztunen jauna' sagako filmeen soinu bandako piezak joko dituzte, pantaila handian pelikuletako irudiak ikusten diren bitartean. Horrela, fantasia eta magiaz beteriko gaua eskainiko dute.
Andoni Vazquez Santosek hiru urte beteko ditu irailean Eibarko Musika Bandaren zuzendaritzan eta lehen eguneko ilusioarekin jarraitzen du. Bandak eskaintza aberastu du bere gidaritzapean eta, musikarien babesa jasotzeaz gain, publikoak bikain erantzun dio proposamen berriari.
‘Eraztunen jauna’ pelikula-sagaren musikarekin kontzertua eskainiko duzue. Nolako saioa izango da?
‘Eraztunen jauna’ pelikula-sagaren soinu banda oso ezaguna eta ederra da, eta musika horrekin kontzertua eskaintzeko gogoz genbiltzan aspalditik. Eibarko Musika Banda zuzentzen hasi nintzen momentutik izan dut San Juan jaien inguruan bandari beste puntu bat emateko gogoa. Ederra da danborradan San Juan ereserkia jotzea, baita San Juan Eguneko kontzertua ere, baina beste publiko batentzat zerbait eskaintzeko gaitasuna dugula uste dugunez, proiektu hau bultzatu dugu. Horretarako, ‘Hobbita’-ren bi pelikuletako eta ‘Eraztunen jauna’ trilogia guztiko soinu bandaren moldaketa batzuk aurkitu ditugu eta, musika aldetik oso politak iruditzen zaizkigunez, hauek nola hobetu ditzakegun pentsatu dugu. Horretarako, pelikuletako zati ezberdinak moldatu ditugu eta, lagun batzuen lanari esker, pantailan ikusiko diren irudiek musikarekin bat egingo dute, zerbait berezia eta polita sortuz.
Irudia eta musika uztartzeak zailtasun berezia aurkezten du?
Hau guztia prestatzeko behar izan ditugun lan orduak ezin dira zenbatu ere egin. Guk geuk landu dugu guztia eta, gustora egin arren, egia da lan ordu asko direla. Gainera, logistika aldetik aldaketa asko egin behar izan ditugu. Izan ere, Coliseo antzokian eta kalean jotzera ohituta gaude, eta gure kasa ibiltzen gara dena muntatzen eta desmuntatzen, baina oraingo honetan ez da horrela gertatuko. Udala asko inplikatu da, soinu sistema eta pantaila handia jarri behar izan ditugulako. Beraz, horrelako zerbait egitea zailagoa da baliabideari eta logistikari dagokionez, baina baita ilusionagarriagoa ere.
Musikariek nola hartu dute erronka hau?
Normalean entseguetan oso dinamika polita edukitzen dugu, baina azkenengo bi asteetan, barixakuan dugun saioa ikusita, kontzentratuta egoteko eskatu diet eta jo eta fuego dihardugu. Ikastaro amaieran erlaxatu egiten gara, eta honek tentsioari eusteko asko lagundu digu zerbait berezia eta ederra prestatu ahal izateko.
Berezia da, baina azken urteotan erregistro zabala duen banda zaretela erakutsi duzue, musika-estilo ezberdinetako kontzertuak eskaini dituzuelako.
Bandan horrela jarduten saiatu gara. Orkestra asko gustatzen zait, baina musika jotzera dedikatuko banintz (musika irakaslea naiz), bandan aritzea gustatuko litzaidake. Izan ere, bandak hainbat gauza jotzeko aukera ematen dizu: hasi mundu sinfonikotik (urtarrilean musika sinfonikoari buruzko kontzertua eskaini genuen), jarraitu rock edo funk kontzertuetatik, heavy edo musika latinora helduz, eta baita musika herrikoira ere. Bandak duen gauza ederrenetarikoa da hori, zentzu horretan ez dizula erlaxatzen lagatzen. Gauza asko eta modu askotan jotzeko gai izan behar zara eta, ondorioz, azkar ibili behar zara beti.
Erronka txiki horiek bandan giro ona eta gauzak egiteko gogoa egoteko laguntzen dute?
Bai, noski! Bestela ezinezkoa izango litzateke banda aurrera eramatea. Astean birritan ordu eta erdiz elkartzen gara, urtean 18 kontzertu eskaintzen ditugu eta guztira 80 entsegu inguru egiten ditugu. Elkarri ikusteaz aspertuta gaude. Lagun arteko giroa dugu bandan, baina horrelako gauza bereziak egitea berebizikoa da aurrera egiteko. Lan bolondresa egiten dugu eta ahalegina eskatzen digu, baina gogoz egiten dugun zerbait da.
Gaur egun nolako egitura duzue bandan?
45 lagun inguru gaude eta gehienak eibartarrak gara, baina badago Debabarreneko beste herrietako jendea ere. Soraluzen eta Ermuan bandarik ez dagoenez, gurean aurkitzen dute tokia. Azken hiru urteetan gure jarduna bi denboralditan banatu dugu: urritik apirilera arte Coliseo antzokian jotzen dugu eta gainontzeko hilabeteetan kalean.
Orain, San Juan jaiak datoz. Sasoi berezia izaten da zuentzat?
Bai, ederra izaten da. Untzagan, gauerdian, San Juan ereserkia jotzen dugunean, asko gustatzen zait. Aurtengoan, gainera, gaur kontzertu berezia eskainiko dugu eta astebete barru danborrada dator, ordutegi aldaketarekin. Gure aldetik ondo datorkigu aldaketa hori, San Juan Eguneko kontzertuari begira atseden hartzeko denbora gehiago ematen digulako. Ea aldaketa horrek nola funtzionatzen duen eta jende gehiago erakartzen duen. Izan ere, azken urteotan jende gutxiago egon da danborrada ikusten.
Udara begira, Sanjuanetan amaitzen duzue jarduna edo emanaldi gehiago eskainiko dituzue?
Uztailaren 5ean Toribio Etxebarria kalean eskainiko dugu denboraldiko azken kontzertua (euria egingo balu, udaletxeko arkupean). Azken urteetan egin bezala, errepaso moduko bat egingo dugu. Horrela, musikoei eta publikoari gustatu zaizkien piezak hartu eta horrekin emanaldia eskainiko dugu. Kurtso amaierako kontzertua bezala planteatuko dugu.
2021eko irailean hasi zenuen zure ibilbidea Eibarko Musika Bandako zuzendari bezala. Nolako urteak izan dira? Zein balorazio egiten duzu?
Oso urte biziak izan dira. Profesionalki musika munduan nabil eta zuzendari bezala izan nezakeen lanaren inguruan ideia bat eduki nezakeen, baina egunerokotasunak errealitatea zein den erakutsi dit. Sekula ez zait kostatu hona etortzea, oso motibatuta nagoelako eta asko gustatzen zaidalako. Gogo handiz egiten dudan zerbait da. Orain, esperientzia gehiagorekin, gauzak lasaiago hartzen ditut eta, agian, ordu gutxiago eskaini behar dizkiot nire jardunari. Gainera, azken urteetan publikoan gorakada egon da, bandan musikari gehiago ditugu eta askoz ere talde egonkorragoa dugu. Beraz, zuzendari bezala oso motibatuta jarraitzen dut.
Gauza asko egiten dituzue, gauza berri asko, baina zeintzuk dira epe labur eta luzera dituzun erronkak?
Erronka eta ideia batzuk baditut, bai. Poliki-poliki joango gara gauzak egiten. San Juan jaien inguruan eskainiko dugun kontzertu berezi horren formatuari eustea nahiko nioke, beste talde batzuekin elkartrukeak egitea nahiko genuke, umeentzat kontzertuak prestatu... Gauza berezi gehiago egitea nahiko genuke. Bestalde, zehaztuta dugun egutegiak zenbait jarraibide markatzen dizkigu, baina dugun marjenarekin beste gauza batzuk egiteko aukerekin jolastea gustatzen zaigu. Urte batzuetarako ideiak baditugu behintzat.