Andres San Millan, artista: "Berba egin barik, gorputzarekin komunikatzen du MAN-ek"

Andres San Millan, artista: "Berba egin barik, gorputzarekin komunikatzen du MAN-ek"
2013/02/19 00:00
eta kitto!

- Noiztik eta zergatik bizi zara Nueva Yorken?
Alwin Nikolaisen eskolan dantza ikastera etorri nintzen eta hemen bizi naiz 1983az geroztik. Bartzelonan irakasle nuen Gilberto Ruiz Lang-ek gonbidatuta, ikastaroa ematera etorri zen Lynn Levine dantzari estatubatuarraren pistari jarraituta ailegatu nintzen honaino. Bere irakasgaiak eta teknikak izugarri gustatu zitzaizkidan, baina are gehiago harritu ninduen nire irakasleari zein ikaslerik hasiberrienari errespetuz betetako berba egiteko bere moduak. Bertute inbidiagarriak zituela pentsatu eta bera zegoen tokira joatea erabaki nuen, berarengandik ikasi ahal izateko. Irungo Dori nire lagunaren eskuzabaltasunari esker Nueva Yorkera ailegatu nintzenerako nire irakasle maitea jada ez zegoen Nikolaisen konpainiarekin. Eta horrela, ia konturatu barik "Amerikak egiten" hasi nintzen hiru astez bizilekutzat izan nuen logelan, lau hilabeterako dirua besterik ez nuela eta ingelesez tutik jakin barik.

- Zein da han egiten duzun lana?
Artearen diziplina ezberdinak lantzen ditut. Nire lehenengo maitasun artistikoa dantza izan zen, baina Margueriterekin ezkondu eta lehenengo seme-alabak, Ezra eta Magdalene jaiotzean, etxeak margotzen hasi behar izan nuen, dantzak ez zuelako dirurik ematen. Hortik pintura dekoratibora pasatu nintzen: Manhattanen pintore jardun nuen eta nire kabuz estenzil teknikari jarraituta dekoratzen, marbolizatzen, mural txikiak egiten ikasi nuen. Bila joan barik nire arte-gogoak eszenatokiraino eraman ninduen berriz ere. Eszenografiak eta orotariko objektuak, jantziak, argiztapenak-eta osatzen topatu nuen nire burua. Baina Manhattan diru gutxi duen familia gazte batentzat gogorra da eta hiriaren iparraldera joan ginen. Hemen, Duchess konterrian eta Scripps familiaren eskuzabaltasunari esker, Franklyn Alexanderrekin pintura eta giza-irudiaren marrazketa ikasten hasi nintzen. Ezra seme nagusiak 6 hilabete zituela, gerora Cocoon Theatre izango zena hasi genuen emazteak eta biok. Umeendako txotxongilo-antzoki apal modura jaio zena gaur egun arte bisual eta antzerkiaren irakaskuntzarako elkartea da. Hemen eszenografia diseinatu eta osatzen dut, dantza klaseak ere ematen ditut, dantzan egiten dut, margotu eta eskulturak egiten ditut. Hainbat ikastetxe publikotan klaseak ematen ditut. Bestalde, kalejirak asko gustatzen zaizkit eta sarritan horrelakoetarako karrozak egiten ditugu. Nire lanetako asko www.figurearscape.co edo www.cocoontheatre.org guneetan ikus daitezke.

- MAN da zure lanik berriena. Nolakoa  da?
Makurtutako gaztea da, bere oinetan eta ezker eskuko hatz erakuslean kulunkatzen. Lau bat metro dauzka eta oso-osorik Hudson errekako egurrarekin egin dut, elkar gurutzatzen diren adarrekin. Giza gorputzaren mugimendu, energia eta anatomiari fidel izaten ahalegindu naiz. MAN bere ingurumenari lotutako gizona da eta bere espresioarekin giza-oreka lurrarekiko arretan datzala dioela dirudi. Inguratzen duenaren kontra borrokan jardun beharrean, MAN-ek entzun egiten du, bera sortu eta elikatzen duen lurraren zati bat da. Berba egin barik, gorputzarekin komunikatzen duen gizona.

- Zergatik Hudsoneko adarrak?
Espresiorako azkartasun eta askatasuna emango zidaten materialekin jardun nahi nuelako, tamaina handiko lana sortzen ahalbidetzearekin batera. Gainera, oso material ugaria eta merkea da eta gauzak ustekabean eta pobretzat dauzkagun materialak erabilita sortzeko ideia gustatzen zait. Originaltasun zaporea dauka!

- Eskultura ipintzeko ekitaldia bera artelan modukoa izan zen, berezia, ezta?
Kalejira eta ezustekoren bat gordetzen duten "happening" direlakoak batu nituen, harridura eragiteko asmoz. Eta lortu nuen. Prentsak zerbait aurreratu zuen arren, inork gutxik espero zuen gertatutakoa, are gutxiago ezer ulertzen ez zuten gidariek: ordura arte ibilgailuak baino ez zeuden tokian bapatean adarrez egindako gizon honekin topo egin zuten! Artearen garraiobidea bera arte bihurtzeko ideia bururatu zitzaidan. Artelana erakusketa aretora eramateak lana objektu komertziala bihurtuko lukeela iruditu zitzaidan. Baina garraioa abentura parte-hartzaile bihurtzean, aldiz, arteak komunitatearekiko duen funtzioa bete zuela uste dut.

- Zer asmo daukazu etorkizunera begira?
Asko gustatuko litzaidake Eibarren zerbait sortzea. Artile-ko Isabel arrebarekin eta Lisker taldeko Javier Zabala lagunarekin batera antzerki edo bestelako jardueraren bat nola antolatu eta finantzatu pentsatzen dihardugu. Semea, hiru alabak, Marguerite eta seiok arte munduan dihardugu, oraindik ere inspirazioa eragiteko zein jasotzeko modu bila.