Andres San Millan: “Gauzak bihar ondo egongo direla pentsatu nahi dut, baina ebidentziak ez du hori esaten”
Orain dela ia bi urte, 2024ko azaroan, Andres San Millanek Arrate Kultur Elkartean egin zuen erakusketa aprobetxatu genuen berarekin aurrez aurreko elkarrizketa egiteko, baina oraingoan pantailaren beste aldetik erantzuten digu, New Yorkeko goiz atseginean. Beti bezain umoretsu hartu du gure deia, pozik euskaraz jardungo duelako. “Azken hilabeteotan Mari Carmen Gorosabel lagunarekin astero elkartu naiz bideo-dei bitartez euskara praktikatzeko. Ez dakit gogoratzen duzun, baina aurreko elkarrizketan ez nintzen gai euskaraz egiteko”, diosku harro.
Euskara praktikatzeaz gain, beste zerbait eduki duzu esku artean urte eta erdi honetan: erretaula.
Ba gauza biak oso lotuta daude. Erabiltzen dudan materiala egurra da, uretan flotatzen egoten diren egur zatiak. Euskaraz badago berbarik hori adierazteko? Ingelesez driftwood esaten zaio. Egur zati horiek uretan alde batetik bestera dabiltza, norabide jakinik gabe, hiltzen ari dira, eta bizi berria ematen diet. Orduan, zein zen arazoa edo arrazoi nagusia nik euskaraz ez egiteko? Gerra, Franco madarikatua. Berak pentsatu zuen berarentzat ona izango zela gure hizkuntza debekatzea, hizkuntzan dugulako norberekotasuna. Eta zer da norberekotasuna? Sustraiak. Zuhaitza ahaltsua izango da, sustraiak indartsuak baditu. Gauza bera gertatzen da pertsonekin: sustrairik gabe, jendea hil egingo da. Norabiderik gabe dagoenari nahi duzuna egin ahal diozu, ez duelako sustrairik. Gerrek hori egiten digute.
Hori zen abiapuntua, baina argi zeneukan zer sortu nahi zenuen?
2004ko tsunamiaren ondorioz, 220.000 lagun inguru hil ziren 14 ordutan. Asko! “Zertarako hainbeste heriotza? Zertarako gaude Lurrean?”, galdetzen nion neure buruari. Lurra toki zoragarria izan daiteke, baina ‘pin, pan, pun’ elkarri hiltzen ari gara. Zergatik? Zertarako? Hori da erretaulak erantzuten duen galdera nagusia. Elizara joanez gero, erretaula handi bat ikusiko duzu, San Andresen adibidez (asko maite dut hango erretaula), baina zertarako daude? Erretaulak aldarearen atzean egoten dira eta zenbait gauza irudikatzen dituzte. Elizan, bildotsa (edo Jesus) aldarean hiltzen da eta atzean santuak, Bibliako pasarteak eta abarrak ditugu. Nire erretaulak aldareekin du lotura. Izan ere, gutxi gorabehera, gauza berdinak dira: aldarean gertatzen dena eta atzean dagoena ia-ia berdina izaten da. Nire erretaulan jende pila bat dago eta ez dira santuak, ez Jesus ez Maria, zu eta ni gara, jende arrunta, hiltzen duten jende hori. Egun hauetan gertatzen dena ikusten baduzu, adibidez, Iranen, non 160 neska hil dituzten eskola batean, ez dakit zer esan horren aurrean. Gu gara hiltzen ari diren jendea, eta zertarako? Ez dago arrazoi onik. Lagun batek galdetu zidan ea zergatik den marroia erretaula. Banekien marroia izan behar zuela eta ez nekien zergatik, baina orain bai: odolarengatik. Odola, lehortzen denean, marroixka delako. Erretaula hau esnatzeko eta gauza onei begietara begiratzeko oihua da.
Zer irudikatzen du erretaulak?
Gizon eta emakume erraldoi bana agertzen dira, baina besorik gabe eta bost kutxatan sartuta. Ezin dira mugitu eta ezin dute ezer egin, eta hori gara gu hain zuzen ere. Egoera hau aspalditik dator eta guk ezin dugu ezer egin. Orduan, zergatik sinistu dut gauzak onak izan daitezkeela? Ezin da, ezin da! Gauzak bihar ondo egongo direla pentsatu nahi dut, baina ebidentziak ez du hori esaten. Are gehiago, egoera okerrera doa. Bestalde, dualismoan bizi garen artean (bai eta ez, ona eta txarra, beltza eta txuria), ezin dugu ezer egin, eta hori esaten du erretaulak. Gizonaren eta emakumearen figuren artean gu agertzen gara, baina txiki, tsunamiak sortutako zoramen horretan, Pablo Picassoren ‘Gernika’ koadroan bonba artean daudenak bezala.

Eibarren erakutsi zenituen lanak ibai ertzetan jasotako egurrekin eginak zeuden. Horrela izan da oraingoan ere?
Bai, gauza bera egin dut. Hori bai, oso pieza handiak erabili ditut, 10 metro ingurukoak.
Prozesu horretan guztian zein izan da gauzarik zailena?
Oso prozesu ona izan da. Adibidez, orain euskaraz hitz egiten ari naizelako (barreak). Bestalde, ni ez naiz ingeniaria eta ez dut inoiz eskultura klaserik jaso, eta neure buruari askotan galdetu diot, “Andres, zergatik nahi duzu horrelako zerbait egin? Ez dakizu-eta nola egin!”.
Eta zergatik egin duzu ba?
Erantzuna sinplea da: “Eta zergatik ez? Egin dezakezu, esango dizut nola”, esaten dit barreneko ahotsak. Azkenean, bidea aurkitzen dut. Askotan gauerdian altxatzen naiz gauzak nola egin pentsatzen. Hasieran ordu horietan altxatzen nintzenean, beldurra sentitzen nuen, baina poliki-poliki ulertzen hasi nintzen ordu horiek oso onak direla niretzat, ordu horietan argia eta erantzuna etortzen zaizkidala, eta gauza hauek nola egin ahal izateko erantzunak jasotzen ditudala. Harrezkero, niretzat ondo dago goizeko 3etan altxatzea gauza hauetarako.
Beraz, obra honek loa kendu dizu, baina gustora sentitu zara horrela?
Oso gustora, gauza onak etorri zaizkidalako.
Zein asmorekin sortu duzu erretaula? Hau da, erakusketa bat egiteko? Eliza batean jartzeko?
Hasieran, lan honetarako tokia aurkitu nuen. Orain dela bi urte ez nekien horrelako gauza bat egingo nuenik, baina emakume bat etorri zitzaidan: “Zu artista zara eta nik arte-galeria berri bat ireki behar dut. Ikustea nahiko zenuke?”. Baietz erantzun nion eta berehala joan nintzen. Horrela, bertako lehen artista bihurtu naiz. Nire bizitzan zehar gauza handi asko egin izan ditut, baina inoiz ez hain handia. Lokala ikusi nuenean, nire ahotsek zera esan zidaten: “Andres, aukera hartu eta edozer gauza egin”. Kasu egin eta segituan marrazkiak edo zirriborroak egin nituen emakumeari erakusteko.

Beraz, lokal horretan egongo da ikusgai zure lana, ezta?
Bai, hori da. Obra oraindik ez dago amaituta (elkarrizketa apirilaren 20an egin genuen), baina maiatzaren 8an aurkeztuko dugu.
Inguru hartan dagoen norbaitek elkarrizketa irakurriko balu, nola deitzen da galeria eta non dago kokatuta?
Bank Art Galleryn (94 Broadway, Newburgh, NY) egongo da ikusgai. Beraz, norbaitek ikusi nahi izango balu, bertatik pasa daiteke edo, bestela, nirekin harremanetan jarri. Ni oso pozik nago nahi duenari erakusteko!
Zaila izango litzateke erretaula Eibarrera ekartzea?
Bai, oso zaila da, baina horrelako gehiago egitea gustatuko litzaidake. Beraz, Eibarren horretarako tokirik balego, deitu mesedez.