ANDRES SAN MILLAN: “Tokian tokiko jendeari zerbait esaten dion obrak egitea gustatzen zait”

Domekara arte egongo da New Yorken bizi den artista eibartarraren erakusketa Topalekuan ikusteko aukera
ANDRES SAN MILLAN: “Tokian tokiko jendeari zerbait esaten dion obrak egitea gustatzen zait”
2024/11/14 16:30
eta kitto!

Arrate Kultur Elkartearen Topalekuak erakusketa berezia jasotzen dihardu domekara arte (astegunetan 19:00etatik 21:00etara, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara), New Yorken (AEB) bizi den Andres San Millan artista eibartarraren lana dagoelako bertan ikusgai.

Eibar inguruko ibaietan eta hondartzetan bildutako egur zatiak hartu eta Eibarko langileen omenezko eskultura egin du San Millanek. ‘Eibar, donde el trabajador es arte. En busca de una nueva mitologia vasca’ da erakusketaren izenburua eta urte asko atzerrian bizi arren, herria barrenean daramala erakusten du bertan. Egun hauetan berriz ere Eibartik joango da artista, baina bere obra hemen geratzea gustatuko litzaioke: “Beste toki batean ez luke zentzurik izango, Eibarrentzat egina dago”.

 

Zer moduzko esperientzia izan da berriz ere Eibarren erakusketa bat egitea?

Demasa izan da. Lagun eta ezagun asko ikusi ditut berriz ere hainbeste urteren ondoren, eta zoragarria izan da. Asko poztu naiz.

‘Eibar, donde el trabajador es arte. En busca de una nueva mitologia vasca’ da erakusketaren izenburua. Zer islatu nahi izan duzu?

Buruan dudana kontatu ahal dizut, baina azkenean eskulturak pertsona bati esaten diona ez da zertan artistak islatu nahi izan duenaren berdina izaten. Lan honekin Eibarko langileak ondratu nahi nituen. Horrelako eskulturak egin izan dira, baina nire ikuspuntutik egin nahi nuen. Horretarako, mendian, ibaietan eta itsasoan jasotako egur zati txikiak erabili ditut. Izan ere, niretzat egur zati bakoitzak gutako bakoitza irudikatzen du, eta denak elkarrekin daudenean sinbolo bat ikusten dugu. Eibarko industrian (metalgintzan, armagintzan…) ibili diren langileak makiltxo bakoitzean daude irudikatuta, eta denek batera industriako langile baten irudia osatzen dute. Ez ditut negozioen jabeak irudikatu izan nahi, baizik eta langile xumeak.

Zergatik?

Langile horiek ez dituztelako inon ere aipatzen. Enpresari famatuak, asmatzaileak, presidentea, erregea… horrek aipatzen dituzte beti, piramidearen goiko aldean daudenak, baina gu piramidearen beheko aldean gaude eta inork ez gaitu aipatzen.

Eskulturan, ordea, gizaki irudi bat baino gehiago azaltzen dira. Zer irudikatzen dute?

Industriako langilea ez da herriko industriaren irudi bakarra, gehiago daude. Eibarko beste sinbolo bat baserritarrak dira. Gaur egun ez da horrela, baina lehen asto gainean jaisten ziren herrira barazkiak saltzera. Gora eta behera ibiltzen ziren egunero, demasa da, eta egindako lan gogor horregatik baserritarrak ere ondratu nahi nituen. Eurak barik ez ginateke hemen egongo eta ez ginateke bizi garen moduan biziko. Izan ere, Eibar zoragarri ikusten dut gaur egun. Kalitatezko eraikinak daude, jendea nahiko ondo bizi dela dirudi, kaleaz gozatuz, ez dago pobreziarik, umeak jolasten ikusten dituzu… Demografia ezberdina da eta beste herrialde batzuetako jendea bizi da Eibarren, eta badirudi denon arteko harremana ona dela. Hori zoragarria da! Hori ikusi dut egun hauetan behintzat, ikuspuntu partziala da.

Euskal mitologia berriaren bilaketa aipatzen duzu izenburuan. Zer esan nahi duzu horrekin?

Zerbait goraipatzen dugunean sinbolo bihurtzen dugu, eta sinboloak mito edo legenda bihurtzeko gaitasuna dute. Nork daki eskulturan goraipatzen ditudan sinboloak mito bihurtuko diren ala ez, horregatik jarri dut euskal mitologia berriaren bilaketa dela.

Eskulturaz gain, beste eskultura batzuen argazkiak ikusi daitezke erakusketan. Zein zentzutan dira bata bestearen osagarriak?

Giza-irudiari buruzko lanak dira guztiak. Langileekin zerikusia duten hainbat lan egin ditut dagoeneko eta argazkietan agertzen den irudi batzuek gai horrekin zerikusia dute. Langileen eskulturak egiterakoan konturatu nintzen mailu eta zizel bana jartzea nahiko inozentea zela, horrek ez duela langile bat irudikatzen. ‘Nor da igeltsero bat?’, galdera etorri zitzaidan burura. Juan Perez igeltseroa izan daiteke, baina 08:00etatik 16:00etara bakarrik da igeltseroa, eta 22 urte zituenetik jubilatu arte (hori lan-bizitza guztian igeltsero lana egiten badu). Hau da, bere bizitzaren espazio jakin batean da igeltseroa. Ohera lotara joaten denean ez da igeltseroa, adibidez. Orduan, zer da igeltseroa izatea? Ilusio bat, mito bat, buruan asmatzen dugun zerbait. Juan Perez gizaki bat da. Gizakiak eskultura batean gorputz figurekin irudikatzen ditut, eta gorputzak langileen irudiak dira. Ez bakarrik egin nahi ez duen hori egiten duen gorputz bat, baizik eta maila guztietan. Orain, elkarrizketa honetan, gure gorputzak lanean daude, aktibo daude, egoerara egokitzen dira, badakite nola egokitu, egoera ulertzen dute eta egokitzen dira. Hori da gorputzen eta buruaren adimena, hau da, gizakiaren ulerkuntza. Hori bildu nahi izan dut lan honetan.

Nola moldatu zara hemen inguruan bildutako egur zatiekin horrelako eskultura bat egiteko?

Urriaren 20an heldu nintzen Eibarrera eta eskulturaren ideia bakarrik nuen buruan. Ez nuen erremintarik edo makiltxorik ekarri. Javi Zabala lagunari etorriko nintzela esan nion eta aurkituko genuela lana gauzatzeko modua. Erremintak eta lan egiteko tokia aurkitu genituen, eta materiala Debako eta Saturraraneko hondartzan lortu dugu, besteak beste. 16 egun behar izan ditugu lana egiteko.

Tokiak eta inguruneak baldintzatu egiten du obra bat egiteko orduan? Hau da, obra hau New Yorken berdin-berdin egin ahal izango zenuke, adibidez?

Teorian bai, materiala eta espazioa baduzu behintzat. Barneko tokietan lan egin izan dut eta baita kanpoaldean ere. Ibai bazterretan egin izan dut lan askotan, adibidez. Hori bai, obra ezberdina izango litzateke, tokian tokiko jendeari zerbait esaten dion obrak egitea gustatzen zaidalako. Nire asmoa toki ezberdinetara joatea eta bertako jendearentzat obrak egitea da. Publiko aurrean lan egitea asko gustatzen zait, jendearekin berba egitea, eta abar.

Eibarko publikoak nola jaso du hemengo langileen omenez egindako obra hau?

Jendeari asko gustatu zaio eta gustatu ez zaienek ez didate ezer esan (barreak). Jendea harritu egin da egur zati txikiekin horrelako eskultura bat egiteagatik. “Nola aurkitu dituzu toki bakoitzerako egokiak diren egur zatiak?”, galdetzen didate. Gustatzen zaizkidan zatiak aurkitzen ditut, gustatzen zaizkidan formak, eta gero non jarriko ditudan pentsatzen dut. Egur zatiak pilatzen ditudanean sortzen eta forma ematen hasten naiz.

Eskulturaz gain, arte diziplina anitzetan ibili izan zara. Zerk eramaten zaitu modu batera edo bestera espresatzera?

AEB-ra dantza egiteko asmoz joan nintzen eta oraindik dantza egiten jarraitzen dut. Asko gustatzen zait. Denetik egin nahi dut. Jakinmin askoko sasoian hazi nintzen. Jakinmina ospatu egiten zen, pixka bat denetik jakin nahi genuen. Pelikulak ikusi eta aztertu egin behar genituen, eta liburuekin berdin, irakurri eta aztertu egin behar genituen. Ezagutzaren erronka hori genuen. Horrela, egiten dudan artea barrenean dudan jakiteko gogo horren parte da. Inork ez daki den-dena, baina jakiteko gogoa hor dago. Inoiz ez dut neure burua moztu gauza bat egin nahi izan dudanean, kontrakoa. Zerbait egiteko aukera badut, egiten saiatzen naiz, ondo edo gaizki egin, beti ikasten delako zerbait. Dantza egitea, margotzea, zizelkatzea eta antzerkia egitea asko gustatzen zait. Karroza asko ere egin izan dut, Eibar barrenean eraman dudalako beti, eta Sanjuanek asko inspiratu naute zentzu horretan.

Jakinmin horrek Eibartik joatera bultzatu zintuen? Ezin izango zenuke gose hori asetu Eibarren geratuz gero?