AndretxeaSEXek pornografiari eta sexualitateari buruzko hitzaldiak eskainiko ditu

AndretxeaSEXek pornografiari eta sexualitateari buruzko hitzaldiak eskainiko ditu
2026/02/12 11:31
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko AndretxeaSEX zerbitzuak doako hitzaldi irekiak antolatu ditu, sexu-hezkuntzaren arloan hausnarketa sustatzeko eta tresna praktikoak eskaintzeko. Lehenengoa, 'Pornografia deseraikitzen', otsailaren 16an, astelehena, 18:00etan izango da Andretxean, eta jarduera elebiduna izango da.

Hitzaldiaren helburua pornografiaren inguruko ulermen kritikoa sustatzea da: zer den, nola sortzen den eta zein mezu transmititzen dituen aztertuko da. Halaber, porno komertzialean agertzen ez diren gaiak jorratuko dira, hala nola akordioak, dibertsitate falta, gorputz errealak eta emozioak. Parte-hartzaileek desioan, baimenean eta benetako harremanetan oinarritutako sexualitate-hezkuntzarako tresnak jasoko dituzte, eta pornoaren aurrean norbanakoaren eta gizartearen erantzukizuna aztertzeko aukera izango dute.

Hitzaldi honen ostean, AndretxeaSEXek hurrengo jarduera hauek eskainiko ditu:

  • Sexualitatea eta zahartzaroa: martxoak 24, asteartea, 18:00etan.
  • Familiak eta sexualitatea: nola lagundu haur eta nerabeei: maiatzak 7, osteguna, 18:00etan.
  • Sexualitatea eta aniztasun funtzionala: ekainak 9, asteartea, 18:00etan.

Era berean, AndretxeaSEXek aholkularitza sexologikoko doako zerbitzua eskaintzen du herritar guztiei. Zerbitzu honen bidez, orientazioa, laguntza eta aholku praktikoak jasotzea posible da, hilabeteko lehenengo asteartean, 17:00etatik 19:00etara, aurretik hitzordua eskatu ondoren (943 54 39 38 / 688 85 34 40).