21 urteko gazte bat hil da Elgoibarren, bi autok aurrez aurre talka eginda
Beste lau lagun zauritu dira igande gauean, GI-2634 errepidean izandako istripuan. Donostiako eta Mendaroko ospitaleetara eraman dituzte.
2026/11/16
10:48
eta kitto!
21 urteko gazte bat hil da eta beste lau lagun zauritu dira igande gauean Elgoibarren izandako trafiko istripuan. Bi autok aurrez aurre egin dute talka, 22:30 inguruan, GI-2634 errepidean, Elgoibar parean, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Ibilgailuetako batean zihoan gaztea istripuaren ondorioz hil da. Bertaratu diren osasun-langileek suspertzeko ahaleginak egin dituzte, baina ezin izan dute haren bizia salbatu.
Beste lau lagun ere zauritu dira istripuan. 31 eta 21 urteko bi gizon eta 20 urteko beste bi lagun dira zaurituak. Donostiako eta Mendaroko ospitaleetara eraman dituzte.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripua nola gertatu zen argitzeko.