ANE ALBISU (Eibarren AKEBAI): “Euskal hiztunok gure hizkuntza eskubideak defendatu behar ditugu”

ANE ALBISU (Eibarren AKEBAI): “Euskal hiztunok gure hizkuntza eskubideak defendatu behar ditugu”
2023/07/18 18:16
eta kitto!

Beldurrak, zalantzak eta ohiturak astindu nahi dituen egitasmoa da ASTINDU. Eibarren AKEBAI-k sortua, eibartarrek eta Eibarko zerbitzuetako erabiltzaileek hizkuntza eskubideen inguruan izan ditzaketen zalantzak, kezkak, galderak... jasotzeko eta argitzeko kanala da, bertokoa, gertukoa eta herrikoia. AKEBAIko Ane Albisuk dioen moduan, euskaldunok gure hizkuntza eskubideak defendatzen ez baditugu, zeinek defendatuko ditu?

Zer da ASTINDU EIBAR?
Herritarrentzako zerbitzua da. Egitasmoa 2021ean sortu zuen AKEBAIk eta orain bultzada bat eman nahi izan diogu. Hizkuntza eskubideen atari bat da, Eibarko zerbitzuetako erabiltzaileek hizkuntza eskubideen inguruan dituzten zalantzak, kezkak eta iradokizunak planteatu ditzaten. Gure egunerokoan euskaraz jarduteko eskubidea daukagu (administrazio publikoarekin ditugun harremanetan, bi hizkuntza ofizialetan ikasteko eskubidea daukagu, komunikabideetatik informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea daukagu...), baina gure eskubideak baldintzatuak eta mugatuak daude, legediak berak babes nahikoa eskaintzen ez digulako. Herritarrok ez dakigu zer egin behar dugun eskubide horiek bermatuak izateko, eta horretarako daukagu Astindu.

Aurreko astean ASTINDUren berri ematen duen diptikoa banatu duzue Eibarko etxebizitzetan...
Hizkuntza eskubideak oinarrizko giza eskubide bezala defendatzeak duen garrantziaz konsziente izan behar dugu. Ezjakintasun handia dago gai honen inguruan, eta askotan herritarrok ez dakigu hizkuntza eskubideak ditugunik ere. Horregatik, alde batetik informazio hori helarazi nahi dugu, eta, bestetik,  administrazio publikoarekin harremanetan eta edozein establezimendutan edo kalean hizkuntza eskubideen inguruan sortu ahal diren zalantzak argitzeko gaudela azaldu nahi diegu herritarrei. ASTINDU kanala erabiltzera animatu nahi ditugu, azken batean gehienbat herritarrok garelako aldaketen eragile. Zerbitzu hau erabilita, horrek eragina dauka eta aldaketak eragin ditzake.

Zerbitzua bertokoa, gertukoa eta herrikoa dela diozue.
Zerbait gertukoa sortu nahi genuen. Egia da ez dela zertan eibartarra izan AstindU erabiltzeko. Azken batean Eibarko zerbitzuen erabiltzaile diren herritar guztiek erabili dezakete, eibartarrak izan ala ez.  Euskal Herri mailan badago Hizkuntza Eskubideen Behatokia delakoa, eta eurekin elkarlanean aritzen gara. Eibarren helburu berarekin sortu genuen ASTINDU, baina gertutasun horretan oinarrituta. Guk hemengo erakundeekin, establezimenduekin eta enpresekin harreman zuzena daukagu, eta herritarrarengandik hurbilago egoteko aukera daukagu.

Planteatu ahal ditugun gaiak eta kexak nolakoak izan daitezke? Adibideren bat jarri dezakezu?
Kexa, zalantza eta iradokizunak anitzak izan daitezke. Izan daiteke, esaterako, arreta euskaraz jaso nahi dudala baina gazteleraz egiten didatela; izan daiteke paisaia linguistikoarekin lotutakoa (nire auzoko dendetako erakusleihoetan kartelak gaztelania hutsean daudela...). Holako gauzak Astindun kontsulta daitezke, horien aurrean zer egin daitekeen jakiteko. Askotan izaten da ezjakintasuna edo herritarra bera ez dela ausartzen zuzenean hori eskatzera. Guk eskaintzen dugu behar duten laguntza eta bitartekari lana egiten dugu.

Esan daiteke, beraz, euskaldun hiztunok haratago joateko, ahalduntzeko eta gure eskubideak aldarrikatzeko deia egiten duzuela.
Eibarren AKEBAI sortu zenean gure helburua zen Eibar euskadunago bat lortzea. Euskaratik urrun daudenak euskarara hurbildu behar ditugu, baina egia da euskaldunok ahaldundu egin behar garela. Hasteko, gure hizkuntza eskubideak zeintzuk diren ezagutu behar dugu, guk defendatzen ez baditugu inork ez dizkigulako defendatuko. Gu izan behar gara eskubide horiek babestea eskatu behar dugunok. Gure hizkutza eskubideak aldarrikatu behar ditugu,

Diptikoan azaltzen duzuen moduan, gauzak modu baikor eta eraikitzailean egitea lehenesten duzue. Zer esan nahi duzue horrekin?
Modu baikor batean eramaten ditugu gauzak aurrera. Ulertarazi behar dugu aldaketa hauek denon onerako direla. Zerbitzu batean ikusi baldin badugu kartela gaztekania hutsean dagoela eurekin kontaktuan jartzen gara eta baliabideak eta laguntza eskaintzen diegu (itzulpenak, zuzenketak...), eta ulertarazten diegu modu horretan euskal hiztunon hizkuntza eskubideak errespetatzen direla, baina aldi berean euren zerbitzuaren kalitatea hobetzea dakarrela. Denon onerako da hizkuntza eskubideak bermatzea.

Zeintzuk dira herritarrok ASTINDUrekin harremanetan jartzeko ditugun bideak?
Alde batetik, presentzialki Portalean gaude, bigarren solairuan; korreo elektronikoz ere jarri daitezke gurekin harremanetan, eibarrenakebai@gmail.com helbidean; eta telefonoz ere deitu daiteke 943 708426 zenbakira. Gainera, AKEBAIko webgunean formulario bat dago. Hori betetzen badute guri zuzenean iristen zaigu eskaera.

Orain arte nolako kexak egon dira?
Mota guztietakoak izan dira. Adibidez, "udaletxera deitu  dut eta gazteleraz erantzun didate". Herritarrak eskubide osoa daukate arreta euskaraz jasotzeko. Paisaia linguistikoarekin lotutakoak ere izan ditugu, adibidez kartelak erdara hutsean daudelako, edo euskaraz egonda ere txarto idatzita daudelako.  Zerbitzu horiek eskaintzen dituztenekin harremanetan jarri eta laguntza eskaintzen diegu. Normalean asko eskertzen dute eta erantzuna ona izaten da.