ANE LIZARRALDE, Euskaraz Primeran!: "Herritarrak aktibatzea izango da hurrengo erronka nagusia"

Euskaraz Primeran! egitasmoa 2015ean sortu zuen …eta kitto! Euskara Elkarteak, Eibarko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko. Urte hauetan ehunka establezimendurekin egin du lan elkarteak, paisaia linguistikoa eta arreta euskalduntzeko. Aurrerapausoak nabariak izan arren, ohituretan eragitea da oraindik erronka nagusia. Ane Lizarraldek teknikariak dio herritarren inplikazioa funtsezkoa dela euskararen erabileran jauzi kualitatiboa emateko.
2026/04/27 11:03
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarren euskararen erabilera sustatzeko erreferentziazko egitasmoetako bat da Euskaraz Primeran!. Ia 10 urtik gorako ibilbidean, merkataritza eta ostalaritza arloetan eragin zuzena izan du, baina oraindik badira gainditu beharreko erronkak. Ane Lizarraldek, …eta kitto! Euskara Elkarteko kide eta egitasmoaren arduradunak, proiektuaren jatorria, garapena eta etorkizuneko bideak azaldu ditu.

Lehenik eta behin, aurkeztu zer den Euskaraz Primeran!, nondik datorren, zertarako sortu zen…
2015ean …eta kitto! Euskara Elkarteak herriko merkatari eta ostalarien artean galdeketa sakona egin zuen, eta horren ondorioz konturatu ginen hutsune bat zegoela euskararen erabileran. Kontuan izan behar dugu ostalaritza eta merkataritza sektore estrategikoak direla herritarren eguneroko bizitzan eta harremanetan duten eraginagatik. Orduan esan genuen: “Hemen zerbait egin beharra daukagu”. Eibarko Udalarekin eta merkatari zein ostalarien elkarteekin elkartu, eta hortik abiatu genuen Euskaraz Primeran! kanpaina, euren beharrei erantzuteko asmoz.

Nork hartzen du parte proiektuan?
2015ean hasi ginenean egindako galdetegiaren ondorioz, ostalari eta merkatarien establezimenduetara jo genuen banan-banan, zein behar zituzten eta ekimen horretan parte hartu nahi zuten galdetzeko. 200dik gora establezimenduk egin zuten bat; gaur egun bikoiztu egin da kopuru hori. Ondoren, beste hausnarketa bat egin genuen, bakoitzaren beharrak sakonago ezagutzeko.

Zein behar identifikatu zenituzten?
Batez ere paisaia linguistikoa lantzeko beharra zegoela ikusi genuen. Ostalaritzan, adibidez, ardo-zerrendak, menuak edo eskaintzak euskaraz jartzeko beharra nabarmena zen, eta horretan laguntza eskaini genuen.
Bestalde, tabernetan jartzen den musikak ere eragin handia duela uste dugu: euskarazko musika entzuten bada, bezeroek ere euskaraz egiteko joera handiagoa izaten dute.
Merkataritzan ere antzeko egoera zegoen: merkealdietako kartelak edo eskaintza bereziak askotan gaztelaniaz bakarrik zeuden, eta gutxienez elebidunak izateko beharra ikusi genuen.

Proiektua jaio zenetik gaur egun arte, zer-nolako ekimenak egin dituzue?
Euskaraz Primeran!-en barruan, Udalarekin eta merkatari zein ostalariekin hainbat ekimen egin ditugu. Ostalaritzan, esaterako, mantelak banatu genituen, bertan euskarazko eskaintzen adibideekin (kafea, kafesnea, bokadilloak…). Azukreak eta serbilletak ere banatu genituen.

Data berezietan —Gabonak, San Andresak…— ateetan jartzeko oharrak prestatzen ditugu, ordutegi bereziak edo itxierak euskaraz adierazteko.
Bestalde, Gilda Lehiaketa ere nabarmendu behar da; arrakasta handia izaten du, eta herritarrek ohitura hartu dute parte hartzen duten tabernetan buelta bat egiteko. Giro polita sortu da, eta jendea oso aktibo dago.
Merkataritzan, berriz, neguko eta udako merkealdi azokan parte hartzen dugu, herritarrak erosketetan ere euskara erabiltzera animatzeko. Jende asko hurbiltzen da, opariak banatzen ditugu eta zozketak egiten dira.

Nolako erantzuna izan du herrian Euskaraz Primeran!-ek?
Orokorrean, erantzuna ona izan da, eta …eta kitto! Euskara Elkartean pozik gaude. Gainera, establezimenduen artean mailaketa desberdinak ezarri ditugu, bakoitzaren egoera eta konpromisoa islatzeko. Baina, kontziente gara oraindik ere asko dugula egiteko. 

Zeintzuk dira gaur egun ikusten dituzun erronka nagusienak?
Erronka nagusiena, bai herritarrentzat bai ostalari eta merkatarientzat, lehenengo hitza euskaraz izatea da. Hitz bakar batek denak alda dezake. Keinu txiki horrek ateak zabaltzen dizkio euskarari. Hortik aurrera, bakoitzak ikusiko du noraino iritsi daitekeen.
Galdeketa egin eta urte batzuk igaro ondoren, mailaketa sistema bat sortu genuen, egoera desberdinak bereizteko. Horretarako, Euskaraz Primeran!-en pegatina desberdinak ditugu: beltzak adierazten du lehenengo hitza euskaraz egingo dela; zilarrezkoak, paisaia linguistikoa elebiduna dela eta arreta euskaraz eman daitekeela; eta urrezkoak, zerbitzua erabat euskaraz dela.

Pegatinak normalean establezimenduen atean jartzen dira, baina batzuetan barruan ere bai, barra inguruan edo mostradorean. Toki ikusgarriak bilatzen saiatu gara. Hala ere, badira zaharragoak diren pegatinak ere, eta horietan ere euskaraz egiteko aukera egoten da.

Egunerokoan, paisaia linguistikoa kontuan hartuta, zer egoera antzematen dituzue?
Askotan establezimendu batean sartzean atenditzen gaituen pertsonak ez dakiela pentsatzen badugu, joera dugu zuzenean gaztelaniaz hasteko; garrantzitsua da behintzat lehen hitz hori euskaraz izatea: “kaixo”, “egun on”… Gero jasotzen dugunarekin moldatuko gara, baina besteak euskaraz jarraitzen badu, are hobeto.

Aurreiritzi handia dago Eibarren jendeak ez dakiela euskaraz…
Jendeak badaki. Beste kontu bat da ez duela erabiltzen. Egia da euskaldunontzat askotan nekeza dela, beti ari garelako bultzaka, baina lanketa horretan jarraitu behar dugu. Izan ere, askotan, erdaraz ari den bati euskaraz erantzuten badiozu, momentu batean euskarara aldatzen da, edo gutxienez zerbait euskaraz esaten hasten da.

Orokorrean, nolako feedback-a jaso duzue?
Merkatari eta ostalariak oso pozik daude. Alde batetik, askok esan digute pegatina jarri dutenetik jende gehiago hurbiltzen dela euskaraz eskatzera. Saiatu gara, gainera, langileek gutxienez oinarrizko euskaraz jakin dezaten.
Bestetik, merkatariek eskertu egiten dituzte itzulpen zerbitzua eta bestelako euskarriak; …eta kitto!-ren webgunean eskuragarri daude, eta behar izanez gero, doan eskaintzen ditugu.

Aurrera begira, zerbait berririk badator?
Bai, beste ekimen sendo batean gabiltza lanean. Oraindik ezin dugu xehetasunik eman, baina datozen asteetan ikusiko da zertan ari garen, eta uste dugu herritarrei bereziki gustatuko zaiela.
Orain arte ostalari eta merkatarien langileei eman diegu garrantzia, baina oraingoan ekimena zabaldu egingo dugu. Herritarrek ere euren rola hartu behar dute eta esan: “Ni hasiko naiz euskaraz”. Denok izan behar gara pausoa ematen dugunak.

Azkenik, zein mezu helarazi nahi diezu herritarrei?
Euskara zaindu behar dugu, gure hizkuntza da-eta. Txikitatik zahartzarora arte euskararekin bizi behar dugu, eta eutsi egin behar diogu. Denon ardura da; ezin dugu utzi beti batzuek bakarrik tira egitea. Benetan sinetsi behar dugu nahi duguna, eta horren alde jokatu. Gutxienez, lehenengo hitza euskaraz egin dezagun.