Sokamuturraren itzulera salatu dute Eibarren, 200 lagunen elkarretaratze jendetsuan
Eibarko Udaletxearen aurrean elkartu dira gaur arratsaldean 200 lagun inguru, San Juan jaietako egitarauan sokamuturra berriz sartzeko erabakiaren aurka protesta egiteko. Elkarretaratzea hainbat eragilek deitu dute, eta udal gobernuari eta alkateari eskatu diete erabakia bertan behera uzteko, ostegun honetan egingo den ezohiko osoko bilkuraren aurretik.
Kontzentrazioan zehar hainbat aldarri entzun dira, besteak beste: "Ez, ez, ez, sokamuturrik ez", "Jaia bai, sufrimendua ez", "No es cultura, es tortura", "Hau ez da kultura, hau tortura da", "Gure jaietan sokamuturrari ezetz" eta "Zezenak, zelaietara!".
Irakurritako adierazpenean, antolatzaileek gogorarazi dute Eibarko zezen-plaza duela hamar urte baino gehiago itxi zela ikusle faltagatik. Haien arabera, itxiera hori ez zen kasualitatea izan, baizik eta urteetako herri-mobilizazioaren eta sentsibilizazio lanaren ondorio. Prozesu horren ondorioz, zezenketak eta tauromakiarekin lotutako jarduerak jai-egitarautik kanpo geratu zirela adierazi dute, tartean San Juan jaietako enboladoak.
Aurten, ordea, alkateak San Juan jaietako programan hiru sokamutur sartzea erabaki duela salatu dute, behar bezalako adostasun sozial eta politikorik gabe. Prentsa-oharrean jasotzen denez, erabakia justifikatzeko erabilitako argudioen artean dago gazteek urteetan egindako eskaerari erantzuten diola esatea, nahiz eta, antolatzaileen esanetan, ez den zehaztu zein gaztek, zein espaziotan eta zein bidetatik egin duten eskaera hori.
Adierazpenean, antolatzaileek nabarmendu dute ia 1.000 eibartarrek agertu dutela kontrako jarrera azken asteetan, sinadura-bilketen eta herri-ekimenen bidez. Horrenbestez, udal gobernuari leporatu diote herritarren zati handi baten iritzia ez aintzat hartzea.
Gainera, Udalaren norabide horrek Eneko Anduezaren izen-abizenak dituela ere adierazi dute, haren jarrera publikoak zezenketen aldekoak izan direla argudiatuta. Testuinguru horretan, Eusko Legebiltzarrean adingabeei zezen-ikuskizunetan parte hartzea ahalbidetzeko tramitazioarekin lotu dute egungo eztabaida.
Gaztetxearen egoerari ere egin diote erreferentzia. Hamabi urtez gazteek sortu, eraiki eta mantendu duten proiektu komunitarioa desagertu izana salatu dute, eta azpimarratu dute aisialdi eta herri-antolakuntzarako espazioak galtzen diren bitartean halako jarduerak berriz jai-programan sartzea kontraesankorra dela.
Adierazpenean animalien ongizatea jarri dute erdigunean. Sokamuturrean erabiltzen diren animaliek sufrimendu fisiko eta psikologikoa pairatzen dutela diote, eta jarduera horiek beldurra eta estresa aisialdi moduan normalizatzen dutela kritikatu dute. Halaber, NBEko Haurren Eskubideen Batzordearen gomendioak eta 2030 Agendaren printzipioak gogora ekarri dituzte.
Prentsa-oharrean jasotzen denez, antolatzaileek salatu dute jarduera horien atzean interes ekonomikoak ere badaudela. Halaber, adierazi dute sokamuturrak 16.000 euro inguruko kostua izan dezakeela, eta diru hori bestelako kultura eta aisialdi eskaintzetara bidera litekeela defendatu dute.
Amaitzeko, osteguneko osoko bilkuran mozioa babesteko eskatu diete udal talde guztiei, sokamuturra bertan behera uzteko. "Jai moderno, parte-hartzaile, berdintasunean oinarritutako eta indarkeriarik gabekoak nahi ditugu. Jaiak bai, baina animalien sufrimendurik gabe", adierazi dute.