Antonio Cancelok jasoko du Gure Balioak Saria 2015

Antonio Cancelok jasoko du Gure Balioak Saria 2015
2015/10/17 00:00
eta kitto!
Aurtengo Gure Balioak Saria Antonio Cancelo enpresariak jasoko du. Debegesaren ekimenez seigarren urtez emango duten saria Eroskiren sortzailea eta MCC Taldeko presidente ohia den Cancelori ematea erabaki duen epaimahaiak “erantzukizun sozial eta balioenkulturan oinarritutako” ibilbidea eta enpresa-jarduera azpimarratu ditu, besteak beste.
Kanpoan jaio arren "adopzioz" eibartarra den Cancelok euskal enpresa handienetakoa den Eroskiren sorreran parte hartu zuen 1969an eta 1990. urtera arte bertako zuzendaria izan zen. Urte berean Eroski Taldeko presidente izendatu zuten. 1992an, Mondragon Taldeko Banaketa eta Elikadura Dibisioko presidenteorde izan zen eta 1995ean MCC Taldeko Kontseilu Orokorreko presidente izendatu zuten.
Sari-banaketa datorren azaroaren 12an egingo da, Eibarko Coliseo antzokian. Saria, Juan Luis Baroja Collet artistaren brontzezko eskultura, iaz Gure Balioak Saria jaso zuen Sabin Osorok emango dio eta ekitaldian Garbiñe Biurrun epaileak balioen inguruko hitzaldia eskainiko du.