Antton Carretero, Chulería, Joder!: “Asko erabiltzen da post-punk berba, baina gehiago ikusten dut post-a punk-a baino”
Eszenatoki gainean dena ematera datoz Chulería, Joder! taldekoak. Ez dakite beste modu batera egiten, horrela sentitzen dute. Beraz, ekainaren 23an, suaren ondoren, txosnak energia biziz beteko dira punk talde honen doinuekin eta jarrerarekin. Zintzoak dira eszenatoki gainean, tranpa gabe jotzen dute, bene-benetan dutena azaleraziz. Eta asko da hori!
Talde moduan lehen aldia da zuentzat, baina bestela ere izan zarete Eibarko San Juan jaietan?
Ez, ez dut uste behintzat. Aramaiokoa naiz, baina taldeko beste kideak Portugalete eta Santurtzikoak dira eta Eibar ez dute oso eskura. Beraz, toki berri bat ezagutzeko aukera izango da.
Zuen zuzenekoak energia handikoak izaten dira. Jai-giroan, are gehiago?
Nahiko antzera jokatzen dugu beti. Gure zuzenekoak benetakoak izaten dira, gidoirik gabe eta ezer pentsatu gabe. Abestien ordena zein izango den izaten dugu pentsatuta bakarrik.
Orduan, alde handia egoten da kontzertu batetik bestera? Adibidez, publikoaren jarreraren arabera, zuek duzuen egunaren arabera...
Publikoa motibatuta badago, beti izaten da beste gauza bat; baina publikoa aspertuta badago, arrazoi gehiago dugu gu geu motibatzeko eta dena emateko.
Azkenean, hartu-emana egon behar da hor, ala?
Bai, eta hartu-eman hori ez baldin badago, ‘destroy’ moduan jartzen gara gehiago.
Inoiz ez duzue pott egiten?
Ezta gutxiago ere!
Punkak irudi kaotikoa du, baina abestiak sortu behar dira, diskoak grabatu... Hor nolako lanketa dago?
Lanketa, lanketa... Egiten duguna ez nuke lantzat hartuko. Ideia batzuetatik hasita, abestiei forma eman eta, zerbait irten denean, “nahiko punka da” esaten dugu eta kitto. Inoiz ez dugu pentsatu izan: “Nola egiten da punk abesti bat?”.
Eta disko bat planteatzeko orduan, egin ahala sortzen duzue?
Ero-eroan! Ez dugu zera pentsatzen: “Orain ez dakit nolako abesti bat egin behar da diskoa ez dakit zelakoa izateko”. Abesti guztiak ‘kañeroak’ irteten badira, diskoa oso ‘kañeroa’ irtengo da. Abesti lasaiago bat irteten bazaigu eta beste bat poperoagoa, ba kitto. Irteten dena irteten zaigu eta ez dago besterik. Abestiak konposatzeko orduan ez dugu trebetasun nahikoa gero kantak baztertzen ibiltzen aritzeko edo aukeraketak egiteko. Nahiko justu gabiltza.
Orain dela hamarkada batzuk esan zen punka hilda zegoela (“punk is dead”), baina punka entzuten jarraitzen dugu. Nola ikusten duzu gai hori?
Mikroklimak daude. Adibidez, Ezkerraldean punk tradizionalagoa egiten duten taldeak ikusi ditzakezu gehiago eta, bestetik, ‘modernitoagoak’ ere badaude, bibotedun hauek, adidas txandalarekin jotzen dutenak. Agian abesti ‘kañeroak’ dituzte, baina ez dira punk tradizionalaren prototipoa. Orduan, popurri arraro xamarra dago. Asko erabiltzen da post-punk berba, baina gehiago ikusten dut post-a punk-a baino.
Zuen taldeko kide gehienak Ezkerraldekoak dira, beraz, punk tradizionalerantz jotzen duzue?
Hori da, tradizionalagoa. Tu-pa-tu-pa-tu-pa-tu-pa, estribilloa, tun-tun, eta kitto. Eta agian gu ez gara hain tradizionalak. Mugitzen zaren tokiaren arabera, batzuentzat punkiegiak gara eta beste batzuentzat gutxiegi.
Nola bizi duzue musika? Nolako izaera du taldeak?
Ahalik eta gehien jotzea da nahi duguna. Orain arte, urtean 50 kontzertutik gora jo ditugu, nahikoa. Saiatzen gara toki batzuetan jotzen... Hau da, ez dugu BBK Liven joko, ezta 100 euro edo bokadillo batengatik ere. Hasieran agian bai, baina orain proposamen gehiago ditugunez, proposamen erakargarriagoak hartzen ditugu, beti ere nazkagarriak izan gabe.
Azken urtean demaseko oihartzuna lortu duzue. Nola kudeatzen duzue orain aipatu duzun hori?
Hor gabiltza, ez dakigu oso ondo nola egin eta momenturen batean konfunditu egin ahal gara, baina diru asko ematen badigute ere, inoiz ez dugu joko moralki bat egiten ez dugun toki batean.
Zuen kontzertuaren aurretik San Juan sua egingo da txosnetan. Zer botako zenukete sutara?
Munduan gertatzen ari diren mobida global guzti horiek. Ez dakit nola esan. Ez dut esango gerrak eta horrelako gauzak, baina bai miseria guztia eta betikoen erruz herriak sufritzen duen guztia. Bestetik, gure zorigaitz pertsonalak ere botako nituzke. Kantuetan ez dugu politikaz hainbeste hitz egiten, gure gauza pertsonalez aritzen gara askotan, gure kaken, ezinegonen, depresioen eta horien inguruan. Horiek guztiak sutara!