Antzerki Jardunaldiak hilaren 17an aurkeztuko dituzte
Eibarko XXXVII. Antzerki Jardunaldiak martxoaren 7tik apirilaren 10era bitartean izango dira. Egitarau osoa ezagutzeko aurkezpen egunera arte itxaron beharko dugu, baina antolatzaileek aurtengo Antzerki Jardunaldietan izango diren hainbaten izenak aurreratu dituzte: martxoaren 10eko aurkezpenean Els Joglars-eko Albert Boadellak Decalogo para un teatro libre izenburuko hitzaldia emango du. Horrez gain, egitarauan beste izen ezagun batzuk daude: Juan Tamariz magoa, Juan Echanovek zuzendutako Conversaciones con mama lanean parte hartzen duen Maria Galiana (Coliseoan, emanaldi bitan), Asier Etxeandia (El interprete) eta Ara Malikian biolinjole ezaguna (La orquesta en el tejado), besteak beste, Eibarren izango dira.
Emanaldiak, betiko lez, Hezkuntza Esparruko aretoan eta Coliseo antzokian eskainiko dituzte. Egitarau osoa ezagutzera emateko aurkezpen ekitaldia, bestalde, otsailaren 17an egingo da eta sarreren aldez aurreko salmenta handik egun gutxira, otsailaren 22an (zapatua) hasiko da Coliseoko sarreran, 10.00etatik 16.00etara. Otsailaren 23 eta 24an ere bertan izango dira funtzio guztietarako sarrerak saltzen (10.00etatik 14.00etara). Horrez gain, intereneten www.kutxabank.es atarian sarrerak erosteko aukera izango da. Argibide gehiago behar izanez gero, www.eibarres.net webgunera sartu, 943 254 465 telefono zenbakira deitu edo secretariaresidencias@gmail.com helbidera idatzi daiteke.