Apirilaren 27an egingo dute Deporrekoek “Ehun urte, ehun mendi” izeneko ekintza
Eibarko Klub Deportiboaren mendi batzordeak antolatutako hurrengo irteera hilabete honetako azken zapatuan izango da, hilaren 27an. Egun horretan, Euskal Herriko Mendi Federazioaren mendeurrena dela-eta, ospakizun horren barruan kokatzen den “Ehun urte, ehun mendi” izendatu duten ekintzaren barruan, Euskal Herriko geografia osoan banatutako 100 klub baino gehiagok Araba, Bizkaia, Iparralde, Gipuzkoa eta Nafarroako 100 tontor koroatuko dituzte. Eta Deporrekoek Urkora igotzeko aprobetxatuko dute.
Aipatutako egun horretako ibilbideak 14 kilometro izango ditu, Urkizun hasi eta Amañan amaitzeko. Ixuara igoko dute lehenengo, jarraian Aginagara jotzeko, hortik eguneko ardatza izango den Urko gainera joango dira eta, handik jaitsi ondoren, Artarraira joko dute Eibarrera bueltatu aurretik.