ARANTXA ERASUN: “Torturen kasuan egira hurbiltzen hasi gara”
-Torturaren errolda osatzeko lanean dihardu Euskal Memoriak. Nolako lana dihardu izaten?
Orain dela urte bi martxan jarri ginenetik, urtero memoriarekin lotura duen lan monografiko bat jorratzen dugu. Aurten, azken 50 urtetan torturatu dituztenen errolda dihardugu egiten herriz-herri. Badakigu errealitate bat dagoela hor, badakigu azken 50 urtetan milaka pertsona atxilotu dituztela, baina errealitate ezezaguna da hori. Orduan, herriz-herri (Eibarren ere) bilduma lana dihardugu egiten eta, horretarako, atxilotuen zerrendak osatzen, zeintzuk izan ziren arakatzen… gabiltza. Hortik zehaztasun guztiak ateratzea da nahi duguna: izen-abizenak, zein egoeratan izan ziren atxilotuak, non, erantzuleak eta bestelako elementuak. Beraz, lan handia dihardu izaten, lan kolektiboa, baina beharrezkoa.
-Orain arte jasotako emaitzak espero zenituztenak dira?
Euskal Memoriaren lana orain dela urte bi martxan jarri genuenean, azken 50 urtetako errepresioaren ondorioetan aztertzen hasi ginen batez ere. Hor konturatu ginen hutsune handiak zeudela. Torturatuen kasuan konturatu ginen, guk aurreikusten bagenuen 50 urte hauetan 10.000 lagun inguru torturatu zituztela, portzentai txikian ezagutzen genituela torturatuen kopurua. Beraz, ezkutuan dagoen errealitatea dago hor. Alde hortatik, deskubritzen ari gara pertsona batzuek (jaso barik geneukalako) torturatuak izan zirela edo ez; baina beste batzuk, ordea, orain ari dira esaten lehenengo aldiz torturatuak izan zirela. Arakatze horretan errealitateaz jabetzen ari gara, hor zegoena, gordeta, ez bakarrik ez zena ezagutzen, baizik eta jaso barik zegoena. Orduan, pentsatzen dugu egira gehiago hurbiltzen ari garela eta ondorioak biltzeko hurbiltzen ari garela. Ziurrenik ez dugu guztia osatu eta ezagutuko, baina aurrerapauso handia emango dugula iruditzen zaigu. Oraindik lan dezente falta zaigu egiteko eta udara arte bilduma honekin jarraituko dugula pentsatzen dugu. Horrela, aipatutako guzti hau ez da ondorio bat, oraindik egiten ari garen pertzepzioa baizik.
-Amaierako epea jarri diozue lanari?
Guk memoria tratatu dugu, baina memoriaren baitan berrosatzea eta berregitea eskatzen duten atal horietan arakatze eta bilduma lan iraunkorra egiten dihardugu, eta horregatik da ezinbestekoa lana herriz-herrikoa izatea. Urtero, dibulgaziorako eta gure konpromezua betetzeari begira, lan bat argitaratzea da gure helburua. Erroldaren eta torturaren gai hau aurten kaleratuko dugun liburuarekin lotuta dago. Udarako bildu beharreko guztia bilduta egon beharko du eta liburua urtearen amaieran zabalduko dugu. Kontuan izan behar da torturaren lan honek dimentsio kuantitatibo handia izango duela, errolda dihardugulako osatzen; baina baita kualitatiboa ere, elkarrizketak egiten eta testingantzak jasotzen ere dihardugulako. Torturatuak zeintzuk diren ezagutarazteaz gain, tortura horiek pertsonen bizitzengan eta herrietan (milaka pertsonez ari garelako berbetan) zein ondorio uzten dituen ere aztertzen dihardugu.
-Izan ere, erroldako izen-abizenen atzean istorioak daude.
Bai, eta hori erabat lotzen da guk memoriaren gainean dugun ikuspegiarekin. Guk herri-memoria osatu behar dela planteatzen dugu. Horrela, zer gertatu zen jaso behar dugu, baina baita nola bizi izan zen gertatutakoa. Guretzat testigantzen atala oso garrantzitsua da, hor daudelako gordeta gatazkaren sustraiak. Atxilotuaren inkomunikazioak iraundako 5-10 egun horietan gertatutakoaren testigantzak neurri batean jasota daude, baina horrek pertsonen bizitzan zein eragin izan duen (latzak, sakonak eta luzerakoak) kuantifikatu eta jaso gabe zeudela iruditzen zitzaigun.
-Tortura horiek jasan dituztenek jasotzen dute zerbait bueltan?
Hain justu horregatik da hain garrantzitsua orain egiten diharduguna. Orain arte kontatua izan ez den guzti hori berrosatzen ari gara, uste dugulako gutzienez egia horren onarpenetik datozela konponbiderako oinarriak. Guretzat ezinbestekoa da ondorio guztiak onartuak izatea, benetan hor izan nahi baditugu konponbiderako oinarriak. Onarpena maila kolektiboan egin daiteke, baita maila pertsonalean ere. Izan ere, hamarkadaz hamarkada sufritu duten milaka pertsona dago hor, aurrera egiteko beharrezkoa zaie onarpen hori, eta herriak ere behar du aurrera egiteko.
-13an hitzaldia eskainiko duzue Eibarren. Zertaz ariko zarete?
13an, justu Torturaren Kontrako Nazioarteko eguna izanik, nahiko genuke azaldu Euskal Memoriak torturaren inguruan egiten diharduen lanaren dimentsio osoa. Torturaren gaiak zein sakontasun duen eta, bereziki, torturaren gaia jorratzeak lan guztia bildu, osatu eta ezagutarazteko bideak zein garrantzia duen zentratuko gara.