Arantza Mata (EH Bildu): “Eibartarrek euren bizitzak kalitatez hemen garatzeko aukerak zabaltzea nahi dugu”
Erronkak gustoko ditut, nire herria maite dut, eta aukera eskaini zidatenean proposamena familian aztertu genuen eta baietza eman nuen. EH Bilduk duen proiektuarekin bat egiten dut eta hau defendatzeko prest nago. Gainera, arlo desberdinetako, oso prestatuta eta babesten nauen talde ikaragarria dut alboan. Eibarko Udala gobernatzeko prest gaude eta alternatiba erreala EH Bildu da.
Alkatetza lortzen baduzu zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Ospatu. Eta gure proiektua aurrera eramateko lanean buru belarri jarri. Noski, beste alderdiekin ere hitz eginda, eta herritar eta eragileekin hartu emanean. EH Bilduren proiektua herritarrengan pentsatuta dago, herritarrekin gauzatzeko, herritarrentzat eta hiriarentzat.
Zuretzat zeintzuk dira Eibarrek gaur egun dauzkan premia nagusiak? Eta zer planteatzen duzu horiei erantzuteko?
Langabezia altua, desindustrializazioa, demografiaren bilakaera eta zaintzaren auzia, auzoen autonomia falta, gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunak, eraikin industrial hutsek paisaia urbanoan duten pisua, espazio publikoaren kudeaketa… Eta horiei erantzuteko hamaika proposamen ditugu. Lehenik eta behin, premiazko estrategia sozioekonomikoa martxan jarriko dugu, laneratzea eta berpizkunde industriala helburu, beti ere komertzio txikia eta lehen sektorea ahaztu gabe; auzoetan adin guztietarako auzo etxeak egingo ditugu, auzoen autonomia eta kohesioa bermatzeko; Alokairu Sozialerako Udal Etxebizitza zerbitzua garatuko dugu, batez ere gazteei etxebizitza eskubidea bermatzeko; nagusientzat etxebizitza komunitarioak ere egingo ditugu, ohiko zaintza eredutik haratago; industria eraikin hutsen azterketa sakona egingo dugu, hauen eraispena hiria zabaltzeko edo hauen berrerabilera bultzatuko dugu zerbitzu berriak bertan kokatzeko, Gabilondon kasu; mugikortasunak, irisgarritasunak eta espazio publikoaren kudeaketa on batek Eibar bezalako hiri batetan garrantzi handia du eta oinezkoentzat diseinatuko dugu hiria, parke eta aisialdirako gune gehiagorekin. Azken finean, Eibar bizigarri bat nahi dugu, eibartarrek beraien bizi proiektuak kalitatez Eibarren bertan garatzeko aukerak zabaltzea.
Euskal kulturak eta euskarak zein lehentasun daukate zeuen programan?
Kulturak eta, bereziki, euskal kulturak, zentralitatea du gure programan. Herriko kultur dinamika guztiz berpiztera goaz, eragile guztiekin batera. Kultura pasibo batetik kultura aktibo batera eta sorkuntzara salto egiteko ordua da. Gainera herritar kulturalak nahi ditugu, horregatik txikienetatik hasita kultur heziketa garatzea ezinbestekoa izango da. Kultur-disziplina ezberdinak probatzeko eta garatzeko aukera ireki nahi diegu haur eta gazteei. Txontan Udal Arte Eskola egingo dugu eraikin industrial eraberritu batetan.
Estaziño-Azitain pasealekuaren proiektuak bizilagun askoren kexak eragin ditu. Zer daukazue proiektu horren inguruan esateko?
Pasealekuaren proiektua EH Bilduk herriko ekialdea guztiz eraberritzeko estrategia integral baten barruan kokatu du eta uneoro gure helburuak argiak izan dira: afekzioak ahalik eta gehien gutxitzea, irisgarritasun arazoak konpontzea eta Barrena eta Azitain kaleetan pertsonen fluxua bermatzea. Gabilondoren eraldaketa inflexio puntu bat izango da. Auzoarentzako elkargune berria, aisialdirako espazioarekin, garapen sozioekonomikoa eta kultura uztartuko dituenak. Barrena eta Barakaldo kaleetako haur parkeak modu berritzailean diseinatuko ditugu, bertako familia, haur eta hezkuntza komunitatearekin batera. Eibarren hain beharrezkoa den lan aktibaziorako eta akonpainamendurako bulegoa ere bertan irekiko dugu. Bestalde, Estatutik ere EH Bilduk 3 milioi euro lortu ditu Murrategi auzoa goitik behera eraldatzeko. Bertan, erreka balioan jarri eta aisialdirako espazio handiak sortuko ditugu, beharrezkoak diren atonketak egingo ditugu bertako kaleetan, aparkalekuak… mila aukera irekitzen dira lortu dugun diru honekin. Ekialdea politiken zentroan jarri dugun alderdia gara eta apustu sendoa egin dugu. Auzoak aspaldi merezi zuen horrelako eskuhartze bat, eibartarren eta bereziki, auzotarren bizi kalitatea hobetuko du.
Errebal Merkatu Plazaren auziak desilusioa eta, kasu batzuetan, haserrea eragin du herritarren artean. Zein irakurketa egiten du zuen alderdiak?
Hasieratik kudeaketa beste bat izan behar zen, PSE eta PNVk Merkatu Plaza zaharra botatzea eta hango baserritar eta merkatariak bertatik ateratzea erabaki zuten. Pena, desilusioa,haserrea… sentitu genuen, eibartarrok asko maite genuen eraikina zen. Gogoratu behar dugu bi alderdi horiek tematuta egon zirela bertan makrozentro komertzial bat eraikitzearekin eta ondorioak oraindik pairatzen ditugu. 14 urte horietan, Merkatu zaharrean eskaintzen ziren zerbitzu guztiak Errebal kalean bertan ireki dira. Gainera urte hauetan, supermerkatu kate handiei erreztasuna jarri zaie Otaolan kokatzeko. Gizartearen erosketa ohiturak ere aldatu dira. Guzti horrek zerikusia du Merkatu Plazaren egungo egoerarekin. Postuak ezin ireki, hutsik, nola bete ezin asmatuta. Gainera, zonalde soziokulturala ere dinamizazio baten beharrean dago. EH Bilduk dinamizatzaile soziokulturala kontratatzeko proposamena egin du, eraikina kultura polo berri eta traktore izateko.
Zeintzuk izan beharko lirateke, zure ustez, industriaren aldeko politikak?
Azken hamarkadan merkataritza erabat lehenetsiz egindako politikek ondorio larriak utzi ditu Eibarren. Ezberdintasun sozialen gorakada nabarmena eta sare industrialaren desegitea begi bistan daukagun errealitate gordinaren osagai dira. EH Bilduren estrategia sozioekonomiko berriak industriaren garapena izango du ardatz. Eibarrek bere erreferentzia ekonomikoa berreskuratzea nahi dugu. Industriak aberastasuna dakar eskutik. Industria enpresen galera nabarmena izan dugu herrian. Industriaren pisua Eibarko ekonomian (%19) Debabarrenakoaren erdia da (%38). Estrategia sozioekonomikoaren baitan berrindustrializazioak pisu nabarmena izango du. Hiru oinarritatik abiatuta eta baliabideak eskainita: Herrian dauden enpresak babestu eta deslokalizazioa ekidin; enpresa industrialak erakarri; eta nola ez, enpresa industrial berriak sortzea. Udalak partaidetza aktiboa izango du enpresa industrial berriak sortzeko. Gaur egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko. Guzti honetarako ere, beste administrazioetako babesa beharko dugu. Jaurlaritza, Aldundia, SPRI eta denon artean garatu beharko dugu, baita formakuntza zentroak ere kontutan izanda, Armeria Eskola bezala. Debabarrena suspertzeko ponentziatik etorriko diren proiektuek ere honetan lagungarri izatea espero dugu.
Nola uztartu daitezke, batetik, Eibarren oinezkoentzat espazioa lortzea eta, era berean, dagoen aparkaleku faltari erantzuteko neurriak aplikatzea?
Biak eskutik joan behar dira. Aspaldi ari da EH Bildu eskatzen hiriko sarreretan parking disuasorioak eraikitzea, Otaola, Matsaria eta Azitainen. Parkingak erdigunean eraikitzea, Ardantzaren kasu, hirigunea oinezkoentzat egitearekin ez doa bat. Autobus geltokiaren kokapena ere mahai gainean jarri beharreko gaia da. Oinezkoek premiazko espazioak behar dituzte Eibarren eta guk bide hori egingo dugu. Hiri bizigarria nahi dugula diogunean, hau da ardatzetako bat. Auzoen irisgarritasuna eta konexioa bermatzea ere garrantzitsua da.