Aratoste Martitzenak agurtuko ditu Aratosteak
Asteburu osoan euria ia geratu barik bota du eta, horri egin duen hotza gehitzen badiogu, aurten aurreko urteetan baino jende gutxiago animatu da koko-jazten. Hala ere, Untzagako karparen babespean aurreikusitako ekitaldiak ospatzeko arazorik ez da izan. Koko-jantzi direnen artean askok imajinazio eta arte handia erabili dituzte, bestalde. Barixakuan, Kaldereroen kalejira amaitzean Ander Romaratek irakurritako pregoiak ekin zion jaiari modu ofizialean (ikusi bideoa). Aratoste Zapatuan, berriz, egunez behintzat giro polita ikusi zen kalean (argazkiak hemen); Aratoste Domekan jendetza batu zen karpa barruan, …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako play-back lehiaketan (argazkiak hemen): 11 taldek jardun zuten taula gainean eta, antolatzaileen berbetan, "urtetik urtera parte hartzen dutenen koreografien mailak gora egiten du". Ez zuten, beraz, lan erraza izan epaimahaia osatu zuten Uni Kultur Elkarteko kideek eta Arno DJ-k, baina azkenean hiru talde irabazleak hauek izan ziren: Interpretazio onenari saria La Salleko Zurizaileentzat izan zen, Mozorro onenari saria eskola bereko Euskadiko suhiltzaileentzat eta Koreografia onenari saria San Andres ikastetxeko The Crazys taldearentzat. Bihar arratsaldeko sardinaren entierro txikiak agurtuko ditu 2013ko Aratosteak. Udalak antolatutako taberna lehiaketan, Aratosteetan dotoreen jarritako taberna XOK izan dela erabaki zuten.