ARATOSTEAK: Negua mozorrotzeko adina festa

ARATOSTEAK: Negua mozorrotzeko adina festa
2012/02/17 00:00
eta kitto!

Koko-jantziei azken ukituak emanda, herria hasi da Aratosteak ospatzen. Zehazki esanda, orain dela asteburu bi eman zitzaion hasiera koko-dantza eta koko-eskearekin. Kezka Dantza Taldekoak, Italiako Rocca Grimaldako La Lachera inauterien laguntzarekin, Arrate-baileko baserrietan zehar ibili ziren koko-dantzari eta koko-marruekin.
Aste biko tartearen ostean, atzo umeak izan ziren protagonista Eguen Zuri egunean. Euren koko-jantziekin joan ziren eskoletara, eta batzuk han jaia egin bazuten, beste batzuk kalejiran irten ziren herriko kaleetan zehar. Hotzari aurre eginez, dantza eta festa giroan ederki pasa zuten umeek. Gero, gainera, Liskerrek dantzaldia eskaini zuen Untzagan eta Astixaren eskutik tailerrak egon ziren eurentzat.



Kaldereroak eta Baron Rojo
Hungariakoak ez badira ere, Kaldereroen kalejira egingo da gaur 20.00etatik aurrera Urkizun hasita Untzagaraino. Euren abesti eta dantzen ostean, Eibar Eskubaloi Taldeak Aratosteetako pregoia egingo du 21.00etan Untzagan …eta kitto! eta Kezkaren ekimenez. Gauean burua eta gorputzeko gainontzeko atalak mugitzeko aukera egongo da Baron Rojo taldearen kontzertuan 23.00etatik aurrera, baina aurretik indarrak hartu beharko dira herri-afarian Untzagako karpan 21.30etan.



Lehiaketa eta dantzaldiak
Batek baino gehiagok Baron Rojoren musika heavyaren doinuak sentituko ditu oraindik belarrian bihar goizean, baina 12.00etatik aurrera egongo da berriz jai-giroan murgiltzeko aukera Untzagako karpan Lambretta Klubaren eskutik.
Umeak, gazteak, helduak eta aiton-amonak mozorrotzen dira Aratosteetan, baina ez eurak bakarrik, herriko tabernek ere euren koko-jantzia izaten dute-eta. Bakoitza bere modura, urte osoan zehar duten itxura aldatu eta beste nortasun bat hartzen dute egun hauetan. Horrela, lehiaketa antolatzen da tabernen artean politena zein den aukeratzeko eta bihar 13.30etan emango da saria kartel lehiaketarenarekin batera.
Galiziako Etxeak ere Aratosteen festan parte-hartu nahi izan du eta horretarako koko-jantzi lehiaketa egingo du bihar. Parte-hartuko duten ume guztiek opari bana jasoko badute ere, koko-jantzi originalenak eta ondoen irudikatuak sari berezia jasoko du. Lehiaketa 17.00etan hasiko da Galiziako Etxean.
Bazkalostean, digestioa egin eta gero, umeendako diskoteka egongo da Untzagan DJ Arnoren eskutik 17.00etatik aurrera, eta 18.00etan kalejira egingo da Ustekabe fanfarrearekin. Baina ez da arratsaldeko kalejira bakarra izango, koko-jantzitako koadrilak Urkizutik irtengo baitira 20.00etan. Egunari amaiera emateko (ekitaldiei dagokienez behintzat), Luhartza taldearekin dantzaldia egongo da Untzagan 23.00etatik 03.00etara.



Playbacka …eta kitto!-rekin
Domekan ez da Untzagatik haratago joan beharko musika izarren distiraz gozatzeko, izan ere, …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatuta umeendako playback lehiaketa egingo da 17.00etatik aurrera. Ondoren, oraindik festarako gogoa badago, umeendako diskoteka egongo da DJ Arnorekin.
Astelehenean atsedena hartzeko aukera egongo da martitzenean Aratosteei behar den moduan agurra emateko. Izan ere, martitzenean 17.00etatik 18.30etara umeendako jolasak egingo dira Untzagan, eta 18.00etan Sardinaren entierro txikia trikitilariekin lagunduta. Baina ez dadila tristura herriaz jabetu! Hortan saiatuko da behintzat DJ Arno 18.30etatik aurrera Untzagako karpako umeendako diskotekan.