Eguenean piztuko dituzte Gabonetako argiak
Errebalen egingo dute ekitaldia, 18:00etan hasita. Txokolada eta cava izango dira, DJ Miren Gisasolak girotuta.
2026/11/24
11:13
Irati Alvarez Malaxetxebarria
Azaroaren 26an, datorren eguenean, emango diote hasiera Gabonetako ospakizunei, hiriko argiak pizteko ekitaldiarekin. Errebalen egingo dute hitzordua, 18:00etan hasita. Eibarko Merkatari Elkarteak antolatu eta finantzatu du ekitaldia, Eibarko Udalaren laguntzarekin. Ekimenaren helburua hiriko kaleak dinamizatzea eta Gabonetako kanpainan tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzea da.
Ekitaldian hainbat jarduera izango dira adin guztietako herritarrentzat: txikienek txokolatada izango dute, eta helduei cava eskainiko diete. Musika ere izango da, DJ Miren Gisasolak girotuko baitu ospakizuna.
Eibarko Merkatari Elkarteak eta Udalak herritarrak ekitaldian parte hartzera gonbidatu dituzte, Gabonetako ospakizunei elkarrekin hasiera emateko.
