Ramon eta Manuel Badiola Quintanilla anaiek irabazi dute Sanandresetako XXXII. Bakailao Txapelketa
Atzo (azaroak 22) jokatu zen Eibarko Udalak antolatutako Sanandresetako XXXII. Bakailao Txapelketa, Untzaga plazan. Urtero San Andres jaien egitarauaren baitan egiten den txapelketak geroz eta arrakasta handiagoa dauka, eta parte-hartzaile kopuruak ere gora egiten du urtetik urtera. Izen-emateak gehienezko kopurura (45 bikote) ailegatu dira aurten, baina, azken orduko arazo informatiko bat tarteko, bederatzi bikote lehiaketatik kanpo geratu ziren atzo.
Lehiakideek goiz osoa eman zuten bakailaoa pil-pil erarara prestatzen, trebetasun handiarekin eta, amaieran, Peio Garcia, Xabier Osa, Oskar Trebiño, Aitor Buendia, Josema Azpeitia eta Mireia Alonsok osatutako epaimahaiak aho batez erabaki zuen lehen saria (garaikurra, txapelak, 300 euro eta Alkorta Anaiak, Urzante Olioak eta Solera Eibarresa etxeek emandako produktuak) Ramon eta Manuel Badiola Quintanilla anaiei ematea.
Bigarren saria, berriz, Iker Iraolagoitiak eta Haritz Riañok eraman dute (garaikurra, 200 euro eta Alkorta Anaiak, Urzante Olioak eta Solera Eibarresa etxeek emandako produktuak).
Eta hirugarren saria, berriz, Itsasne Lezea Izagirrek eta Lorea Lezea Artamendik (100 euro eta Alkorta Anaiak, Urzante Olioak eta Solera Eibarresa etxeek emandako produktuak) eskuratu dute.
ARGAZKIAK: EIBARKO UDALA

















































































