Aratosteek asteburua beteko dute
Atzo umiak eta euren koko-jantziak protagonista izan ziren, baina gaurtik hasita eta martitzenera arte, Aratosteak ospatu eta koko-janzteko asteburu bete-betea daukagu aurretik. Urtero legez, gaur Barixaku Erregularra izanda Hungariako kaldereroek beteko dituzte kaleak euren abesti eta dantzekin. 20.00etan Urkizuko parkean batu eta Untzagaraino kalejiran igoko dira eta, bertara ailegatuta, Aratoste pregoia irakurriko du Irune Jaiok, aurtengo kartel irabazlearen egileak. Gaueko 23.00etatik aurrera, berriz, herriko hainbat DJ-ren eskutik jarraituko du jaiak Untzagako karpan.
Eta bihar karpa barruko animazioak 12.00etatik aurrera jarraituko du, baina San Kristobalgo jai batzordekoen eskutik. Besteak beste ardo-dastaketa antolatu dute. 12.00etatik 14.00etara, Untzagatik abiatuta Rockalean kalejiran ibiliko da. Eta goiza agurtu baino lehen, Aratosteetako lehiaketetako irabazleek saria jasoko dute. Arratsaldean, 17.00etan hasita koko-jantzi lehiaketa egingo dute As Burgas Galiziako Etxean. 18.00etatik 21.00etara, berriz, Ustekabe fanfarreak kalejiran kaleak alaituko ditu. Eta karpan, 18.30etan umeendako berbena hasiko da Luhartz taldearekin. Afaltzeko etenaldia egin eta gero, gaueko 23.00etatik aurrera Luhartz taldea karpara bueltatuko da, 03.00ak arte dantzaldia eskaintzeko.
Aratoste Domeka 11.00etan hasiko da, Usartza Txistulari Bandakoen kalejirarekin. Arratsaldean, 17.00etatik aurrera …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako play-back lehiaketan jardungo dute karpa barruan izena eman duten 16 taldeek. Eta lehiaketa amaitu eta jarraian, 18.30etan umeendako diskoteka girotuko du DJ Arnok. Aurtengo Aratosteei agur esateko unea Aratoste Martitzenarekin batera ailegatuko zaigu. 17.00etatik aurrera umeendako jolasak egingo dira Untzagan, Astixaren eskutik. Eta 18.30etan, trikitilariek lagundutako kalejira eta sardinaren entierru txikia egin eta gero, DJ Arnoren erritmora agurtuko dugu koko-jantzi jaia, datorren urtera arte. Jarraian, astebururako ekitaldien agenda:
Barixaku Erregularra
17.30.- Hiru eta hamalau urte bitarteko umeendako koko-jantzi lehiaketa . El Corte Inglesean (aretoan).
20.00.- Kaldereroen kalejira. Urkizuko parketik Untzagara.
20.30.- Kaldereroen abestiak eta dantzak.
21.00.- Pregoia.
23.00.- Herriko DJ-en emanaldia. Untzagan.
Aratoste Zapatua
12.00.- Animazioa karpan eta ardo dastaketa, San Kristobalgo jai batzordearen eskutik.
12.00 / 14.00.- Untzagatik abiatuta Rockalean kalejira.
13.30.- Aratosteetako lehiaketetako irabazleei saria banatzea. Untzagan.
17.00.- Koko-jantzi lehiaketa, As Burgas Galiziako Etxean (Urkizun).
18.00 / 21.00.- Kalejira, Ustekabe fanfarrearekin.
18.30.- Umeendako berbena Luhartz taldearekin. Untzagan (karpan).
23.00 / 03.00.- Dantzaldia Luhartz taldearekin. Untzagan (karpan).
Aratoste Domeka
11.00.- Aratosteetako kalejira, Usartza Txistulari Bandaren eskutik.
17.00.- Play-back lehiaketa LH-ko ikasleentzat. …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatuta.
18.30.- Umeendako diskoteka, DJ Arnorekin. Untzagan (karpan).