Aratosteek beteko dute asteburua, gaurko Kaldereroen kalejirarekin hasita
Aratosteak berez atzo hasi ziren, baina azken urteotan legez Kezka dantza taldekoen koko-dantzek giroa berotzen hasi ziren aurreko zapatuan: euria eta tarteka txingorra lagun zutela, egun osoan baserritik baserrira kalejiran ibili ziren koko-dantzari eta koko-marruak. Iluntzean, berriz, herri barruan eskaini zituzten dantzak, Elgoibarko Mauxitxa txarangakoek lagunduta. Bihar berriz ere eskainiko dituzte koko-dantzak, baina Elgoibarren, Haritz dantzari taldearen 40. urtemugaren harira.
Atzokoan, Eguen Zuri egunean, urteroko moduan ikasleak izan ziren jaun eta jabe. Eguraldi eskasaren eraginez eskolan bertan egindako jaialdiek ohiko kalejirei tartea lapurtu zieten, baina Untzagako karparen babespean arazo barik egin ziren Liskerrek girotutako dantzaldia eta Astixaren tailerrak. Eta gaur, Barixaku Erregularrean, kaldereroen kalejirak ekingo dio egitarauari: Kezka Dantza Taldea, …eta kitto! Euskara Elkartea, Ustekabe fanfarrea, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako trikitilariak, Lagun Taldea, Untzagako jubilatuen abesbatza, Kaleetan Kantuz eta Jainagaren trikitixa eskola Urkizuko parkean batu eta 20.00etan hasiko dute Untzagarainoko kalejira, kantu eta dantzekin Aratosteak kolorez jantzita. Aurtengo pregoilaria Ander Romarate igerilaria izango da eta 21.00etan irakurriko du pregoia Untzagan. Gauerako, 23.00etatik aurrera, herriko hainbat DJ-ren eskutik saioa antolatu dute.
Aratoste Zapatuan 12.00etan hasiko da animazioa karpan, San Kristobalgo Jai Batzordearekin. 13.30etan Aratosteetako taberna eta kartel lehiaketen irabazleei saria banatuko diete. Arratsaldeko 17.00etan umeentzat koko-jantzi lehiaketa egingo dute Galiziako Etxean. 18.00etatik 21.00etara Ustekabe fanfarreak kalejira egingo du. Eta Untzagan 18.30etatik 20.00etara umeendako berbena eta 23.00etatik 03.00etara dantzaldia eskainiko du Kresala taldeak.
Aratoste Domekari Usartza Txistulari Bandak ekingo dio, 11.00etan hasiko den kalejirarekin. Arratsaldean, 17.00etan …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatuta karpan play-back lehiaketa egingo da LH-ko 5-6 mailetako ikasleekin eta jarraian umeendako diskoteka hasiko da DJ Arnorekin.
Eta asteburu bete-betearen ondoren, Aratosteak martitzenean agurtuko ditugu: 17.00etatik 18.30etara umeendako jolasak egingo dira Untzagan Astixaren eskutik. Trikitilariek lagundutako sardinaren entierru txikia, berriz, 18.30etan egingo da eta orduan hasiko da umeendako diskoteka, DJ Arnorekin.