Aratosteetan bete-betean murgilduko da Eibar, egitarau oparoarekin
Otsailaren 7an, Kezka Dantza Taldeak antolatutako koko-dantzekin abiatu ziren Aratosteak Eibarren. Ordutik, jai giroak herria hartu du, eta datozen egunetan kalejirak, mozorroak, musika eta hainbat jarduera izango dira protagonista otsailaren 17ra arte luzatuko den egitarauan.
Jaiak gaur, otsailaren 12an, Eguen Zurin, hasiko dira. Arratsaldean eskoletako taldeen kalejirak egingo dira, eta 17:00etan Jainaga eta Narbaizarekin kalejira abiatuko da Urkizutik Untzagaraino. Ordu berean, Untzaga plazan LISKER taldearen erromeria izango da, eta 17:00etatik 19:00etara maskarak eta makillaje tailerrak eskainiko dira ASTIXAren eskutik. Egunari amaiera emateko, 19:00etan mozorro lehiaketa egingo da Casa Galician.
Otsailaren 13an, Barixaku Erregularra, 20:00etan Kaldereroen kalejira egingo da Urkizutik Untzagaraino, eta ondoren, 20:30ean, Aratosteetako pregoia irakurriko da Klub Deportiboko leihotik.
Jairik jendetsuenak otsailaren 14an, Aratoste Zapatua, izango dira. Eguerditik aurrera, Eibarko kaleetan zehar Aratosteetako koadrilen kalejira egingo da Ustekabe eta UK03 fanfarreekin. Untzagan photocalla egongo da eguerdian eta arratsalde-iluntzean, eta arratsaldean puzgarriak jarriko dira Errebal Plazan. 18:30ean txokolatada izango da, eta jarraian umeentzako berbena egingo da Bada Giro taldearekin. Iluntzean, koadrilen kalejira eta taberna eta kartel lehiaketetako sari banaketa egingo dira, eta gauean, 23:30etik aurrera, dantzaldia izango da Untzagan.
Otsailaren 15ean, Aratoste Domekan, goizean kalejira egingo da Usartza Txistulari Bandaren eskutik, eta arratsaldean, 17:00etan, umeentzako playback lehiaketa izango da Untzagan, LH 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendua. 18:30ean DJ Arno ariko da.
Azkenik, otsailaren 17an, Aratoste Martitzenan, umeentzako jolasak antolatuko dira 17:00etatik 18:30era Untzagan, eta ondoren, Sardinaren Entierro Txikia egingo da Jainaga trikitilariak lagunduta.