Aratosteetarako programazioa eta saritutako kartelak aurkeztu ditu Udalak

Gaur goizean Eibarko Udal Margo Eskolan egindako prentsaurrekoan aurkeztu du Udalak Aratosteetarako programazioa. Horrekin batera aurtengo Aratosteak iragarriko dituen kartela eman dute ezagutzera: Madrilen bizi den Franceso Minopiliren “Bat eginda” izenekoak irabazi du Udaleko Kultura sailak antolatutako lehiaketa.
Aratosteetarako programazioa eta saritutako kartelak aurkeztu ditu Udalak
2026/01/30 13:47
Silbia Hernandez Arrazola

Otsailaren 7tik 17ra bitartean ospatuko dira aurten Aratosteak, eta gaurko aurkezpenean Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Jaietako zinegotziak eta Andoni Zabala Kultur zinegotziak azaldu dutenez, “jarduera-programazio zabal bat egongo da, musika, dantza eta tradizioa uztartzen dituzten  proposamenekin”. Egitaraua Eibarko Udalak antolatu du, Usartza Txistulari Bandaren, Galiziako Etxearen, Kezka Dantza Taldearen  eta ...eta kitto! Euskara Elkartearen lankidetzarekin.
Jaiak otsailaren 7an (zapatua) hasiko dira, Kezka Dantza Taldeak antolatzen dituen koko-dantzekin. Errebalen 8:30ean bildu, eta gero Mandiola eta Otaola-Kiñarra auzoetan ibiliko dira, 09:00etatik 14:00etara; eta arratsaldean koko-mokoen dantzak eta abestiak herriko kaleetan eskainiko dituzte, Mauxitxa Txarangaren laguntzarekin. 19:00etatik aurrera kalez kale ibiliko dira Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Calbeton eta Plaza Barriatik, eta Errebalen amaituko dute, 21:15ean. Koko-dantzetan parte hartzeko entseguak otsailaren 5ean (osteguna) egingo dira, 19:00etatik 22:00etara, Errebal Plazan, eta mozorroak ere han banatuko dira. 
Otsailaren 12an (Eguen Zuri), 15:15ean kalejira egingo da eskoletako taldeekin; 17:00etan, Jainagaren trikitilariak musika joka ibiliko dira Urkizutik Untzagara; aldi berean, Untzagan, erromeria egingo da Lisker taldearekin eta makillaje- eta maskara-tailerrak, Astixaren eskutik. 19:00etan mozorro-lehiaketa izango da Galiziaren Etxean. 
Otsailaren 13an (Barixaku Erregularra), kaldereroren kalejira egingo da Urkizutik Untzagaraino. Bertan parte hartuko dute Kezka Dantza Taldeak, …eta kitto! Euskara Elkarteak, Txolartek, Ustekabe fanfarreak, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako trikitilariek, Lagun taldeak, Untzagako zentro sozialeko koruak, Kaleetan Kantuz-ek eta Jainagaren Trikitixa Eskolak. 20:30ean, Eibarko Klub Deportiboko leihotik, Aratosteetako pregoia egingo da, …eta kitto! Euskara Elkarteak eta Kezka Dantza Taldeak antolatuta. 
Otsailaren 14an (Aratoste Zapatua), 12:30ean, kuadrillen kalejira hasiko da. Eibarko kaleetatik (Untzaga, Calbeton, Bidebarrieta, Zuloagatarren, Toribio Etxebarria) ibili eta gero, Untzagan amaituko da, Ustekabe eta Sin Juicio fanfarreek lagunduta. Kalejira-lehiaketarako izen-ematea zabalik egongo da otsailaren 11ra arte. Halaber, photocalla egongo da Untzagan, 12:30etik 14:30era; puzgarriak Errebalen 16:30etik 19:30era; eta txokolatada 18:30ean. Txikientzat, berbena egingo da Untzagan 19:00etatik 21:30era, Bada Giro taldearekin; kuadrilla, taberna eta kartelen sari-banaketa 19:30ean egingo da. Gainera, musika-giroak jarraitu egingo du Latuna Bando txarangarekin, eta 23:30etik aurrera berbena egingo da Bada Giro taldearekin. 
Otsailaren 15ean (Aratoste Domeka), kalejira egingo da 11:00etan Usartza Txistulari Bandarekin, eta 17:00etan playback lehiaketa izango da umeentzat, Untzaga plazan, …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatuta. Eguna amaitzeko, DJ Arnoren emanaldia egongo da 18:30ean, Untzagan. 
Otsailaren 17an (Aratoste Martitzena), Astixak antolatutako haur-jolasak izango dira Untzagan 17:00etatik 18:30era, eta gero sardina txikiaren entierrua, Jainagaren trikitilariekin. 
“Aratosteak Eibarren” kartel lehiaketa
2026ko Aratosteen kartel-lehiaketan guztira 76 lagunek hartu dute parte: 31 helduen kategorian; 14, berriz, 11-14 urte bitartekoen mailan; eta beste 31 lagun 10 urtetik beherakoen mailan. Helduen mailan, saria Franceso Minopiliren “Bat eginda” obrarentzat izan da; 11-14 urte bitartekoen mailan, irabazlea Ibai Alfaye Sanz izan da, “Buruhaundiaren buruan” lanarekin; eta 10 urtera arteko kategorian, saria Nora Garate Ariznabarretarentzat izan da, “Gordetako aratosteak” lanarekin.

Helduen mailako irabazlea Franceso Minopiliren “Bat eginda” izan da.

11-14 urte bitartekoen mailan, irabazlea Ibai Alfaye Sanz izan da, “Buruhaundiaren buruan” lanarekin.

10 urtera arteko kategorian, saria Nora Garate Ariznabarretarentzat izan da, “Gordetako Aratosteak” lanarekin.<br />