ARGAZKIAK | Osasun sistema publikoaren aldeko mobilizazioa benetan jendetsua izan da
2023/03/23
19:50
eta kitto!
Ehundaka eibartar elkartu dira “Osasungintza publikoa defendatu!” goiburuari jarraituta gaur arratsaldean egin den manifestazioan. Osasun sistema publikoaren aldeko mobilizazioa Eibarko Pentsionista Taldeak, Eibarko Ernaik, Matraka Neska* Gazte Taldeak eta Nalua Eibarko Feministek antolatu dute, Osakidetzak eskaintzen duen zerbitzu publikoaren kalitatea herritarren kezka nagusienetarikoa dela ikusita, egoerari konponbidea bilatzea eskatzeko. Untzagan hasi den manifestazioa anbulatorio parean amaitu da eta, bertan irakurri duten komunikatuan salatu dutenez, “Pandemiaren garaian etorri ziren hainbat aldaketa eta murrizketa gelditzera etorri dira. Lehen presentzialak ziren kontsulta asko gaur egun telefonoz egiten dira, eta mediku espezialistekin zita lortzea oztopoz beteriko bidea bilakatu egin da”. Gauzak horrela, agintzen duten alderdi politikoen aldetik osasungintza pribatizatzeko dauzkaten interes eta ahaleginak kritikatu dituzte: “Gure inguruan, euren egoera ekonomikoak ahalbidetzen dielako, etsita, lagun batzuk osasungintza pribatura jo egin dute, eta batek baino gehiagok aseguru pribatua kontratatu egin du. Jokaera hori ulertzen dugun arren ez dugu bat ere konpartitzen, uste baitugu, hori ez dela bidea, hori hain zuzen baita, murrizketak egiten ari direnen helburua, hau da, osasungintza pribatua bultzatu Osakidetza zerbitzu publikoaren kaltetan; edo beste modu batez esanda, Osakidetza zerbitzu publikoa ahalik eta gehien pobretu, osasungintza pribatuaren patronalaren irabaziak handituz. Eta hori, ezin dugu onartu, jokoan asko dugulako, finean gure osasuna, gure bizitzak erdian daudelako, eta ezin dugu gure osasuna utzi, diru irabaztea beste helbururik ez duen jendearen esku. Horregatik, gure desadostasuna adieraztea erabaki dugu, eta eibartarroi dei egiten diegu gurekin batera euren ezinegona erakustera. Garaiz gabiltza Osakidetza defenditzeko, eta merezi dugun kalitatezko osasun zerbitzu publikoa aldarrikatzeko”.
[foogallery id="128628"]