Argi billa Alfaren sasoirik baltzenian
Alfa Taldiak egun latzak bizi dittu urte honen hasieratik, harrezkero kaudimen edo diru barik dagualako. Produkziñua aurrera etaratzeko materixalak eta bestelakuak pagatzeko dirurik ez egotiak gaur egun bizi daben egoeraraiño bultzatu dittu. Aurreko astian bertan LAB sindikatuko ordezkarixak prentsaurrekuan salatu ebenez, "zuzendaritzaren gestiño eskasak" eragin dau dana. Edozelan be, aurtengo urrixaren 17xan enpresiak lege konkursalerako eskaeria egiñ eban, azken momenturaiño bankuekin akordixoren bat lortzen ete eban ahaleginduta be. 60 millioi euroko zorra dakan 13 entidadiekin batu zan, baiña ez eben adostasunik lortu. Egun gitxira, azaruaren 6xan Donostiako merkataritza epailliak Alfa konkursuan sartzia onartu eta hartzekodun konkursalak izendatu zittuan: Edorta Etxarandio eta Ignazio Baranica.
Prozesu honetan guztian gauzak egitteko moduarekin hasarre agertu ziran LABekuak: "Zuzendaritzak, bihargiñeri ezer esan barik, prekonkursua presentau eban eta handik astebetera konkursua. Gaiñera, bihargiñak nahasteko asmoz, S.A.L. direlakuak sortzeko asmua azaldu zetsen, tallar bakotxak bere salmentak eta irabazixak gestionauta, baiña hori eziñezkua da konkursuan daguan enpresa batendako".
Enpresiak bihargiñeri gauzak azaltzeko egin daben billera bakarrian esandakuaren arabera, "Alfak aurrera egitteko aukeria daka, baiña taldia desegiñ eta enpresa bakotxa bere aldetik juanda". Prozesuan lanpostu batzuk galduko dirala be esan zetsen, "baiña ezer gehixago ziheztu barik". Bixen bittartian, bihargiñak benetan txarto pasatzen dihardue. Enpresiak 2'5 hillebeteko zorra euki dau eurekin eta etxe askotan gorrixak ikusi dittue. Azken mobilizaziñuan kontau zeskuen moduan, "hamen bikote batek baiño gehixagok dihardu biharrian. Ez badeskue nominia pagatzen etxian ez dago beste diru-sarrerarik eta guk hipotekiari, umien gastueri eta beste guztieri bardin-bardin egin bihar detsaguz aurre. Denetarik ikusten dihardugu: kanpotik biharrera datorren batek kotxiari gasolinia botatzeko dirurik ez eukitzia eta amari eskatu bihar izati, kobrau barik biharrian segidu ahal izateko. Edo argixa ez pagatziarren argindar barik geratu danik be badago. Etxe bakotxak bere drama dauka, danak diferentiak, baiña danak larrixak". Etorkizuna argittu bittartian, mobilizaziñuekin segiduko dabe eta zapaturako (hilaren 15erako) kotxekarabania deittu dabe, 11.00etan Eroskiko parkiñetik urtetzeko.
Udalaren babes osua
Alfako enpresa batzordiak oin dala egun batzuk udalera jo eban, babes eta laguntza billa. Alkatiarekin berba egiñ eta honezkero bozeramaillien batzarrian alderdi guztiak aho batez onartu eta hurrengo plenuan berretsiko daben 3 puntuk osatutako moziñua presentau dabe. Lehelengo puntuan udalak "Alfa taldeko bihargin guztieri babes osua" adieraztiarekin batera, enpresia hartzekodunen konkursuan egonda, hortik etorri leikiazen kaleratziak eta horren ostekuak "kezka eragiten detsela" diñue. Horren aurrian, eta beti be ahalik eta lanpostu gehixeneri eustia helburu dakela, Diputaziño, Eusko Jaurlaritza eta bestelakuen aurrian egin leikiazen gestiñuetan laguntzeko konpromisua hartzen dau udalak bigarren puntuan eta hirugarrenian, barriz, lanpostuen defentsaren alde Alfako bihargiñak antolatutako ekintza sindikal eta sozialeri aurrera egitteko laguntasuna emongo detsela diñue.
Miguel de los Toyos alkatiak holan egin desku berba moziñuaren gaiñian galdetu detsagunian: "Alfaren bidegarrittasunaren alde zeozer egitteko aukeria dakagun guztiak bide horretan eta horren alde jardun bihar dogu eta horretan erabat ados gagoz alderdi guztietako ordezkarixak, horregaittik hori lortzeko gure esku daguan guztia egitteko gertu gagoz. Bihargiñekin batu aurretik Jon Ander Buenetxearekin be batuta neguan, baiña argi esan nahi dot holako situaziñuaren aurrian Alfari bere osotasunian, bereizkerixetan sartu barik laguntzia nahi detsagula".
Enpresia konkurso egoerian egonda, taldiaren etorkizuna ez dago bape argi eta, horregaittik, gauzak argitzen juan arte behintzat, Alfak atiak itxi eta bertan diharduen 600 bat lagunak kalian geratzeko arriskuak hor dirau. Alkatiak, baiña, Alfa taldia osatzen daben enpresetako batzuk aurrera egitteko moduan daguazela pentsatzen dau: "Argi dago Alfa ez dala beste sasoi batian izan zana atzera be izango, baiña enpresa barruko itturrixak zuzenian esan destenez, Alfarendako etorkizuna egon badago. Bidian, baiña, bihargin batzuk kalian geratu biharko dira, eurak kalkulatzen dabenez 150 bat lanpostu desagertu biharko dira. Kaleratze guztiak mingarrixak dira, jakiña, eta langabezixan geratutakuen kopurua ahalik eta txikixena izaten ahalegindu biharko gara. Egoeria ez da onena, baiña dana itxi eta bihargin guztiak kalian geratzia baiño hobia, behintzat, bada".
Alfak gaur egunian dittuan arazuen jatorrixa zuzen-zuzenian diruari (diru faltiari) lotuta egonda, azken urtiotan murrizketa morduarekin dabillen udalak diruarekin laguntzeko modua izatia pentsatziak ez daka zentzu larregi, alkatiak berak baieztatu deskun moduan: "Holako situaziñua bizi izan daben beste batzurendako laguntzarako plan berezixak egon dira aurretik be. Horregaittik, eratu barri dan Eusko Jaurlaritzak horretarako bide barrixak sortzen dittuan ikusi biharko dogu".
Krisixan jaixotako enpresia
Alfa 1920. urtian sortu zan, orduan urtian izan zan greba luze eta latz baten eragiñez. Armagintzan ziharduen bihargiñetako batzuk batu eta Kooperatibia antolatziari ekin zetsen. Urrixaren 28xan eratu eben "Sociedad Anónima Cooperativa de Producción de Armas de Fuego Alfa" 300.000 pezetako bazkide-kapitalarekin. Harrezkero sortzailliak emondako kooperatibismo eta izaera sozialari eutsi detsa Alfak.
Lehelengo tallarra Vista Alegre (Bista Ederren) kalian egon zan Echeverria Hermanos edo "Kirikixuanekua" lantegixak aurretik bete eban tokixan. 32 eta 38ko esmitzak (Smith Wesson) egitten hasi ziran. Baiña 5 urteren bueltan, armagintza sektoriak ezagutu eban krisixak eraginda, goittik behera kanbixau eban produktua eta 1925eko otsaillaren 4an josteko makiñak egiñ eta saltzeko erabagixa hartu eban. Ordurako tallarra San Andres Pasealekuan eguan. Josteko makiñak egitteko lege-baimena 5 urterako emon zetsen eta horrek mesede haundixa egin zetsan Alfari merkatuan azkar sartu eta produkziñua ugaritzeko, Espaiñian sektoreko aitzindarixa izatera aillegauta. Orduan saoian Alfari esker 1.000 famelixatik gora bizi zan. Horretan Toribio Etxebarriak gerente modura egindako biharrak berebiziko garrantzixa euki eban. 1936rako 6 millioi pezetako kapitala zekan Alfak, baiña hurrengo urterako gerriaren eragiñez enpresia galzorixan egon zan. 1938ko abenduan estadua Alfaren jabe egin zan, baiña handik urte bira enpresiak beria zana berreskuratzia lortu eban. 1953an aillegau ziran barrikuntzak: mikrofusiñua, fundiziñua, transfert makiñak eta lokal barrixak. 1975ian instalaziño barrixak martxan ipiñi eta 1977rako sekula baiño bihargin gehixago zekazen, 2.424. Hortik aurrera gainbeheria etorriko da sosiguz-sosiguz eta 1992xan 1.000 millioi pezetako galerak euki zittuan, baiña Enrique Trebiñoren taldiak enpresia hartu eta aurrera egitteko modua euki eban. 1995ian, 517 bihargiñeko enpresia aurrera etaratzeko plan barrixa presentau eban zuzendaritzak.
Gaur egungo sasoira gerturauta, 2004an San Andres pasialekua hustu eta Torrekuan eraikittako lantokira trasladauko dabe Alfa. Alfa taldia gaur egunian osatzen daben enpresak Alfa Precisión Casting (APC), Util Alfa, Alfa Arte, Alfa Hogar, Alfa Idei (horiek guztiak Eibarren), Mecánicas Mallabi (Mallabian), Industrias GOL (Soraluze eta Berrizen) eta Rumagol (Errumania) dira eta bertan 650 bat bihargiñek dihardue.