Aste honetan hasiko dira Egiguren eta Sostoatarren arteko eskailera mekanikoak berritzeko obrak

Jarduketak 25 aste inguruko iraupena izango du eta 270.000 eurotik gorako inbertsioa suposatuko du.
Aste honetan hasiko dira Egiguren eta Sostoatarren arteko eskailera mekanikoak berritzeko obrak
2025/11/06 10:14
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak jakinarazi duenez, aste honetan bertan hasiko dira Egiguren eta Sostoatarren kaleak lotzen dituzten eskailera mekanikoak aldatzeko lanak. Obra TK Elevadores España enpresari esleitu zaio, eta 25 aste inguruko iraupena izango du. Proiektuak 270.000 eurotik gorako inbertsioa izango du.

Udaletik adierazi dutenez, beharrezko berritze-lana da honakoa, gaur egungo eskailerak beren bizitza erabilgarriaren amaierara iritsi direlako eta arazo ugari sortzen ari direlako. Obraren bidez sistema osoa ordezkatuko da eta modelo modernoagoak, isilagoak eta energetikoki eraginkorragoak jarriko dira.

Halaber, berrikuntza hau EAJ eta PSEk sinatutako gobernu akordioan jasota dagoela gogorarazi dute.