Arrakastatsua izan zen haurren zazpigarren mendi irteera ere
Aurreko domekan Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordekoek antolatutako haurren mendi irteeren ikasturteko zazpigarrena osatu zuten, Mandubian hasi eta Zumarragako Antigua baselizan amaitzeko. Tartean 729 metroko Beotegi eta 659 metroko Beloki gainak egin zituzten guztira 68 haurren partaidetza eta hainbat gurasoren laguntza izan zuen txangoan, 9 kilometroren inguruko ibilaldian. Hurrengo irteera, ikasturteko zortzigarrena eta domina lortzeko azken aukera, maiatzaren 11n izango da: ordun Larraitzetik Zaldibiararino joango dira, Ausa Gaztelutik pasata. Honela kontatzen digute egindako domekako irteera:
“Mandubia mendateko bentatik abiatu ginen, aldapa gogor baina labur bat gainditu ostean, Kizkitzako tontorra zapaltzeko. Bertan atsedenaldi txiki bat egin genuen, besteak beste, mendien artean ezkutatzen den ermita eta itsasargi bitxia bertatik bertara ezagutzeko. Ibilaldiarekin jarraitu genuen, gora eta behera etengabean, lehenengo eta behin Beotegi gainetik igaroz eta, aurrerago, Belokiko tontorra zapalduz. Tarteka lokatza, baina neurrian. Eguerdiko eguzki izpien goxotasunean, beheranzko bidea hartu genuen, aurrez aurre Zumarragako bistez gozatuz. Autobusera iritsi aurretik, Antiguako ermita ikusgarria bistatzeko geldialditxoa egin genuen, euskal baselizen katedrala dena diotena”.