Eibar Triatloi taldeko kideak Alpeetan izan dira abuztuan

Peio Zabalak 24. postu bikaina lortu zuen 1.100 parte-hartzaile baino gehiagoren artean; Alex Higuerak, berriz, ezin izan zuen L distantziako proba amaitu
Eibar Triatloi taldeko kideak Alpeetan izan dira abuztuan
2026/08/28 12:18
Ekhi Belar Errasti

Oporraldiak ohiko probetatik harago joateko aukera ekarri die triatloilari eibartarrei. Horrela, Frantziako Alpeetan izan dute hitzordu berezia eta Alpe d´Huez mendate ezagunari egin behar izan diote aurre.

Abuztuaren 6an, duatloiko proba jokatu zen, 6,5 kilometro korrika, 15 kilometro bizikletan eta beste 5,5 kilometro korrika eginez. Txirrindularitzako zatian Alpe d’Huez mendatera igo behar izan zuten parte-hartzaileek. Peio Zabalak nazionalitate ezberdinetako 1.100 parte-hartzaile baino gehiagorekin batera hartu zuen irteera eta 1:46:36ko denborarekin 24. postua lortu zuen sailkapen absolutuan, emaitza bikaina eskuratuz.

Bi egun geroago, abuztuaren 8an, L distantziako triatloiaren txanda izan zen. Proba 2,2 kilometro igerian, 118 kilometro bizikletan eta 19,2 kilometro korrika eginez osatu behar zuten. Alex Higuerak 1.900 triatleta ingururekin batera ekin zion probari. Igeriketako zatia 40:04ko denboran osatu zuen, eta bizikletan 5:33:43 behar izan zituen, tartean Alpe d’Huezko igoera gogorra eginez. Hala ere, eibartarrak ezin izan zuen proba amaitu, korrikako zatian hainbat eragozpen izan baitzituen.