ARRATE GUTIERREZ: “Kirola nire bizitzaren parte da, izan da eta espero dut hemendik aurrera ere izatea”

2025eko Eibarko Kirol Sarietan 'Publikoaren Saria' eraman du ia bizitza osoa kirola egiten diharduen Arrate Gutierrezek
2026/01/09 10:10
Ekhi Belar Errasti

Herritarrei ahotsa eman nahi izan diegu Eibarko Kirol Sarietan, eta gure webgunearen eta sare sozialen bitartez eurentzat aurtengo kirolari nabarmena zein izan den esateko aukera izan dute. Kirolari hori Arrate Gutierrez dela erabaki du herriak (lehia bizia egon da pare bat kirolariren artean) eta berak jaso zuen Publikoaren Saria abenduaren 31ko galan.

Arrate Gutierrezen bizitza ezin da ulertu kirol barik. Oso gazte hasi zen kirolean, korrika egitea ere arraroa zenean (are gehiago emakumeen artean), eta gaur egun ez du egunik pasatzen kirola egin barik. Etxean ere kirol giroa da nagusi eta bere bigarren etxean, Eibarko Klub Deportiboan, orduak eta orduak pasatu eta pasatzen ditu. Bejondeizula Arrate!

 

Herriak berba egin du eta zuri eman dizu Publikoaren Saria. Zer sentitzen duzu horren aurrean?

Publikoak bozkatzen duenean jokoan sartzen dira nork duen lagun gehien, nori ematen zaion bultzada gehiago... eta kasu honetan, txikiteoan hasitako tontakeria batengatik, lagunen arteko istorioa dela garbi daukat. Lehen aldia izanik, agian jende asko ez da enteratu ere egin bozketa hori zegoenik.

Zuretzat kirola zer da? Nolako tokia betetzen du zure bizitzan?

Kirola nire bizitzaren parte da, izan da eta espero dut hemendik aurrera ere izatea. Denbora-pasa da eta ondo sentitzen naizen modua, konpetizioa eta abar baztertuta.

Etxean kirol giroa da nagusi (Iñaki Osoro senarra Eibarko Klub Deportiboko presidentea da, eta Pello eta Txomin semeak maila altuan lehiatzen dira hainbat probatan). Batak besteari eragiten edo bultzatzen diozue kirola egiteko?

Beti ibili izan gara kirolean eta hori da semeek jaso duten eredua. Gainera, ez kirol bakarrean aritzea bakarrik, baizik eta denetik egitea. Hori erakutsi diegu eta hori egin dute modu oso ezberdinetara. Eurena konpetizioa da, mundu horretan daude sartuta. Ni, aldiz, horren aurkakoa izan naiz beti, baina jarraitzen dut. Strava (kirol-jarduerak erregistratzen dituen aplikazioa) egiteko esaten didate, baina nik ez dut nahi. Inork ez du zertan jakin zertan nabilen. Kontu pribatua egin daiteke, baina berdin zait, ez dut nire buruarekin ere lehiatu nahi. Nire helburua kirola egitea da, eta kitto.

Noiz heldu zen kirola zure bizitzara?

Txikia nintzenean ez zen arrunta kirola egitea, are gutxiago emakumeentzat. Beti gustatu izan zait mugitzea eta, ahal den neurrian, egin dut. Bat-batean, 80ko hamarkada inguruan, sasoi horretan footing-a esaten zitzaiona egiten hasi nintzen (gaur egun running esaten zaio). Etxean anai batek egiten zuen eta Roberto Agirregomezkorta kale berekoa zenez, Toribio Etxebarriakoa, eurekin korrika egiteko aukera izaten nuen. Gero, lagun-taldea sortu genuen, bikotearekin hasi ginen eta mendira jo genuen. Mendi-ibilaldiekin hasi ginen, eskalada egiten, eskian... Eski modalitate guztietan aritu izan naiz: fondoan, pistan, trabesian... Chamonix-Zermatt eski-trabesia egin genuen 70. hamarkada inguruan. Denetik probatu nuen, gustatu zitzaidan, kirol batetik bestera pasatu nintzen eta aurrera.

Polita da kirol bat egitera bakarrik ez mugatzea.

Gaur egun ere, kirol bat baino gehiago egiten dut. Deportiboaren 100. urteurrena zela eta, mendi bat ehun aldiz igotzeko erronka bota zuten eta egin nuen, baina 101. urteurrena iritsi da eta berriz ere egin dut. Eta uste dut oraingoan ere martxa berean jarraituko dudala. Mendira sarri joaten naiz, baina ez erronka berezirik dagoelako. Bestalde eguraldi hobea egiten duenean, bizikleta hartzen dut. Udan korrika, bizikleta, mendia... Parean jausten dena egiten dut.

Lehia gustatzen ez zaizula esan duzu, baina zure buruari erronkak jartzen dizkiozu?

Erronkak egitea baino, kontua beste bat da. Deporreko proposamen hori jarri zuten eta, mendian ibiltzeko ohitura dudanez, egin nuen. Chamonix-Zermatt, bestalde, klasiko bat da eski-trabesian eta egin beharreko bat, modu batean esatearren. Lagun-taldea elkartu ginen eta egitea erabaki genuen Aste Santuko oporrak aprobetxatuta. Horrelako gauzak, baina, beste ekintza batzuekin lotzen ditugu. Adibidez, uste dut inoiz ez garela oporretan joan kirola egitea kontuan eduki gabe. Orain dela urte asko, Ibilbide Transahariarra egitea bururatu zitzaigun. Gabonetan joan ginen eta autoan egin genuen, baina Aljerian eskalatzeko tokiak daude eta eskalatzeko aprobetxatu egin genuen.

Klub Deportiboarekin lotura estua duzu. Zer da kluba zuretzat?

Betiko kluba, beti izan naizena, beti parte hartu izan dudana, bai kirola eginez bai Kezkan eta gauza guztietan, eta jarraitzen dugu! Gure bigarren etxea da, nolabait esateko.

Deportiboak 102 urte beteko ditu aurten eta, adin horretara heltzeko, lan handia egin beharra dago. Barrutik bizi duzunez, kontaiguzu nolako lana egiten den bertan.

Klub Deportiboaren barruan ez dakit zenbat batzorde dauden, asko, eta lan asko egiten da. Jende askok eta askok, isilean, ekintza asko egiten ditu. Kalean ere ikusten da hori. Adibidez, abenduaren 31n, ...eta kitto!-k ematen dituen Eibarko Kirol Sarien ondoren, San Silbestre egin zen Klub Deportiboak antolatuta eta partaidetza handia izan zuen. Beraz, jendeak erantzuten du Deporrek egiten dituen ekintzetan.

Urte asko dira, gizartean aldaketak daude... Partaidetzari dagokionez batzordeetan gora-beherak egongo dira, ezta?

Bai, eta partaidetza ezberdina da batzorde batetik bestera. Denek dute bere martxa, baina bakoitzak bere mailan. Adibidez, Kezka dantza taldea da jende gehien batzen duen batzordea eta mendi batzordeak ere jende asko mugitzen du. Beste batzorde batzuetan, jende gutxiago ibili arren, martxa ona dago eta badago mugimendua. Orokorrean, komisio guztiek dute mugimendua.

Ia 102 urterekin ere osasuntsu da Klub Deportiboa?

Bai, hala dirudi, ezta?

Bai. Zu ere sasoi betean zaude. Kirola egiten denbora luzez jarraitzeko asmoz?

Momentuz, ahal dudan neurrian, kirola egiten jarraitzeko asmoa dut. Erronkak aipatu ditugu lehen, eta nire erronka pertsonala da egunero zerbait egitea. Zerbait hori izan daiteke korrika, mendia, bizikleta... Eguna kirol-jarduera bat eginda amaitzea, bestela zerbait falta zait.

Gaurko helburua bete duzu?

Momentuz ez. Elkarrizketa eta erosketa batzuk direla eta, gerorako laga dut. Arratsaldea ez da oso luzea, baina badago denbora oraindik.