Arrate Ibargutxiri aitortza egiteko ordua heldu da

Arrate Ibargutxiri aitortza egiteko ordua heldu da
2020/01/17 10:10
eta kitto!
Badira norberaren barrenean betirako gordeta geratzen diren abestiak. Urte askoan entzun gabe egon arren, lehen doinuak edo berbak aditu eta berehala burura etortzen direnak. Ez dira gustokoak edo bereziki ederrak izan behar. Zureak dira, beste barik. Herriarenak dira. Herriarenak dira, baina norbaitek sortu ditu eta, egiletza ezaguna bada, bidezkoa da sortzaileari aitortza egitea. Zentzu horretan, Eibarrek aitortza zor zion Arrate Ibargutxiri eta heldu da herriko memoria kolektiboan iltzatuta dauden abesti biri bere sinadura jartzeko sasoia.

 

San Andres eta San Blas egunak bereziak dira Eibarren, eibartar orok daki hori, eta bereziak izanik, jai giroan ospatzen dira. Jai batean, noski, ezin da musika falta, eta egun berezi bakoitzak bere abestia izan ohi du (bat baino gehiago hainbat kasutan). Jaietako abestiak txikitatik ikasi ohi ditugu, doinu eta letrak gure buruan betirako grabatzeko sasoirik onenean. Gure kasuan, Eibarren, etxean ez bada eskolan ikasten ditugu herriko abesti tradizionalak. Kantu batzuk ehun urte baino gehiago izango dituzte (‘Arragueta kalian’, ‘Hiru gizon ilustre’...) eta beste batzuk berriagoak dira, baina guztiek jarraituko dute gure ahotan belaunaldiz belaunaldi.

Belaunaldi berrienek, berrogei urte baino gutxiago duten eibartarrek, San Andres eta San Blas jaietarako Arrate Ibargutxik sortutako abesti bi ikasi zituzten eskolan (“San Juan jaiei abestia egitea falta izan zait!”, esan digu Ibargutxik umoretsu). Herriko milaka ume hazi dira abesti hauek abesten, kantu herrikoiak direla pentsatuz, Arrate Ibargutxiren izena inoiz ez delako agertu abestien alboan. “Sasoi hartan eskolako zuzendaria zenak pentsatu zuen ez zegoela abestien sortzailearen izena jarri beharrik eta horrela geratu da gauza orain arte, kantuak sinatu barik”, esan digu Ibargutxik, abestien letrak jasotzen dituzten paperak eskuan dituela. “Zuzendariak abestia ikastolarena zela esan eta, beste barik, nire izena kendu zion”. Berak zuzendariaren erabakia onartu zuen, asko pentsatu gabe, inoiz ez zuelako paparrean dominarik jarri izan nahi. Orain, ordea, herriari dagokio justizia egitea.

 

Sanblasetako abestia

Abesti bakoitzaren sorkuntzak istorio bat du atzean. Irakaslea ofizioz eta bokazioz, irakaskuntza lana baino zerbait gehiago izan zen Ibargutxirentzat. Ikastolak martxan jarri ziren sasoian hasi zen irakasle, titulaziorik gabe, eta lan egiten zuen bitartean egin zituen irakasle ikasketak. Beste denbora batzuk ziren, militantzia sasoiak.

Ibargutxik txikienekin egin du beharra urte askotan, Haur Hezkuntzan, eta gaztetxoenek behar zuten maitasuna eta beroa eskaintzen saiatu da beti. San Blasaren abestia, adibidez, umeek San Blas opilak plastilinarekin egiten zuten momentuan asmatu zuen. “Plastilinazko San Blasak egiten ari ziren, beste graziarik gabe, baina gustora. Orduan, umeei zerbait gehiago eskaini asmoz, egiten ari zirenari balio erantsia edo esanahi bat emateko, kantu bat sortzeko aukera azaldu nion beste andereño bati. Berari ideia ona iruditu zitzaion eta gela baten sartu nintzen abestiaren letra egiteko”. Minutu batzuetako kontua izan zen. “Umeak jolastordutik etorri zirenerako abestia amaituta nuen”. Orain ahotsa pixka bat kaskartuta duela esan digun arren, berak sortutako abestia abestu digu:

 

EIBARREN OSPATZEN DA

SAN BLASAN EGUNA

GOXO-GOXOA DA TA

ON EGIN DAIGULA.

 

KANPOTIK ZURIXA DA

TA BARRUTIK HORIXA

SANBLAS OPILAK DAUKA

BARRUAN ANISA.

 

EIBARTARREN  OHITURA

EZ DAKIT NOIZKUA

UME, ZAHAR ETA GAZTEK

OSPATU DAIGULA.

 

San Blasaren abestiarekin opilen inguruko informazio gehiago eman zien Ibargutxik umeei. “Kanpotik horia eta barrutik zuria dela azaltzen da, eta barruan anisa duela. Opilak plastilinarekin egiten ari zirenez, benetako opilak nolakoak diren azaltzen du abestiak”, argitzen digu Ibargutxik. Umeek etxera eraman zituzten plastilinazko San Blasak, baina baita eskolan ikasitako abesti berria ere.

Ibargutxik ez du ondo gogoratzen noiz izan zen hori, “orain dela hogei urte baino gehiago bai, ziur”. Bera Jazinto Olaben zegoen irakasle eta han sortutako abestia herriko eskola guztietara zabaldu da ordutik, belaunaldiz belaunaldi.

 

Sanandresetako abestia

San Andres Egunean herrian egiten den azokaren antzera, eskoletan Sanandresetako azoka txikiak antolatu izan dituzte aspalditik. “Batek aza eramaten zuen, beste batek mispilak... ume bakoitzak azokarako produktu bat eraman ohi zuen”, gogoratzen du Ibargutxik.

San Blasaren abestiarekin egin bezala, umeek Sanandresak gehiago ezagutzeko sortu zuen abestia, baina ez hori bakarrik. “Eskolan egiten genuen azoka girotzeko sortu nuen, abestu eta dantza egiteko”. Eta berriz ere, ahotsa garbitu eta kantua abesten digu:

 







SAN ANDRES EGUNA DA

EIBARKO PATROIA

DANOK IGARO DAIGUN

EGUN OSO ALAIA.

BIZPERATIK HASITA

JAN ETA EDANIAN

UMORE ONA IZAN

HURRENGO EGUNIAN
AZOKA ANTOLATZEN DA

UNTZAGAKO PLAZAN

PIPAR TXORIZERUAK

EZ DA EZER FALTA

EZTIA TA GAZTAIA

BABA TA SAGARRAK

GERO IZANGO DEGU

KAFE ETA PATTARRA.

 

Abesti hau sortu zenetik bete egin da Ibargutxiren asmoa, eta milaka dira doinu eta letra hauen inguruan kantatu eta dantzatu duten eibartarrak.

 

Egiletza ezezaguna

Abesti hauen egiletzaren aitortzak ez dio loa kendu Ibargutxiri, baina hainbat istorio bitxi gertatu zaizkio horren inguruan. “Andra batek esan zidan bera eibartarra zela eta sekula ez zuela nik sortutako Sanandresetako abestia entzun, eta ni isilik geratu nintzen, nik sortu nuela esan gabe”, gogoratzen du Ibargutxik. Beste behin, ordea, ez zen isilik geratu. “Ileapaindegian negoenean mutikotxo bat kantuan hasi zen eta nik: ‘Ene, abesti hori nik sortu nuen’, esan nion. Barrenetik atera zitzaidan. Mutikotxoaren amak esan zidan berak bazekiela abestia nik sortu nuela”. Izan ere, abestiak eskolatik etxera heldu dira belaunaldiz belaunaldi. “Nik badakit umeek abestiak etxera eraman dituztela eta etxean gurasoekin dantza egiten dutela”.

Beste adibide bat: “Behin anaia Josurekin etxerantz nindoan, gauerdi inguruan, eta gazte koadrila bat abesten entzun genuen. Nire abestia zen eta barruak buelta eman zidan. Isil-isilik geratu nintzen, ezer esan gabe. Izugarria iruditu zitzaidan jendeak nik sortutako abestia ikasi izana. Emozioa eman zidan”.

 

Literaturarekiko zaletasuna

Ibargutxiren sorkuntzarako joera, ordea, ez zen bat-batekoa izan. “Beti gustatu izan zait idaztea eta irakurtzea”. Gazteagoa zenean hainbat ipuin idatzi zituen eta maitasun handiz gordetzen ditu argitaratutakoak. ‘Sentipen urratsak’, ‘Kapela’ eta ‘Herri txikietako gauzak’ dira, besteak beste, Ibargutxik idatzi dituen ipuinen izenburu batzuk, eta beste autore handirekin batera publikatu zituen bere idatziak. “Luis Haranburu Altuna eta Josemari Velez de Mendizabalen idatziekin batera argitaratu zituzten nire sorkuntza. Harrituta geratu nintzen nire izena hain maila handiko idazleekin batera ikustean”. Gainera, bere alboan agertzen diren izen gehienak gizonezkoenak dira, beraz, Ibargutxi emakume aitzindaria izan zen.

Arrasate edo Iruneko lehiaketetan hartu zuen parte 70. eta 80. hamarkadetan, eta arrakasta handiarekin gainera. “Helduentzako ipuinak dira. Politak nire ustez. Gauza onak igorri nahi nituen testuetan, besteentzat lagungarriak izan zitezkeenak, mezu positiboekin”, Ibargutxik dioenez. Baina ez da bere testuak politak direla pentsatzen duen pertsona bakarra, inguruan zaleak dituelako. “Lagun batek errieta egiten dit, aspaldi idatzi ez dudalako”. Apaltasunez, Ibargutxik ez zuen lau haizeetara zabaldu literaturekiko zuen zaletasuna eta abilezia. “Donostiako lagun min bati bakarrik eman nion liburu bat, bestela ez nion inori gehiago esan. Amari bai, saritu nindutenean zoroaren pare joan nintzen berarengana eta poz-pozik jarri zen”.

Ipuinak idatzi edo abestiak egin, imajinazioa lantzeko eta mundu berriak sortzeko gaitasuna izan du beti Ibargutxik. Lore eta Asier seme-alabak elkarrizketa honen lekuko izan ziren eta haurrak zirenean amak ipuinak asmatzeko ohitura zuela aipatu digute. Sorkuntza batzuek euren etxeko berotasunean aurkitu dute bizitokia, baina beste batzuk eibartar guztion etxeetara heldu dira. Eskerrak Arrateri.

Arrate Ibargutxi104-2