Arratebide itxita egongo da urriaren 14tik aurrera, sareak berritzeko lanak direla eta

Hornidura- eta saneamendu-sareak berritzeko lanak 2027ko martxoan amaitzea aurreikusten da
Arratebide itxita egongo da urriaren 14tik aurrera, sareak berritzeko lanak direla eta
2026/10/08 13:16
Ekhi Belar Errasti

Arratebide kaleko hornidura- eta saneamendu-sareak berritzeko lanak urriaren 14an hasiko dira, eta 2027ko martxoan amaitzea aurreikusten du Eibarko Udalak. Gipuzkoako Urak enpresak egingo ditu lanak eta, obra amaitu arte, Arratebide itxita egongo da trafikoarentzat.

Jarduketa lau zatitan egingo da, lanak pixkanaka aurrera eramateko. Lehen zatia Abontzabideko bidegurutzetik Arratebideko 2 eta 4 zenbakietako garajeetaraino joango da, eta urriaren 14an hasiko da. Zati hori azaroaren hasieran amaitzea aurreikusten da. Ondoren, bigarren zatian, Arratebideko 2 eta 4ko garajeetatik Mekola 1 eta 2ko garajeetara eta Mekolarekiko bidegurutzera egingo dute lan, azaroaren amaierara arte.

Hirugarren zatia Mekolarekiko bidegurutzetik Legarregainekiko bidegurutzera joango da. Azaroaren amaieran hasi eta abenduaren erdialdean amaitzea aurreikusten da. Azkenik, laugarren zatiak Legarregain eta Arratebide 23 arteko bidegurutzea hartuko du, abenduaren erdialdetik 2027ko martxora bitartean.

Egutegi horiek aurreikuspenak dira eta aldatu egin daitezke obren bilakaeraren arabera. Lanek irauten duten bitartean, egoiliarrek beren etxebizitza eta garajeetara sartzeko aukera izango dute, nahiz eta zirkulazio-noranzkoetan behin-behineko aldaketak egingo diren.

Abontzabide zabalik egongo da uneoro. Arratebideko 2 eta 4 garajeetako eta Mekola 1, 2 eta 3ko ibilgailuek gaur egungoaren kontrako noranzkoa erabiliz atera ahal izango dute. Mekola kaleko irteeran ere noranzkoa aldatuko da aldi baterako, eta Legarregainetik sartzen diren ibilgailuen zirkulazioa obraren fase bakoitzera egokituko da.

Obra-eremuan ezingo da aparkatu lanek irauten duten bitartean. Murrizketa espazio bakoitzean lanak egiten diren bitartean mantenduko da. Udalaren arabera, lanak zatika egiteak egoiliarren sarbideak bermatzea eta zirkulazioa obren aurrerapenera egokitzea ahalbidetuko du.