Horma-irudi bat egingo dute Arragueta kalean obrak amaitzean

Arragueta kaleko espaloi baten ondoko horman margotuko dute, 6.550 euro inguruko aurrekontuarekin. Udalak jakinarazi duenez, datorren astean hasiko dira lanak, eta astebete eta bi aste artean iraungo dute.
Horma-irudi bat egingo dute Arragueta kalean obrak amaitzean
2026/11/18 13:49
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Horma-irudi artistiko bat margotuko dute Arragueta kalean, berrurbanizazio-lanak amaitu ostean. Eibarko Udalak jakinarazi duenez, kaleko espaloi baten ondoko horman egingo dute, eta 6.550 euro inguruko aurrekontua izango du. Esku-hartzea datorren astean hastea aurreikusi dute, eta lanek astebete eta bi aste artean iraungo dute.

Arragueta kalea azaroaren hasieran ireki zuten berriro trafikorako, hainbat hilabetez itxita egon ondoren. Berrurbanizazio-lanek 1,25 milioi euro inguruko inbertsioa izan dute. Udalaren arabera, lanen bidez espaloiak zabaldu, zoladurak berritu eta argiztapena eta irisgarritasuna hobetu dituzte.

Une honetan, azken lanak amaitzen ari dira. Besteak beste, Arragueta eta Bidebarrieta kaleen arteko lotura eta Urkizuko zati bat zero kotara egokitzeko lanak egiten ari dira. Horren bidez, oinezkoentzako zailtasunak edo arriskuak sor zitzaketen desnibelak kendu nahi dituzte, irisgarritasuna eta zirkulazioaren segurtasuna hobetzeko.

Horma-irudiaren bidez, berritze-lanen barruan kaleko horma bati balio estetikoa eman nahi dio Udalak, eta, horrela, Arraguetako berrurbanizazioa osatu eta espazio publikoaren itxura hobetu.