Arrateko Amaren jaiak jendetza erakarri du aurten

Atzo (irailak 8) ospatu genuen Arrateko Amaren eguna, eibartarron jai-egutegiko hitzordu nagusietako eta maiteenetako bat. Eguraldiak lagunduta, jende ugari hurbildu zen Arratera egun osoan zehar, erromeria eta ospakizun erlijiosoekin bat egiteko.
2026/09/09 10:52
Silbia Hernandez Arrazola

Eguna goizeko ekitaldiekin hasi zen, eta une nagusietako bat 11:00etan Arrateko santutegian ospatutako Meza Nagusia izan zen. Aurten, gainera, zuzenean jarraitu ahal izan zen YouTube bidez, San Andres parrokiak estreinatu berri duen kanalaren bitartez.

Mezaren ondoren, giroak ez zuen behera egin, eta Arrateko zelai eta inguruetan jai-giroa nagusitu zen. Familiek eta lagun-taldeek eguna bertan igarotzeko aprobetxatu zuten, bazkari, musika eta ohiko ospakizunekin.

Urtero bezala, Arrate eguneko hitzordu berezienetako bat Kezka Dantza Taldearen emanaldia izan zen. Eibarko taldeak euskal dantzaren tradizioa Arrateko jai-giroarekin uztartu zuen, eta ikusle ugari bildu zituen bere saioaren inguruan. Aurten, gainera, Argentinako Tandil hiriko Betirako euskal dantzari taldeko kideak lagun izan zituzten Eibarko dantzariek. Beste behin, musikak eta dantzarien koreografiek jaiari kolore berezia eman zioten.

...eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik ipinitako Kittonbolia ere benetan arrakastatsua izan da aurten. Goizean zabaldu zenetik jendetza ibili zen jokoan eta, bazkaltzeko ordua ailegatu orduko, boleto guztiak saldu ziren.

Arrateko Amaren egunak, beste behin ere, Eibarko herritarren eta ingurutik etorritakoen elkargune izaten jarraitu du, tradizioa eta jai-giroa uztartuz.