Eguraldia lagun, giro ederrean hasi ditugu aurten Arrateko jaiak

Atzo Arrate egunaren bezpera ospatu eta gero, gaur egun osoan jarraituko du jaiak.
2026/09/08 10:08
Silbia Hernandez Arrazola

Arrate egunaren bezperan (atzo, irailak 7) Jaixak Herrixak Herrixandako jai batzordek antolatutako egitaraua herri-bazkariarekin hasi zen. Arratsaldean, berriz, txosnak zabaldu eta jarraian, Elektrotxufla elektrotxarangak girotu zituen zelaia eta inguruak. Ia batera, Arrateko santutegian Salbea ospatu zen. Ondoren, herri-kirolen erakustaldi bikaina eskaini zuten aizkolari eta harrijasotzaileek. Eta Tiro Pitxoi jatetxean, berriz, saio biribila egin zuten Andoni Egaña, Maddi Ane Txoperena, Saioa Alkaiza eta Aitor Mendiluze bertsolariek, …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako bertso afarian. Eta gauean musika izan zen protagonista, Soba kolektiboaren eskutik egin zen “Zelaian” saioarekin, eta Maruxak eta Bad Sound DJ Set taldeen kontzertuekin.