Arrateko Amaren omenez ospatuko diren jaietarako antolatu duen egitaraua aurkeztu du Udalak

Soba elkartearekin elkarlanean, musika elektronikoa eta teknoa nahastuko dituen 'Zelaian' izeneko jaialdia egingo da Arrate bezperan, 16:00etatik aurrera.
Arrateko Amaren omenez ospatuko diren jaietarako antolatu duen egitaraua aurkeztu du Udalak
2024/09/03 19:15
eta kitto!

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan aurkeztu du Udalak Arrateko jaietarako antolatu duen egitaraua. Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Jaietako zinegotziak eta Andoni Zabala Kultura eta Gazteria zinegotziak eman dute egitarauaren berri eta, azaldu dutenez, ospakizunak zapatuan, irailaren 7an hasiko dira, Arrate egunaren bezperan egingo den Zelaian ikuskizunarekin. Hain zuzen ere, musika elektronikoa eta teknoa nahastuko dituen ekitaldi hori izango da berritasun nagusia aurten. Soba elkarteak eta Udalak antolatu dute Arrateko gurutzean ospatuko den musika jaialdia, eta bertan dozena bat inguru DJ arituko dira musika ipintzen, 16:00etan hasi eta goizeko 06:00ak bitartean.

Horrekin batera, Arrate bezperan ohikoak izaten diren beste ekitaldiak ere egingo dira: 18:00etan meza egingo da Arrateko Santutegian, eta gero Salbea, txupinazoa eta kanpai-errepika. Herri-kirolak, berriz, 19:00etan hasiko dira, eta ondoren, 21:00etan hasiko da ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako bertso-afaria, Tiro Pitxon jatetxean. Bertan Maialen Lujanbiok, Nerea Ibarzabalek, Andoni Egañak eta Iker Zubeldiak hartuko dute parte. Gaueko programazioarekin amaitzeko, kontzertuak egongo dira zelaian, Tapia eta Leturia Band, Inguma, Roba Estesa eta DJ M&M taldeen eskutik.

Arrate eguneko egitaraua goizetik hasiko da: 10:00etan Azitaindik abiatuko dira, Arratera Ama Birjinaren pausoen bidetik igotzeko. Betikuak-en esktutik salda, txorizoa eta ardoa banatuko dira Zesteroko iturrian. Ordu berean zabalduko dute Kittonbolia, eliza parean, eta 10:30ean Usartza Txistulari Bandak kalejira egingo du.

Meza Nagusia 11:00etan ospatuko da, Arrateko Santutegian. Urtero bezala, Arrateko Ama Birjinaren ezpata-dantza egingo da eliza barruan, eta ondoren hasiko da prozesioa, dantza talde, bertsolari eta herriko agintariez lagundurik. 12:30ean, Kezka Dantza Taldeak eta Usartza Txistulari Bandak Arrateko Ama Birjinaren dantzak egingo dituzte Arrateko zelaian. Eta 13:30ean Jainaga eta Narbaiza trikitilarien eta Telleria eta German Meabebasterretxea bertsolarien txanda izango da.

Eguerdiko atsedenaldia eta gero, bertsolariek beste saio bat egingo dute, 17:00etan, eta jarraian, 17:30ean, dantza solte txapelketa hasiko da. Bertan 10 bikotek hartuko dute parte. Eta egunari amaiera biribila emateko, Emepebost talde eibartarrak berbena eskainiko du. Horrekin batera, alkoholaren inguruko prebentzio kanpaina egingo da.

 

Jaixak Herrixak Herrixandakok ere egitarau zabala prestatu du astebururako

Aurten zapatuan ospatuko da Arrateko jaietako bezpera eta, eguna aprobetxatuta, Jaixak Herrixak Herrixandakok egitarau zabala prestatu du, goizetik gauera. Aurreko astean argitaratu genuen egitarua osoa biltzen duen albistea, eta HEMEN IRAKUR DEZAKEZUE.

 

Kofradia eta Baserritar Erretiratuen Eguna

Behin asteburua igarota, Arrateko jaiak irailaren 15ean, Kofradia eta Baserritar Erretiratuen Egunean amaituko dira. Egun horretan Simon Aldazabal XXIX. Lasterketa jokatuko da, Eibarko Klub Deportibotik hasita, 10:30ean. 11:00etan Meza Nagusia egingo da, bertsolariekin, eta jarraian prozesioa hasiko da, Usartza Txistulari Bandak lagundurik.

Eguerdian, 12:00etan, paella-lehiaketa hasiko da. Gogorarazi dutenez, bertan parte hartzeko izen-emateak irailaren 11ra arte egin daitezke, Udalaren webgunean dagoen inprimakia beteta. Sariak 14:00etan banatuko dira eta, arratsaldean, berriz, idi probak egingo dira, 17:30ean.