Arrateko jaiak giro paregabean ospatu ditugu

Arrateko jaiak giro paregabean ospatu ditugu
2012/09/10 00:00
eta kitto!

Barixakuan hasi eta domekara bitartean eta eguraldia lagun, giro paregabean ospatu dira Arrateko Amaren jaiak. Barixakuan herri kirolak, Kantabriako bertso afaria, zelaian egindako herri afaria eta jarraian eskainitako kontzertuak izan ziren protagonista. Zapatuan, berriz, goizetik zabaldu zuen Kittonbolia …eta kitto! Euskara Elkarteak eta eguerdira bitartean meza nagusiak, prozesioak eta Kezka dantza taldeak eskainitako ezpata-dantzek erakarri zuten jende gehien; bien bitartean zelaian presoen aldeko talde argazkia atera zen. Eta arratsaldean dantza solte txapelketa eta Kupela taldearen emanaldia hartu zituen zelaiak. Gauean oraindik ere asko animatu ziren Arraten geratzen, besteak beste MP5 taldeak emandako kontzertuak erakarrita. Eta aurten Kofradia eta Baserritar jubilatuei eskainitako eguna biharamonean, hau da, domekan bertan ospatu zen, aurreko egunak baino piskat lasaiago: goizean berriz ere meza eta prozesioa egin ziren, eguerdian paella lehiaketa eta, baserritarren urteroko bazkariaren ondoren, arratsaldeko idi-probekin agurtu genituen aurtengo jaiak.